Hona hemen Durangoko Azokaren atarian argitaratu diren disko eta liburuen hautaketa bat:
Diskoak
Skabidean
‘Hau errepikaezina izan da’ Egilea editore
Estudioko bosgarren lanaren izenak galderak sortu ditu taldearen etorkizunari buruz, baina taldekideek erantzun dute beraiek ere ez dakitela zein izango den etorkizuna. Ziur diote, hori bai, orain artekoa guztiz dela «errepikaezina», bizi izandakoa «mundiala» dela, «egiaz beteak» direla disko berrian bildutako hamazazpi kantak, eta «nostalgiatik» idatzi dituztela. Orain arteko estiloari eutsita, ska eta reggae doinuak dira nagusi disko honetan ere. Lanak edizioa eta konposizio prozesua ditu bestelakoak: autogestioa oinarri hartuta egin dituzte albumari dagozkion lan guztiak, eta musika ondu baino lehen idatzi dituzte hitzak.
Marte Lasarte
‘Ez da besterik’ Balaunka
Skakeitan taldearen errautsetatik sortu zen Marte Lasarte, iaz: Borja Anton eta Pello Armendariz berriro elkartu, eta beste talde bat abiatu zuten. Aurten hamabi abestiko diskoa aurkeztu dute, Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonsorekin (ETS, Tierra Santa) batera. Musika estiloari dagokionez, melodia itsaskor eta soinu gordinen arteko oreka lortu nahi izan du laukoteak, aurretik izandako joera eta klixe batzuekin apurtuta.
Olatz Salvador
‘Zainak eman’ Balaunka
Disko bakoitzeko lehendabiziko abestiko lehendabiziko segundoak entzutea nahikoa da Olatz Salvador musikariaren azken azalberritzeaz ohartzeko. Esparru elektronikora jo du estudioko hirugarren lan luzea sortzeko: Zainak eman. Hamar kanta ditu diskoak, eta musikariak aitortu du «blokeoak» eta «fede krisiak» ere gainditu behar izan dituela hartara iristeko. Dena dela, ohartarazi du kantuen «bilgarria» baino ez duela moldatu, eta, funtsean, hor dagoela oraindik ere haren «esentzia». Banyoles herrian ekoitzi ditu abestiak, Gironan (Herrialde Katalanak), Pau Brugadarekin eta Vic Molinerrekin, Olivera estudioan.
Chill Mafia
‘Agur eta ohore X allá va la despedida’ Oso Polita
Bederatzi kantako diskoa kaleratzearekin batera jakinarazi zuten ibilbidearen akabera, irailean. 2021eko otsailean Gazte arruntaren koplak abestia sareratu zutenean egin ziren ezagun batik bat, eta ibilbide arrakastatsua osatu dute ordutik. Euskal Herriko eta kanpoko oholtzak leporaino bete dituzte. Behin disko berria kaleratuta, izenburuak berak ere eman zuen Iruñeko taldearen agurrari buruzko arrastoa. Lan berrian, musika estilo berriak proposatu dituzte, eta egungo erritmoak eta folklorea nahasten jakin dute, beste behin. Letra probokatzaileak eta jargoia ere mantendu dituzte.
Eneritz Furyak
‘hhh’ Egilea editore
2021eko Emadan diskoaren ondoren, aldaketa nabari da hhh diskoan: genero elektronikoa eta esperimentala landu ditu musikariak. Erritmo markatuagoak ditu, eta perkusioa ageri da noizbehinka. Eneritz Dueso Domenechek bederatzi abesti egin ditu disko berrirako, eta bere etxeko estudioan grabatu eta editatu ditu.
Albina Stardust
‘Izar’ Baga Biga
Albina Stardust artistak Izar izena jarri dio bere lehen albumari. Drag queen euskaldunak zortzi abestiz osatu du lana, eta ahalduntze mezuak, elektronika eta euskal folklorea nahastu ditu disko berrian. Abesti batzuetarako kolaborazioak egin ditu Divina Comediarekin, Yogurinha Borovarekin, Kai Nakairekin eta Harribitxirekin. Hemendik At taldearen Orain abestiaren bertsio bat ere barne hartzen du diskoak.
