Loraldia

Udaberrian bertan behera geratutako emanaldiak udazkenean berreskuratuko ditu Loraldiak

Hamazazpi ikuskizun izango ditu Loraldia Udagoienak, baita esperientzia digitala ere. Irailaren 26an hasiko da, Iñigo Astizen poesia errezital batekin, eta urriaren 22ra arte iraungo du

Loraldiko antolatzaileak, jaialdiaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 18a
14:57
Entzun

Loraldia kultur festibalaren seigarren aldia martxoaren 10ean hasi zen. Hurrengo egunean, bi emanaldi soilik egin eta gero, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten, koronabirusagatik. Hala ere, falta zirenak 2020an bertan emateko konpromisoa hartu zuten, eta asmo horiek Loraldia Udagoienan mamitu dira: irailaren 26tik urriaren 22ra bitarte hamazazpi emanaldi ikusi ahal izango dira; haietako hiru, digitalki, eta gainerakoak, Bilboko zortzi aretotan.

Publikoaren mezuek «hauspoa» eman dietela eta, horrenbestez, «ilusionatuta» daudela adierazi du Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduradunak aurengo aldiaren aurkezpenean. Udaberrikoak berreskuratzeko «asmoa» izan dute beti, eta «trinko» aritu dira lanean azken hilabeteetan euskal kultura berriro ere taularatzeko. Oholtza zapaltzen lehena Iñigo Astiz izango da, bere azken poesia liburua oinarri duen HÖGEITAVAT mendeko emanaldi poetikoa ikuskizunarekin, eta beste poesia liburu batetik —Xabier Montoiaren Anfetamiña obratik, zehazki— ernatutako diziplina anitzeko emankizunarekin bukatuko da jaialdia. Tartean, euskal kulturari hainbat ertzetatik helduko zaio: artea, bertsolaritza, dantza, gastronomia, literatura, musika, antzerkia eta zinema bilduko ditu udazkeneko uztak, eta diziplina horien arteko nahasketak eskainiko dira emanaldietan.

Oraingo Loraldia, udaberrian behar zuenarekin alderatuta, «tamainaz txikiagoa» izango dela aitortu du Imanol Agirre zuzendari artistikoak, baina, hala ere, «izaeraz handia» izango dela adierazi du. Dena den, jaialdiaren garrantzia argi utzi nahi izan du Agirrek: «Loraldia ezinbestekoa da sorkuntzari plaza emateko; sortzaileak ezinbestekoak dira herriari izaera emateko. Hezkuntzarekin eta osasungintzarekin batera, kultura ezinbestekoa da herria eraikitzeko». Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbaok bat egin du Agirreren hitzekin, eta azpimarratu du oholtza gainean zein atzean ari direnei «aitortza» egin behar zaiela: «Badakigu euskal kultura aberatsa eta askotarikoa dela, profesional onak ditugula. Loraldia euskal kultura kontsumitu eta ezagutzeko aukera paregabea da». Kultura kontsumitzea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela ohartarazi du, eta gaineratu du jaialdiko programazioa «oso erakargarria» dela.

Jauzi digitala

Loraldiko ekintza gehienak aurrez aurrekoak izango diren arren, lorezainek aukera izango dute Internet bidezko hiru ikuskizun doan ikusteko. Antolatzaileen asmoa da emanaldiak baino «askoz gehiago» izan daitezela, Ocerinek esan duenez, eta hartara esperientzia hitzaren hobespena. Hainbat modutara parte hartu ahal izango da esperientzia digitalean: batetik, ikuskizunen aurretik sare sozialetan egingo dituzten proposamenen bitartez, zeintzuei esker publikoak «bere sormena edo iritzia adierazteko aukera» izango duen; eta, bestetik, ikuskizunak streaming bidez ikusten EITBren webgunean edo Loraldiarenean. Petti eta Mikel Urdangarin musikariak eta Harkaitz Cano idazlea arituko dira, besteak beste, Interneteko ikuskizunetan; aldiz, artista horiek aurrez aurre ikusteko aukera ere egongo da.

Ocerinek babesa «eskertu» nahi izan die lorezainei jaialdiaren aurkezpenean, eta «ezinbestekoak» direla azpimarratu du: «Haiei esker eta haientzat sortzen dugu urtero Loraldia». Esker ona adierazteko, Lorezain eguna antolatu dute urriaren 17rako: Thierry Biscaryren kontzertua izango da Itsasmuseumen, eta lorezainak doan sartu ahal izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.