Udazkenean itxiko dute Saison Quebec-Pays Basque truke programa

Euskal kultura Montrealera eta Quebecera eramango dute hainbat sortzailek Etxepareren eskutik

Saison Quebec-Pays Basque egitasmoaren agerraldia atzo goizean, Tabakaleran. IÑIGO IBAÑEZ.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec-Pays Basque kultur trukerako egitasmoak programa zabala eskainiko du bere azken txanpan. Modu horretan, askotariko diziplinetako sortzaile eta jarduerek itxiko dute jaialdia. Izan ere, unibertsitate katedra berria, euskal zinema zikloa, literatura jaialdia eta kontzertu ugari egingo dira Quebecen irailetik abendura bitarte.

Irene Larraza Etxepare institutuko zuzendariak jakinarazi duondorengo ekitaldi hauek jasoko dituela egitarauak: bost sorkuntza egonaldi, arte eszenikoei buruzko nazioarteko lau topaketa, hiru literatura jaialdi, bi zinema ziklo, lau musika bira, arte garaikideko bi jardunaldi, erakusketa bat, mintegi akademiko bat eta euskal ikasketen katedra berri bat.

Nolanahi ere, irailean izango du puntu gorenetako bat kultur programak: Festival Quartiers Danses jaialdia, Cinematheque Quebecoise filmategiarekin batera antolatutako euskal zinema zikloa. Irailaren 9tik 18ra izango da hori. Horretaz gain, Elbira Zipitria euskal ikasketen katedra berriaren irekiera egingo dute hilaren 9an bertan, McGill Unibertsitatean. Euskal ikasketen berrikuntza sozialean sakontzen segitzea izango da haren xedea.

Bingen Zupiria kultura sailburuaren arabera, orain bi urte izan behar zuen jaialdiak, baina pandemiak atzeratu egin du. «Egin dira gauzak, hala ere». Nabarmendu du, halaber, ez dela kasualitatea egitasmoa Quebecen egitea. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat lurralde estrategikoa dela adierazi du. «Hango hizkuntza politikak beti izan dira erreferentzia guretzat».

Egitarauaren zati handi bat Quebec hirian egingo da, baina Montrealera ere helduko da. Izan ere, bertan irailero egiten den Quartiers Danses jaialdiak euskal sorkuntza garaikidean jarriko du arreta aurten. Beraz, Basque Focus sailean lau euskal konpainia arituko dira, eta bederatzi ikuskizun eta hamabost emanaldi eskainiko dituzte denera.

Malandain Ballet Biarritzek zabalduko du egitaraua, irailaren 8an, Maisonave antzokian, Montrealgo antzoki nagusian. Hiru ikuskizun eskainiko ditu konpainiak: La pastorale, Nocturnes eta Mozart a deux. Thierry Malandain konpainiako zuzendaria esker onez mintzatu zen atzoko agerraldian: «Ohore handi bat dahorrelako jaialdi batean parte hartu ahal izatea».

Ez dira bakarrak izango. Judith Argomanizen Lasala konpainia, Jaiotz Osa eta Xabier Mujika —Osa + Mujika bikote artistikoa—, Proyecto Larrua eta Telmo Esnal ere dantzaren inguruan arituko dira, eta Soka ikuskizunak itxiko du diziplinari lotutako atala.

Programak ez du atzean utziko zinema. 1980ko hamarkadatik gaur arte egindako lan batzuk eskainiko dira. Larrazak eman du horren berri. Azaldu duenez, elkarbizitza, bakea eta euskal gatazka izango dituzte ardatz Quebeceko Filmategian proiektatuko diren filmek. Hauek izango dira, hurrenez hurren: La fuga de Segovia (1981), Yoyes (2000), La pelota vasca (2003), Asier eta biok (2014), Lasa eta Zabala (2014), Negociador(1998) eta Maixabel(2021).

Bertsolaritza ere bai

Iraileko jarduerez gain, aurrerago ere eskainiko dira bestelako batzuk: Itxaro Borda, esaterako, Trois Rivieres nazioarteko poesia jaialdian arituko da urriaren lehen bi egunetan; eta Igor Calongek, bestalde, dantza emanaldia eskainiko du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan.

Musikari dagokionez, Xabi Aburruzagak, esaterako, hiru kontzertu eskainiko ditu Quebecen. Oreka TX, berriz, M pour Montrealen arituko da azaroaren 17an; eta Sigma Project saxofoi laukoteak hainbat solasaldi eta kontzertu emango ditu Montrealgo Unibertsitatean urriaren 23tik 26ra bitartean.

Kanadan bertan baina programatik kanpo, berriz, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte bertsolaritzaren inguruan arituko dira Torontoko Festival of Authors jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.