Amorante, Rudiger, Liher
‘Enarak’ Elkar
1960etako Enarak taldearen hiru abesti egokitu, eta horietaz osaturiko bilduma bat kaleratu dute Amorantek (Iban Urizar), Rudigerrek (Felix Buff) eta Liher taldeak. Bakoitzak bere estilora eraman du abesti bat. Kantu originalak ere txertatu dituzte diskoan.
Ingot
‘Zeugaz’ Elkar
«Rock disko bat da». Esaldi horrekin laburbildu dute lana taldekideek. Rock progresiboa, rock klasikoa eta rock psikodelikoa lantzen dituzten hamabost abesti batu ditu Ingot taldeak Zeugaz bere lehen diskoan. Itziar Ituño da abeslari eta kantu hitzen egilea, Juan Pedro Salvador Muñoz gitarrista, Joseba Serna Hernansanz bateria jotzailea, Roberto Giguero Sansebastian baxu jolea eta Roberto Awanari teklatu jotzailea. Abesti guztiak euskaraz kantatutakoak dira. Durangoko Plateruena antzokian izango dira larunbatean.
Joseba Irazoki
‘Gitarra lekeitioak - Onomatopeikoa II’ Bidehuts
Mikel Laboaren omenez egindako diskoa da. Izenburu bereko lehen atalaren jarraipena da Irazokiren disko hau: 2017an argitaratu zuen Gitarra onomatopeikoa. Musikariak azaldu du gitarrarekin bide berriak bilatzen segitu duela «ahots propioa lantzen saiatuz, instant composition formula erabiliz». Egileak berak sortu ditu abesti guztiak, Hor Cheshire hotel izan ezik, hori Sazemek konposatu baitu. Bi piezatan Raphael Roginski gitarrista poloniarra eta Rhodri Davies harpa jole galestarra izan ditu lagun.
Naxker
‘Matxenia II’ Erviti estudioa
Naxker taldea 2022an sortu zen, Atarrabian (Nafarroa).Ordutik kontzertuak ematen eta abestiak konposatzen ibili dira, eta lehenengo diskoa grabatu dute 2024an: Matxenia II. Garage, pop eta punk nahasketako sei abesti ditu diskoak. Josu Erbiti eta Eric Deza aritu dira produkzio lanetan, eta Erbitiren estudioan grabatu dute lana.
Liburuak
Ipuina
Uxue Alberdi
‘Hetero’ Susa
Zortzi istorio «askotariko eta hurbileko» bildu ditu idazleak bere hirugarren narrazio liburuan, eta Susa argitaletxearekin kaleratu du. Bizipenak ipuinera igaro ditu, eta haietako bakoitzarentzako narratiba eta lengoaia berezi bat lortzen saiatu da. Haren «barneko lorratzei» lekua eginda idatzi duela aitortu zuen liburuaren aurkezpenean: «Erresistentzia handiak izan ditut emakumearen rola jokatzera eraman nauten horien aurrean, eta horren isla proiektatzen da ipuin hauetako protagonisten minetan».
Saiakerak
Anjel Lertxundi
‘Berbelitzen hiztegia’ Alberdania
Haren liburu berriko protagonista da Berbelitz —berba, ele eta hitz-en batura—, ofizioz itzultzailea, apunteak hartzeko ohitura handikoa. Paper muturretan idatzitako ohar horiek dira liburuaren muina. Prosa laburrez osatuta dago, eta, hiztegien antzean, letra bakoitzak atal bat du. Idoia Santamaria itzultzaileak egin ditu editore lanak.
