Sorkuntza artistikoa bultzatzeko proiektu berri bat aurkeztu dute Donostiako Tabakalerak eta Gasteizko Artium museoak: JAI Jarduera Artistikoen Institutua. Artistei zuzendutako ikasketa programa bat da, udako eskola baten moduan funtzionatuko duena eta praktika artistikoa ardatz izango duena. Tutoreen eta irakasle talde baten laguntzaz, hamasei artistak beren proiektuak landuko dituzte udan, Tabakaleran, eta, ondoren, Artiumen aurkeztuko dituzte lan prozesu edo proiektu horiek. Martxoaren 31ra arte egongo da irekita izena emateko epea.
«Etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala» garatzea izan da bi zentroen asmoa. Hala, praktika artistikoa izango da programaren muina, eta «ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa» sustatuko dituela zehaztu dute. Ikuspegi akademiko batetik harago, praxia hartu dute abiapuntu, beraz, eta protagonismoa «artistek eta praxiak» izango dutela azaldu du Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendariak. «Proiektuak, testuinguruak eta sinergiak» partekatzean jarri du azpimarra Artiumeko zuzendari Beatriz Herraezek, eta, bi erakundeen arteko elkarlana ez ezik, artisten arteko interakzioa sustatzearen garrantzia nabarmendu du. «Testuinguruko artistak eta nazioarteko beste agente batzuk elkarrizketan jartzea proposatzen da».
Horretarako, jarduteko «modu misto bat» planteatu dute. Batetik, tutore lana egingo duten hiru artista bidelagun izango dituzte parte hartzaileek: Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz. Eta, bestetik, gaur egun bi kultur zentroen programetan parte hartzen ari diren artistak gonbidatuko dituzte. Irakasle taldea osatuko dutenen artean daude, besteak beste, Katinka Bock, June Crespo, Moyra Davey, Lily Reynaud Dewar, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency eta Camila Sposati. Asmoa da artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegia eskaintzea parte hartzaileei. Era horretan, prozedura teorikoen gainetik, garrantzi berezia hartuko dute tailerren espazioan sortzen diren harremanek eta praktika zehatzek.
Beren praktiken bidez artistek nahiz kultur zentroek sortzen dituzten ezagutzen transmisioari lotuta, proiektuaren abiapuntuan nahi bat egon zela azaldu du Mendizabalek: bi zentroen programetan aritzeko handik eta hemendik urte osoan iristen diren artistek ere transmisio horretan parte hartzea, edo gehiago aprobetxatzea transmisio hori. Bide horretan, programa horietako parte hartzaile guztiei galdera bat egitea otu zitzaien: «Zure lan prozesua definitzen duen zein ezagutza praktiko zara besteei transmititzeko gai?». Galdera irekia izanik, artista bakoitzak erantzun edo interpretazio desberdin bat emango duela uste du Mendizabalek. «Ideia da metaketaz erantzun ezberdinak sortuz joatea, tailer edo mintegi forma hartuko dutenak, eta astebete iraungo dutenak, udan zehar». Horiei zein forma eman artista bakoitzak erabakiko duela ere gehitu du, eta txandakatuz joango direla.
Tutoreen lana erantzun ezberdin horiei «jarraitutasuna ematea» izango dela adierazi du Okarizek, parte hartzaileen bidelagun izanda, haiek proposatzen dutenarekin malgutasunez jokatuta. «Espero dugu hartu-eman probetxugarriak sortzea». Aranberrik gaineratu du asmoa ez dela izan «eskola bat eraikitzea, baizik eta prototipo bat». Prototipo horren helburua, printzipioz, aurten amaitzen dela eta aurtengo esperientziak iraunkorragoa izan daitekeen eredu bat sortzeko balio dezakeela uste du artistak. Ideia bera nabarmendu du Mendizabalek ere; lehen urtea izanik, eta egitasmoak duen izaera esperimentalagatik, saio «pilotu» gisa ulertzen dutela proposamena, eta litekeena dela aldatuz joatea eta etorkizunean bestelakoa izatea.
Ikerketa batzordea
Institutuak ikerketa batzorde bat ere izango du, zeina Herraezek, Tabakalerako Arte Garaikideko arduradun Oier Etxeberriak eta hiru tutoreek osatuko duten. Batzordekideek egingo dute hamasei parte hartzaileen aukeraketa.
Deialdia «artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistentzat edo sektoreko eragileentzat» pentsatu dute. Hautagaiek Tabakaleraren webgunean galdetegi bat betez eta eskatzen den dokumentazioa erantsiz eman beharko dute izena. Ebazpena apirilaren 10ean jakinaraziko dute, eta hautatuak ekainaren 1ean hasiko dira lanean, Tabakalerako Sortzaileen Gunean.
Udan irekiko ditu ateak Jarduera Artistikoen Institutuak
Tabakalerak eta Artiumek jarri dute martxan egitasmoa. Hamasei artista beren proiektuak garatzen arituko dira, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz tutore dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu