Kritika-Artea

Udako erakusketa

'Topalekuak' erakusketa Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
'Topalekuak' erakusketa Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
2024ko irailaren 17a
05:05
Entzun

'TOPALEKUAK'

Noiz arte: Urriaren 6ra arte.
Non: Tabakaleran, Donostian.

Uda bukaerak normalean halako impasse sentsazioak sortzen ditu. Zalantzarik gabe, amaiera une bat da markatzen duena: eguraldi onarena, oporrena, deskantsuarena… (gehienontzat behintzat). Baina amaiera orok bezala, hasiera bat ere badakar, zenbaitetan urte hasierarekin ere parekatzera iritsi daitekeena. Izan ere, eskolak, ikastaroek, eta, horiekin batera, asmo berriek ere lekua izaten baitute irailean. Erakusketei dagokienez ere, garai arraro xamarra izaten da. Udari begira, hark dakarren denbora libreari eta turistei zuzenduta proiektatzen baitira normalean instituzioetako erakusketarik esanguratsuenak, eta beraz, oporren, eguraldi onaren eta deskantsuaren amaierarekin batera ixten dira instituzio horietako areto nagusiak ere; kasu honetan ere, proiektu berriak prestatzen hasteko.

Donostia aldean, honekin batera beste fenomeno bat ere nagusitzen da irailean; ezin ahaztu Zinemaldia. Halako zabalkunde eta presentzia ikaragarria duen egitasmo batek kultur arlo osoa bereganatzen duela dirudi hilabete honetan, eta arte areto eta instituzio askotarikoei olatu ikaragarri horrekin igeri egitea besterik ez zaie tokatzen: batzuetan alde, eta besteetan kontra; estrategiarik eraginkorrena izan daitekeen horren bila, edo.

Horietako bat Tabakalera da. Gogoratzen dut, ireki eta gutxira, Rosa Barbaren banako zoragarri bat izan zela 2018an; aurrerago, Zine Ex izenburupeko bi edizio proposatu zituen nazioarteko zinema eta ikus-entzunezko esperimentalei begira; eta aurten, berriz, badirudi zinemari bizkar eman diola areto nagusiko proposamenak. Eta, egia esan, garai honetan, eta honi dagokionez, aire fresko gisara senti daiteke azalean —eta horretan diseinu grafikoaren kolore biziek ere laguntzen dute—.

Baina, izan, badu bere izateko arrazoia Topalekuak erakusketak; izan ere, urteko beste olatuaren gainean doa: Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrenarenean. Eta horrek airea pixka bat epeltzen du, instituzioak gaiaren inguruan proposatutako bigarren erakusketa baita urte berean.

Egia da erakusketa bakoitzak Txillidaren egitekoari beste erpin batetik heldu nahi izan diola: Laura Vallesek komisariatutako Larruak eta izurrak erakusketak eskulturen espazialtasuna zuen ardatz, eta Soledad Gutierrezen proposamena, berriz, naturarekin izan zezakeen erlaziora gehiago hurbiltzen da. Baina, azken finean, bi komisarioak kanpokoak izanik, erakusketak berak ere kanpotiko begirada batean erroturikoak izan dira; bereziki Txillidaren lanak izandako proiekzioan oinarrituak. Egia da, maiz, ikerketa-objektu baten gaineko begirada kritikoak errazagoak direla kanpoaldetik edo distantziatik egitea, baina zenbaitetan, gehiegizko distantziak xehetasunekiko galera ere ematen du, begirada kritikoak lausotuz. Agian aberasgarriagoa zatekeen, kasu honetan, kanpoko eta barneko begiradak osagarri gisara planteatuko zituzten erakusketen programazio bat.

Dena den, eta Gutierrezen proposamenari helduta, bisitatzeko erakusketa atsegina dela ezin daiteke ukatu. Eta, azpimarratzekoa da, bereziki, erakusketaren harrera espaziora sartu, eta eskuinetara gelditzen den aretoaren lehen zatia osatzen duten piezen arteko harmonia: Josu Bilbao, Christian Salablanca, Sheroanawe Hakihiiwe eta Txilidaren landareen irudien artean sortzen dena Juf kolektiboaren (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra) Sokasaltoa-ren erritmoan bilduta.

Azpimarratzekoa da, bereziki, erakusketaren harrera espaziora sartu eta eskuinetara gelditzen den aretoaren lehen zatia osatzen duten piezen arteko harmonia

Bigarren aretoaren eraketa agian ez da lehenarena bezain fina, baina uraren eta haren erabilera sozialaren inguruan biltzen diren Elena Aitzkoaren eskultura pieza ederren eta Laia Estruchen instalazioaren arteko elkarrizketa aipagarria da. Dena den, kasu honetan, Txillidaren eskulturak bakartuta hautematen dira espazioan instalatuta dauden gainontzeko piezekiko.

Arratsalde-pasa joateko moduko erakusketa da, ikusteko arina, tarteka sorpresa eta pieza interesgarriak topatzeko aukera ematen duena. Eta hori hautematen zen erakustaretoan bisitatzera joan nintzenean ere; aspaldi ez bezala, adin guztietako bisitariak ikusi bainituen bertan, haurretatik hasi eta adinekoetaraino. Eta gustura ziruditen guztiek, bazirudielako bakoitzak, bere neurrian, zuzenean hitz egiten zion piezaren bat topatzen zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.