Udako seriea. Musikari bat lau kantatan (V)

Txuma Murugarren: Deseraikuntzarako kantuak

Autoa da musika entzuteko Txuma Murugarrenen leku kutuna, eta, gaztaroko oroitzapenetatik ez ezik, bi astean behin berritzen duen USB memoria gordailutik ere bildu ditu horregatik BERRIAk eskatutako zerrendarako lau abestiak.

Txuma Murugarren musikaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Txuma Murugarren musikaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Inigo Astiz
Mutriku
2024ko abuztuaren 17a
06:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Goizeko bederatziak Mutrikun (Gipuzkoa), olatu hots apalak heltzen dira portutik, argazkilariarentzako posatzen ari dela kasurik egin gabe agurtu du herrikide batek Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) —«Labea izango da hau!»—, meza baten doinuak erortzen dira kalera etxe baten leiho irekitik, eta 70 urte pasatxoko gizon batek —alkandora eta praka luzeak, bisera eta hondartzako itzalkin bat besapean—, irrati txiki batekin jaurtitzen dio 90eko hamarkadako disko aireko kanta bat harrizko kale arteari. Urte hasieran aurkeztu zuen Nick Cave musikariaren Nocturama diskoaren euskarazko bikia —Gautegia (Gaztelupeko Hotsak)—, eta azaroan da bere kanta berriak grabatzen hastekoa. Dioenez, etengabe dabil musika berria entzuten, eta autoa du musika entzuteko lekurik gogokoena. Bi astean behin berritzen du USB memoria gordailua horregatik, eta, nagusiki entzunaldi horietatik ateratzen du Bilbo Hiria irratian emititzen duen Musikabla programarako lehengaia. «Hasieran interesgarria ez dirudien arren, Charli XCX deitzen den kantari batekin nabil orain, oso gaurkoa da, eta, joder, baditu kantu batzuk txundituta uzten zaituztenak!». Lau kanta hautatzeko eskatu, ordea, eta bost hamarkadako tartea hartu du muturretik muturrera: 70eko hamarkadako ia ordu erdirainoko rock progresibo batekin hasi, eta 2016ko doinu organikoko abesti zuzen batekin bukatu. Eta, halere, hasieratik egin du oharra: «Gaur lau hauek aukeratu ditut, baina bihar izan daitezke beste lau».

 

Supper’s ready - Genesis (Foxtrot, 1973)

14 edo 15 urte zituela gogoratzen du, anaia zaharrarekin konpartitzen zuen musikazaletasuna ordurako, eta elkarrekin erosi zuten diskoa Errenterian (Gipuzkoa). Genesis. Foxtrot diskoa. Eta bertan Supper's Ready abestia. Rock progresiboaren ezaugarri guztiak betetzen dituen 23 minutu eta 45 segundoko bidaia musikala: erritmo aldaketak, erritmo konplexuak, soloak eta pasarte ia lirikoak. «Genesis pila bat entzuten genuen orduan». Eta taldearen kanta guztien artean, zergatik zehazki Supper's Ready? «Oso abesti bitxia iruditzen zait». Baina aitorpen lauso horrekin hasi arren, berehala hasten da Murugarrenen entziklopedia martxan.

Bi bertsio daudela zehaztu du, lehenik, esaterako. Peter Gabriel abeslari zenekoa lehena, eta, gerora, Phil Collinsek kantatutakoa bigarrena, taldeak formazio horrekin zuzenean grabatutako Seconds Out diskoan. «Biak ongi daude. Lehenbizikoa agian gordinagoa, eta bigarrena melodikoagoa, baina biak ditut gustuko». Eta hitzak? «Letraz ez naiz oroitzen», onartu du, «eta garai horretan ez nion jartzen inongo arretarik. Musika entzuten genuen ingelesez, baina ez genion erreparatzen letrari».

Garai bertsuan Itoiz eta Errobi ere entzuten zituela dio Murugarrenek, eta, nolabait ere, nahasian doaz denak haren gogoan. «Gabonetan eman ziguten diru apurrarekin joan ginen diskoak erostera. Eta bi horiek erosi genituen: Errobiren Bizi-bizian eta Itoizen lehendabizikoa. Oso disko inportanteak izan ziren bi horiek, eta Itoizen diskografian badira kanta batzuk asko entzun ditudanak».

