UDAZKENEKO LIBURU ETA DISKOAK

Udazkenaren erritmora

Euskal disketxeek kolore askotako diskoak aurkeztuko dituzte Durangoko Azokara bitartean

mikel lizarralde
DONOSTIA
2004ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Udazkenarekin batera, eta Durangoko Azokara begira, ugaritu egiten dira disko dendetara iristen diren euskal diskoak. Aurten ez da salbuespenik izango, eta disketxeek musikazaleen egarria asetzeko moduko disko sorta argitaratuko dute. Zapore askotako diskoak belarri ororentzat.

-Berreskuratuak. Euskal Herriko musikaren historianmugarriak jarri dituzten hainbat artistaren lanak berreskuratzeko aukera izango da datozen hilabeteotan. Aurretik Itoizekin, Hertzainakekin, Zaramarekin eta Errobirekin egin bezala, Elkarrek Benito Lertxundiren hasierako diskografia osoa berrargitaratuko du, berriro masterizatuta eta formatu berezian. Ez dok amairu, Oro laino mehe batek, Seta maita herria ükan dezadan plazera, Zuberoa, Altabizkar, Pazko gaierdi ondua, Mauleko bidean, Gaueko ele isilen balada eta Hitaz oroit diskoak kaleratuko dituzte, eta Zuberoa eta Altabizkar-i lehendabiziko argitalpenetan sartu ez ziren zenbait kantu gehituko dizkiete.

Oskarbi taldearen antologia ere argitaratuko du Elkarrek. 60ko hamarkadan sortu zen taldea eta 70ekoan doinu zeltar-folkez osaturiko hainbat disko kaleratu zituen, hamarkada amaieran desegin arte. Orain lan haietan azaldutako 34 abestibildu dituzte Esperantzari leiho bat disko bikoitzean. Gor disketxeak, bere aldetik, Tocamas 70eko hamarkada amaierako taldearen kantuak berreskuratu ditu disko batean. Tocamasen Toño Murok gerora Balerdi Balerdiko kidea eta Patxi Osinagak egin zuten bat, eta inoiz grabatu ez bazuten ere, orain berriro elkartu dira garai hartako kantuak grabatzeko.The Incredible String Band eta Pau Ribaren eraginpean landutako folk-rock psikodelikoa.

-Bakarlariak. Azkeneko urteak agertokietatik eta grabazio estudioetatik kanpo igaro ondoren, Garik disko berria kaleratuko du urriaren hasieran: O-tik. Izenburuak dioen bezala, garai berri baten atarian dago Hertzainakeko kantari ohia, eta lan berrian kantu eguzkitsu nahiz intimistak bildu ditu.

Txuma Murugarrenek ere disko berria izango du kalean datozen hilabeteotan: Nire anaiaren kotxeko giltzak. Laugarren disko horretan, soinu elektronikoekin jantzi ditu bere kantu intimoak.Jabier Muguruzak, bere aldetik, Liverpoolgo LIPA musika eskolako ikasleekin grabatutako Liverpool-Gernika diskoa kaleratuko du azaroaren hasieran. LIPA institutuak Muguruza gonbidatu zuen orain dela hilabete batzuk bertan eskolak eman zitzan, eta ondoren hainbat kontzertu egin zituzten elkarrekin. Zuzeneko emanaldi haietan kantariaren kantuak moldatu zituzten, eta hain zuzen ere, grabazio horiek jasoko ditu diskoak. Muguruzarena bezala, Hirusta Recordsek kaleratuko du Mikel Errazkin & HFren disko berria: 10.0.

-Kantu zaharrak gaur. Hamar urte pasatu dira jadanik Hiru Truku taldeak Mendebaldeko euskal baladak berreskuratu zituenetik, eta zazpi Mendebaldeko euskal kantuak bigarren diskoa kaleratu zuenetik. Aurten, berriz, Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek Hiru Trukuren hirugarren alea osatu dute. Oraingoan, ordea, Nafarrora jo dute, eta hango kantu tradizionalak gaur egungo ikuspegitik landu dituzte. Metak disketxeak kaleratuko du diskoa azaroaren hasieran.

Herri abestiak dira Dominika eta Niko Etxartek Robert Larrandabururen laguntzarekin kaleratuko duten Eperra diskoaren oinarria. Zuberoako kantuaka cappella abestuta berreskuratuditu hirukoteak.

-Belaunaldi berriak. Udazkeneko disko uztak hainbat talderen lehenengo diskoa utziko du. Hala, Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi ondoren, Kerobia laukoteak lehenengo diskoa argitaratuko du. Captain Nemo, Buenavista eta Lazkao lotzen dituen punk-rock taldeak ere lehenengo diskoa du kalean: Korrontearen kontra, urpekari bat. Euskadi Gazteako lehiaketan entzuleen babesa jaso zuten beste bi taldek ere diskoa argitaratuko dute laster: Kautak (Izan zaitez zu) eta Keikek (Oinetan kea), hain zuzen. Kokeinek ere lehenengo disko luzea aterako du: Lotuta egon arren.

-Proiektu berriak. Euskal musikaren azken urteotako historian zeresan handia eman duten bi gitarristak beren proiektu berriak aurkeztuko dituzte. Batetik, Joseba Irazoki beratarrak segida eman dio orain dela hiru urte Onddo taldearekin hasitako ibilbideari. Oraingoan, ordea, bere izenpean kaleratu du Irri eta solas, doinu akustikoen gainean eraikitako disko intimista eta iradokitzailea. Bestetik, Xabi Strubell Duteko gitarristaZura taldearen lehenengo diskoarekin itzuliko da. Ilargi handi zauri zarae lanean Lauaxetak 1935ean euskaratutako Lorcaren poemak musikatuko ditu taldeak, eta diskoarekin batera kaleratuko duten liburuxkanNicolas Lekuonaren irudiek ilustratuko dituzte Lauaxetaren eta Lorcaren olerkiak. Musikalki, doinu akustikoak eta esperimentazioa uztartuko ditu Zurak.

-Talde ezagunen lan berriak. Ezin zaku berean sartu Alboka eta Bide Ertzean, Zein? eta Karidadeko Benta, edo Sagarroi eta DJ Axular. Alabaina, guztiek disko berria izango dute datozenasteetan. Eta baita Skunkek, Urgabek eta Txapelpunkek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.