Gasteizko Baratza aretoak dantza garaikidearen Tzan Tzan jaialdiaren zortzigarren aldia egingo du ostiraletik igandera bitarte. Hiru egunean, sei pieza labur eskainiko dituzte zenbait artistak, batzuk Baratza aretoan bertan eta beste batzuk Ozetako (Araba) kiroldegian.
Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du jaialdiak, eta, gaur, erakunde bietako ordezkariek eta Baratza aretoko arduradunek aurkeztu dute egitaraua. Ostiralean abiatuko dute jaialdia, Ozetako (Araba) kiroldegian, bi emanaldirekin: Eva Guerrerok Gorputz artean izeneko pieza aurkeztuko du, eta, horren ostean, Larrua proiektuak Shoot the target lana taularatuko du. 20:00etan hasiko dira dantza emanaldiak.
Gainerako dantza emanaldiak Baratza aretoan egingo dituzte. Larunbatean, 18:00etan, Dantzaren bitartez dimentsio energetikoa ezagutzea topaketa antolatu dute, kafe formatuan. Elisa Artetak gidatuko du topaketa, eta, hura amaitzean, Mugen espazioa ikuskizuna eskainiko du Natalia Garcia Muro dantzariak. Garciak honela laburbildu du bere lana: «Nire gorputzaren espazioek kanpoalderantz hedatzen den mugimendua sortzen dute, eta harekin komunikatzen da. Horrek elkarrizketa bat sortzen du une horretan bizi gaituen eta inguratzen gaituen espazioarekin. Behar adina denbora eskaintzen badiogu geure buruari, mugen artean mugitzeko ditugun aukerak aurkitu ditzakegu».
Garciaren piezaren ondoren, Ane Zapirainek Agortu lana taularatuko du. «Haren piezak gorputzaren manifestua handitzeko adierazpen tresnak aurkitu eta ustiatzeari egiten dio erreferentzia», azaldu du Garazi Lopez de Armentia Baratzeko kideak.
Azkenik, igandean, beste bi emanaldirekin amaituko dute jaialdia. 19:00etan, Collectif Troikaren See-saw ikusi ahalko da. «Jai aztoragarri bat da, erritu basati bat, non hiru pertsonaiek helburu bakar bat baitute: garaikur misteriotsua irabaztea». Dantzaz, akrobaziaz eta antzerkiz hornituriko ikuskizun «absurdoa» da, eta ikuslea emozioz betetzeko gonbita egiten du. Ondoren, Melisa Calerok Loria lana eramango du oholtzara. Bidaia «katartikoa» eta «astinaldi izugarria» dela azpimarratu du Baratza aretoko kideak.
Tzan Tzan Fest jaialdiaren ikuskizunetarako sarrerak jada eskuragarri daude Baratza aretoaren webgunean.