Gitarra jotzen hasia ote zen galdetu, eta ezetz, irribarrez. «Nik flauta jotzen nuen lehenbizi, zeharkako flauta, Jethro Tull asko-asko entzun dut, noski, eta Itoizek ere erabiltzen zuen lehen diskoetan. Hori erabiltzen nuen. Gero hasi nintzen gitarrarekin, baina oso goiz. Anaiak erosi zuen gitarra, eta biok ikasi genuen gelan. Pixkanaka-pixkanaka bukatzen duzu instrumentua zure nahietara moldatzea, baina nik ez dut neure burua musikaritzat. Gehiago naiz kantu egile bat, edo istorio kontatzaile bat». Eta, halere, kanta erabat musikal batekin hasi du zerrenda.

 

Innocent Went You Dream- Tom Waits (Franks Wild Years, 1987)

 

Bai, Tom Waitsen kantua da bigarrena. Franks Wild Years diskokoa, bai. Bai, Wayne Wangek eta Paul Austerrek zuzendutako Smoke filmeko soinu bandaren parte bihurtu zen Innocent Went You Dream kanta, zehazki. Waitsen ahots sakonarekin, sehaska kanta baten airearekin, eta ia nahi gabean bezala grabatuta dagoen inpresioarekin. Bai. Baina lehenago kantugintzari buruzko gogoeta batzuk.

Musikari buruzko ohar bat, adibidez: «Niretzako musika bada besteek gauzak nola egiten dituzten deskubritzea ere. Dekonstrukzio hori. Nola lortu duten efektu hau edo bestea. Nola kendu dituzten edo jarri dituzten elementu batzuk edo besteak. Nola egin duten musika».

Eta hitzei buruzkoa. «Ni, normalean, letratik hasten naiz», onartu du, «baina musikak egiten du letra beste leku batera eraman. Kantu bakoitzak dauka bere indarra, eta letra hori jartzen baldin baduzu... Batzuetan gertatu zait hiru kantu desberdin egitea letra berberarekin, eta gero ez jakitea haietako zein hautatu. Eta halakoetan zer egiten dudan? Bada, batzuetan, aukeratzen ditut pasarteak kantu batetik eta bestetik beste bat, eta hor gauza oso bitxiak gertatzen dira. Ez da, fuf!, eta atera da. Lehenbiziko bulkada izaten da edonondik datorren haize hori onartzea, eta gero hori fintzeko jartzen da esperientzia martxan».

«Niretzako musika bada besteek gauzak nola egiten dituzten deskubritzea ere. Dekonstrukzio hori. Nola lortu duten efektu hau edo bestea. Nola kendu dituzten edo jarri dituzten elementu batzuk edo besteak. Nola egin duten musika»

TXUMA MURUGARRENMusikaria

Eta estudioaren arriskuei buruzko abisua. «Abestia nora eraman nahi duzun. Garai batean ez nuen horretan asko pentsatzen, eta abestia ateratzen zenuen, eta grabatzen genuen estudioan, eta gero ez zitzaidan asko gustatzen. Baina ez zen abestiagatik, abestia nola ondu genuen zen kontua. Bestelako moduz egin behar genuen. Abesti bakoitzak dauka bere pertsonalitatea. Gogoratzen naiz duela gutxiko disko batean abesti bat zegoela, beste asko bezala telefonoan grabatu nuena, kolpe batean, baina eraman nuen estudiora eta landu genuen, baina ez zen hori nik nahi nuen abestira, fuera. Telefonoko rollo-arekin egin genuen, eta telefonoan zegoen bezala gelditu zen. Eta, orduan, behar zuen indarra hartu zuen abestiak. Txuma Murugarren: Deseraikuntzarako kantuak. Estudioak arrisku hori dauka: abestia nora eraman behar duzun oso argi ez baduzu, eskapatu egiten zaizu, eta, azkenean, nahi ez zenuen zerbait lortu duzu».

Eta telefonoan zuzenean grabatutako doinu horrekin, orain bai, Tom Waits. Nahigabean bezala grabatutako aire hori ere baduelako kantak. AEBetatik etorri zen neska batek jarri zien lehen aldiz, kasete batean, eta berehala harrapatu zuen haren musikak. Hasierako diskoak entzun zituen lehenik —haren lanik «estandarrenak»—, eta gerora zaletu zen benetan, ondorengo diskoekin. Franks Wild Years lanarekin, esaterako. «Horko edozein kanta izan zitekeen».

Eta Italiara doa berehala Murugarrenen memoria. «Orduan ere kotxean entzuten nuen musika. Seat Panda bat neukan, eta Italiara joan nintzen udan, eta bidaia osoan Tom Waits jo eta fuego. Izugarrizko esperientzia izan zen».

