Udalerri bete olerki

Irailekoak poesia jardunaldiak egingo dituzte hurrengo asteburuan, Lekeition. Hitzaldiak, irakurraldiak eta errezitalak prestatu dituzte

Miren Agur Meabe, Andres Urrutia eta Ander Aldazabal, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Iraila agurtzeko, poesiari eskainitako asteburu bat antolatu du estreinakoz Euskaltzaindiak. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dute, Lekeition (Bizkaia), eta, Irailekoak izenburupean, askotariko errezitalak, hitzaldiak, irakurraldiak eta kontzertuak prestatu dituzte. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, «Euskaltzaindiak literaturari dion atxikimendua adierazteko» helburuarekin antolatu dute jaialdia, eta euskal poeten lana gizarteratzea izango da asmo nagusia. Alabaina, beste hizkuntza batzuetako egileen lanek ere izango dute tokia, hala nola Antonia Vicens eta Mireia Calafell poetenak. Atzo aurkeztu zuten jaialdia, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.

Euskal Herri osoarentzako jaialdia da, eta Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatuko duela zehaztu du Miren Agur Meabe idazleak, «poesiak bere toki-denborak izan ditzan, bestelako ekintzekin lehian sartu gabe».

Besteak beste, euskal poeten zein nazioartekoen lana ezagutaraztea izango da jaialdiaren asmoetako bat. «Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira», azaldu du idazleak. Hitzaldien, irakurraldien eta errezitalen bidez egingo dute hori. Hala ere, bestelako helburu batzuk ere izango ditu egitasmoak. Esate baterako, azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz hausnartuko dute Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldian. Iratxe Retolaza literatur ikerlaria eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea arituko da hizlari.

Poesiarekin batera, beste arte mota batzuk ere uztartuko ditu egitasmoak. Musika eta artea, esate baterako. Lekeitioko 35 erakusleihotan euskal poeta garaikideen pasarte laburrak jarri dituzte ikusgai. Herriko hormak, berriz, mundu osoko hainbat artistaren bertso lerroz jantzi dituzte.

Horrez gainera, jaialdiaren lekukotza jasotzeko asmoz, Iraileko paperak izeneko aldizkaria argitaratuko dute. «Oroigarri intelektual-poetiko bat izango da», zehaztu du Meabek. Besteak beste, Antonia Vicensen poetikara hurbiltzeko artikulu bat egongo da bertan, baita Natalia Suarez artista gasteiztarraren artelanen bilduma bat ere.

Lekeitioko Udalaren babesarekin antolatu du jaialdia Euskaltzaindiak, baina herriko beste eragile batzuen laguntza ere izan dute. Tartean, Kitto merkatarien elkartearena, Sociedad Recreativarena eta Lekitto musika bandarena.

Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinatu du logoa, eta udazkenaren atariko koloreak irudikatu ditu.

Jarraitzeko gogoz

Meabek argi utzi du Irailekoak egitasmoaren helburua ez dela Eako (Bizkaia) Poesia Egunen hutsunea betetzea: «Eredu zoragarria izan zen, eta antzekotasuna derrigor izan behar dute. Saiatuko gara gure aletxoa ahalik eta modurik atseginenean jartzen». Zehazki, 2019. urtean iragarri zuten ez zutela Eako Poesia Egun gehiagorik egingo. Gabriel Aresti idazleari omenaldia egin asmoz antolatu zituzten jardunaldiak 2004an aurrenekoz, eta, hamabost urteren ostean, bertan behera uzteko erabakia hartu zuten antolatzaileek.

Aurrerantzean, Irailekoak jaialdia «ohiturazko» izatea espero dute antolatzaileek. Lekua, baina, zehazteko dagoela adierazi du Meabek: «Aurten, Lekeition izango da; hurrengoetan, ikusiko da. Baliteke jaialdia Lekeitio eta Ipar Euskal Herriko udalerriren baten artean txandakatuz joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.