Xabier Boveda eta Joseba Sarrionandia
‘Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak’ Pamiela
Iurreta (Bizkaia) herriaren historia kontatzen du Boveda eta Sarrionandiaren liburuak, «iurretarrak nondik datozen jakiteko eta nora joan nahi duten pentsatzeko», diote Pamiela argitaletxekoek. Herri txikiak hizkerari eta kulturari eusten die, bizimodu modernoan sarturik ere, eta globalizazioa saihestu gabe. Sorkuntza honetan biltzen dira XIX. mendetik egunera arte Iurretan euskaraz idatzitako kontuak: egunero zapaltzen den izen-mapa, erdarara itzulpenik ez dutelako ahaztutako berbak, sinesteko birkontatu beharreko gertaera harrigarriak…
Angela Davis
‘Abolizioa’ Katakrak
Angela Davisen Abolizioa beste hizkuntzaren batera itzuli baino lehen, Amaia Apalauza Ollok euskarara itzuli du, Katakrak argitaletxearen eskutik. Kartzelen abolizioa du gai liburuak: «Gero eta preso gehiago daude munduan, eta horrek ez du kriminalizazioa gutxitu. Horregatik uste du Davisek kartzela ez dela baliozkoa», azaldu du Apalauzak. Lehengo eta gaur egungo kartzela sistemak aztertu ditu Davisek, hainbat artikulu, hitzaldi eta liburu oinarri hartuta.
Haur eta gazte literatura
Ana Jaka eta Jokin Mitxelena
‘Marimatrakak. Gau beltzak’ Elkar
Ipuina Marimatrakak bildumako beste ale bat da. Ana Jakak idatzi du, eta Jokin Mitxelenak ilustratu. Ipuinak kontatzen duenez, Arimen Eguna eta solstizio egun bat zein baino zein ilunagoak dira, beldurra eragiteko modukoak. Halere, Marimatrakek jakingo dute ikarari aurre egin eta irribarre batekin erantzuten. 8 eta 10 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako sorkuntza da, eta 40 orri ditu.
Eleberriak
Karmele Mitxelena
‘Zoriona, edo antzeko zerbait’ Elkar
Alargun geratu berri den emakume heldu batek egindako barne eta kanpo bidaia kontatzen du Karmele Mitxelenak bere lanean. Eleberriak bidaia fisiko eta psikologiko bat dakar: protagonista bera da kontatzailea, eta haren sentimenduek pisu handia dute eleberrian. Eleberria idazteko Augustin Zubikarai saria jaso zuen idazleak iaz.
Asier Serrano
‘Euri gorriaren azpian’ Erein
Jaioterrira itzultzen den emakume baten bidaia du ardatz Asier Serranoren azken eleberriak, eta hilzorian dagoen gizonaren nahia betetzea du helburu. Sinboloz jositako liburua dela azpimarratu du egileak, lehen orritik hasita: «Liburuan agertzen dira gizarteak baztertutako pertsonaia batzuk, eta horiek gizarteak inposatutako lege eta arauei aurre egiten diete, sormenetik». Narratzaileak une jakin batzuetan irakurleari hitz egiten dio, galderak egiten dizkio, jokoaren parte egiten du. Horrek nobelari «thriller ukitua» ematen diola uste du idazleak.
Annie Ernaux
‘Neska baten memoria’ Igela
1958ko uda da. Udalekuetako begirale lanak egiten dituen bitartean, familiatik urrun, lehen aldiz, 18 urteko neska bat modu ausartean sartzen da mundu helduan: maitasuna eta sexua, gazte izatearen nahasmena, damuak, aske eta heldu izateko irrika... Eleberrian, Annie Ernauxek gizon batekin igarotako lehen gaua oroitzen du, marka ezabaezina utzi zion gaua. Aiora Jaka Irizarrek egin du idazle frantsesaren sorkuntzaren itzulpena.
Nobela grafikoak eta komiki liburuak:
Joe Sacco
‘Gerra Gazan’ Astiberri
Gerra Gazan gerraren indarkeriari buruzko 32 orrialdeko komikia da, «demokraziaren hauskortasunaz diharduen obra», Astiberri editorialaren esanetan: «Palestina-ren ildoan, orain ere adore politikoari eta erantzukizun moralari aurrez aurre begiratzen dion hausnarketa bat dokumentatu du». Joe Sacco komigile estatubatuarrak (Kirkop, Malta, 1960) ilustratu du 30 urtez egin duen gogoetaren emaitza gisa.
Poesia
Homero
‘Odisea’ Balea Zuria
Klasikoen arteko klasikoenetako bat kaleratuko du Balea Zuria argitaletxeak: Homero idazle greziarraren Odisea, hain zuzen ere. Osorik itzuli du lana Matias Mujikak.