 

Manchild - Eels (Beautiful Freak, 1996)

 

«Eels! Bua, Mark Everett!». Hirugarren kantua beste inork hautatu izan balio bezala poztu da aipamenarekin. «Gauzak egiteko oso modu berezi bat dago disko horretan. Asko, bere estudio txikian berak bakarrik egindakoak dira, nik uste. Baina zer kanta hautatu dut?». Manchild, justu Beautiful Freak diskoa amaitzen duen abestia. «Manchild! Abesti zoragarria da hori!». Eta erantzun teknikoa du galderak. «Gitarraren arpegio klasiko bat dago oinarrian, disko batean horrela buka zezakeenik pentsatuko ez zenukeena, eta horrekin batera izugarria da ahotsa modulatzeko duen manera; kanta horretan bereziki, baina bere diskografia osoan. Asko gustatzen zait, bai».

Murugarrenek hasiera-hasieratik jarraitzen dio Everetten ibilbideari, eta, hain justu, Eels izenarekin kaleratutako lehen diskoa da Beautiful Freak. 1996an eman zuen argitara, eta berehala piztu zuen kritikaren eta zaleen arreta. Hamabost disko kaleratu ditu geroztik, eta izen ezaguna da musikazaleen artean.

Dioenez, ordea, normalean ez du arrakastarentzako usaimen handirik. Edo agian bai, baina negatiboan. «Entzuten badut abesti bat, eta gustatzen ez bazait, seguru arrakasta bat dela. Gauza harrigarria da nirea. Atera da talde berri bat, galdetzen didate ea zer iruditu zaidan, 'ba ez zait batere gustatzen', eta seguru hurrengoan jotzen duela BECen eta bete egiten duela. Desbideratu bat naiz. Nik maite ditut B aldean agertzen diren abestiak. Hori da nire bulkada: galtzaileen alde egitea».

«Entzuten badut abesti bat, eta gustatzen ez bazait, seguru abesti arrakastatsu bat dela. Gauza harrigarria da nirea. Desbideratu bat naiz. Nik maite ditut B aldean agertzen diren abestiak»

TXUMA MURUGARRENMusikaria

Eta metodoari buruz egin du gogoeta Murugarrenek orduan. «Berak metodoren bat izango du agian, nik ez daukadana. Eta metodoren bat topatzen badut, sentitzen dut ari naizela gauzak okertzen, edo ari naizela tranpak egiten. Ez zait gustatzen ateratzen dena. Egin ditut halakoak, eta gehienbat enkarguekin, baina gero emaitza ez da... ez da... Ez zait gustatzen gehiegi, ez. Litekeena da, bai, gustuko ditudan musikarien kantak ere metodoren batekin sortuak izatea, eta Mark Everettek ere igual egin ditu horrela, baina zure lan egiteko moduak eramaten zaitu soinu batera, eta Eelsen kanta asko daude patroi horrekin eginda; ez metodoa topatu duzulako bakarrik, agian, besterik gabe, aje hori eta joera hori duzulako».

 

Masterpiece - Big Thief (Masterpiece, 2016)

 

Big Thief da azken boladan maiz entzuten dituen taldeetako bat. 2016an kaleratu zuen bere lehen diskoa, eta Murugarrenek disko horren izen bera daraman kanta hautatu du zerrenda amaitzeko. Kasualitatea. Aukeratu dituen lau abestien artean, azken jarri duen hori delako diskoko azkena ez den abesti bakarra. Rock abesti melodiatsu organiko eder bat da kanta, hasierako sei segundoko pasarte labur baten ostean zuzenean doana parte kantatura, eta zuzenean gero hortik lelora, eta zuzenean berriz oinarrira, eta buelta lelora, eta dena berezko naturaltasun moduko batekin, Adriane Lenker abeslariaren ahotsak eta ia behaztopa egiten duela dirudien Buck Meek gitarra jotzailearen riff-arekin.

«Ez dakit gitarraristaren izena», onartu du Murugarrenek, «baina oso berezia da tipoa jotzen. Batzuetan ematen du oraintxe bertan hartu duela gitarra lehendabiziko aldiz. Baina, klaro, ez da hala. Egiten duzu lan asko, aurreiritziak kentzen hasten zara, eta orduan bakarrik hasi zaitezke jotzen ez bazeneki bezala, baina ondo eginda. Jotzeko modu horiek asko kateatzen naute, eta hori ikusten dut nik Big Thiefen. Adriane Lenkerren ahotsa, tipo honen gitarra eta gero oinarri erritmiko zoragarri hori. Big Thiefek ez dizu tranparik egiten, oso ondo dago dena».

Eta horraino, beraz, Murugarrenen laurak. Gaurkoak, behintzat. Esan duelako hasieratik, agian beste lau izango lirateke beste egun batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.