TY SEGALL
'Love Rudiments'
Diskoetxea: Drag City.
Ty Segall musikariak sortze-inkontinentzia daukala irakurri nuen behin, eta primerako baieztapena iruditzen zait, 2008an lehen lana argitaratu zuenetik jada hamabost disko plazaratu baititu artistak. Batzuk gogoangarriak eta beste batzuk onargarriak, baina zaleak epel utziko ez dituzten lanak guztiak. Love Rudiments onargarri horietakoen artean sartuko nuke, Ty Segall bezalako musikari finkatuaren konfort gunetik kanpokoa. Hala ere, nabari da denbora-pasa —edo estudioko saio libre horietan— sortu eta grabatutakoa dela lana. Bitxikeria interesgarritzat hartu daiteke, baina, oro har, ez da musikariaren harribitxi horietako bat estatubatuarraren ibilbide mamitsuaren barruan. Dena den, segi dezala sortzen.