Udazkena eta udaberria izaten dira euskal liburu gehien argitaratzen den urteko bi sasoiak, Durangoko Liburu eta Diskoen Azokaren bezperan bata, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan bestea. Lehen loreak ateratzerako, kalean dira dagoeneko liburu batzuk, eta argitaratzear daude beste batzuk ere, labean sartzeko azken ukituak egiten. Udaberri honetako liburu berrien sortan ipuin eta narrazio liburuak dira asko eta asko.
Udazkeneko liburu berrien zerrendan poesiakoak nabarmentzen ziren kopuru aldetik, eta urri ziren narrazio edo ipuin liburuak. Oraingoan, haatik, ipuingintzan aritu dira Harkaitz Cano, Urtzi Urrutikoetxea, Patxi Zubizarreta, Amaia Iturbide, Imanol Azkue, Alberto Barandiaran, Marikita Tambourin eta Xabier Mendiguren Elizegi. Urrutikoetxeak Joseba Jaka beka jaso zuen Auzoak egiteko, eta Mendiguren Elizegi, autobiografia eta saiakeratik hurbil dauden liburuak idatzi ondoren, fikziora itzuli da berriro ere, gorabehera sentimentalen inguruko ipuin liburu batekin.Haur eta gazte literaturako sailean, alor horretako Euskadi saria jaso duten hainbat idazleren liburu berriak argitaratuko dituzte uda baino lehen. Horietako bat Fernando Morillorena izango da; idazleak gazteentzako nobela bat idatzi du, baina amaitu gabe utzi du. 2005eko Kilometroen barruan egingo den lehiaketa batean gazteek amaiera posibleak proposatuko dituzte, eta horien artean epaimahaiak aukeratutakoaren arabera biribilduko du Morillo liburua.
Aukera zabala poesian ere
Poesia liburuen artean, antologiak gazteentzako euskal poesiaren antologia eta Li Bairen poesia antologiaren itzulpena, lan kolektibo bat eta Bingen Ametzagak (Algorta, Bizkaia, 1901-Caracas, Venezuela, 1969) idatziak utzi zituen poemen argitarapena espero dira, besteak beste, Patxi Salaberri Muñoa, Martin Etxeberria, Goizalde Landabaso, Fred Fort eta Claude Mehatsen lan berriekin batera.
Saiakeren artean, denetariko liburuak daude udaberri honetan kaleratu diren edo kaleratuko berri direnen artean. Gai askotakoak. Horietako batzuk literaturari loturikoak dira, Xabier Etxaniz Erlek eta Manu Lopez Gasenik eginiko 90eko hamarkadako haur eta gazte literaturaren inguruko bilketa eta ikerketa lana esaterako kalean dagoeneko, edo, Iban Zalduak koordinaturik, Ereinek kaleratuko duen Poetikak: Rikardo Arregik, Miren Agur Meabek, Joseba Sarrionandiak, Castillo Suarezek eta Kirmen Uribek nork bere ikuspegia eman dute gaiaren inguruan, eta argitaratu gabeko bosna poema ere libururatu dituzte.
Bestetik, Jose Luis Otamendik eta Iñigo Aranbarrik Azkoitiko eta Azpeitiko idazle historikoak berreskuratu dituzte, Uztarriaren eskutik.Ohi bezala, aurten ere aurretik iritsiko da iragarri gabeko libururik plazara uda baino lehen, baina iragarritakoen zerrendari begiratzea nahikoa du irakurzaleak liburu berriak eskuetan hartzeko irrika sentitzeko.
URTEKO LEHEN LABEALDIA
Udaberri ipuintsua
Narratiba da nagusi argitaletxeen plangintzen arabera uda baino lehen kaleratuko diren liburu berrien artean, eta indar berezia du ipuingintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu