Sua taldeak hiru urte inguru daramatza agertokietan. 2018an eratu zuten Ane Barrenetxeak, Esteban Gabiriak, Janire Lopezek eta Julen Wrightek laukotea, Maruri-Jataben (Bizkaia). Urtebete geroago argitaratu zuten lehen lana, aurkezpen txartela: lau kantuko EP digital bat, taldearen izen berekoa. Lan hari esker, taldeak Gaztea irratiaren maketa lehiaketa irabazi zuen, eta garaipenari kateatuta etorri ziren jarraitzaileak eta entzuleak. Arrakastaren ondoren kaleratu zuten aurreneko lan luzea, 2019an: Ordu beltzak. Iaz, Hormak apurtzea izeneko single bat atera zuten.
Indie-rockaren, poparen eta post-punkaren lerroei jarraitzen die taldearen musikak. Hain justu, Mungialdean estilo horien inguruko olatu bat sortu da azken urteetan, eta giro horretan piztu zen Sua ere. Aitzitik, soinu propio bat lortu dute, erritmo dantzagarriak, riff indartsuak eta pasarte ilunak tartekatuta.
Musika. SUA
Uda beteko pop gartsua
Noiz: Ostegunean, uztailaren 1ean. Non: Mungiako Olalde aretoan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu