Lanpetuta dabil egunotan Idoya Otegi (Tolosa, Gipuzkoa, 1960), Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroko zuzendaria. Unima txotxongiloen nazioarteko elkartea lau urtez behin egiten duen batzar nagusia ari da egiten Tolosa eta Donostia artean, datozen urteetarako zuzendaritza aukeratu eta proiektuak zehazteko. 90 kide inguru ditu elkarteak, eta horietatik 53 elkartu dira. Aldi berean, martxan da World Puppet jaialdia. Bi herri horietan, munduko txoko askotako txotxongiloen ikuskizunak ikus daitezke igandera bitarte. Hurrengo Unimaren batzar nagusia 2020an izango da, Balin (Indonesia).
World Puppet jaialdia Euskal Herrian egiten den lehen aldia da. Zer esan nahi du horrek?
Pozik eta harro gaude; baina, era berean, erronka bat da. Batzarra normalean herrialde bateko hiriburuan egiten da, eta ez Tolosa bezalako leku txiki batean. Horregatik da erronka bat, zentro txiki bat garelako, langile askorik gabea. Donostia 2016ren eskutik ari gara egiten, bestela ez litzateke posible izango.
Joan den larunbatean hasi zen jaialdia, eta igandean amaituko da. Zer-nolako balorazioa egiten duzu orain artekoaz?
Areto barruko ikuskizunen atala oso ondo doa. Txotxongilo munduko jendearekin hitz egin dut, eta pozez zoratzen daude; harrituta daude dagoen maila handiarekin. Kaleko atalean, berriz, gauza asko ezin izan dira behar bezala gozatu euriagatik. Gainera, gauero [Espainiako] Unima autonomikoek beren errealitatea aurkezten diete besteei, eta gune hori oso ondo ari da funtzionatzen.
Haurrentzat zein helduentzat prestatu dituzue ikuskizunak. Aurreiritziak apurtzea al da asmoa?
Bai, saiatu gara txotxongiloaren mundua hitzaren zentzurik zabalenean erakusten. Jendeak uste du haurrentzako soilik direla, eta oraindik badago txotxongiloak borradunak soilik direla pentsatzen duenik. Haurrak ikuskizunak ikustera ohituta daude, baina helduei gehiago kostatzen zaie hurbiltzea. Halere, haientzat ikuskizun ezin hobeak daude. Eta kalean ere prestatu ditugu emanaldiak, inoiz antzerkira eta txotxongiloen mundura hurbiltzen ez diren ikusleak erakartzeko.
Ikuskizunez gain, Unimaren batzar nagusia ari zarete egiten. Zer ari zarete lantzen?
Lehenik eta behin, aurreko lau urteetan egin denaren memoria bat egiten dugu, eta, gero, datozen lau urteetan egingo duguna prestatu. Horrez gain, hauteskundeak egiten ditugu zuzendaritza berritzeko, eta hautatua izan naiz.
Zer-nolako garrantzia du batzar hori Tolosan egiteak?
Nahiz eta badakidan jendeari hau ez zaiola asko gustatzen, historian lehen aldia da espainola hitz egiten den leku batean egiten dena. Espainiako Unima Federazioarentzat mugarri historikoa da; nik ez dut berriro batzarrik ezagutuko ez Bartzelonan, eta ez Madrilen. Horrez gain, hemen egiten duguna munduari erakusteko aukera bat da; gure txotxongilolariak bost kontinenteetako jendearekin harremanetan jarri dira.
Gutxietsitako arte bat dela esan izan duzu txotxongiloena...
Krisiak eta kulturaren %21eko BEZak kalte handia egin du. Horrez gain, txotxongiloak oraindik merezi duen postua ez badu ere, pixkanaka ari da lortzen. Ez gaude antzerkiaren edo zinemaren mailan, baina ari da aitorpena lortzen. Bide horretatik jarraitzea espero dugu, eta laster Japoniaren egoeran egotea: bunraku baten manipulatzailea kalean gelditzen dute autografoak eskatzeko. Hemen, agian, emanaldia egiten ari den lekutik bidaltzen dute.
Txotxongiloen kulturan, alde handia al dago herrialde batetik bestera?
Lehenago, alde handia zegoen; bazeuden gauza batzuk oso propioak zirenak. Esaterako, Indonesiako Wayang, han oso tipikoa da. Baina nik uste dut globalizazioa txotxongiloetara ere iristen ari dela. Bakoitzak badu bere herrialdeko ukitua, baina txotxongilo modernoek gero eta antz handiagoa dute. Lehen, ikuskizun bat ikusten zenuen, eta segituan nabari zenuen Japoniakoa edo Indonesiakoa zen, eta, orain, txotxongilolariak estalita badaude eta ez badute hitz egiten, agian ez dakizu nongoak diren.
Euskal Herrian zein da txotxongiloaren egoera?
Badago jendea mundu horretan dabilena. Unima Euskal Herria jendetsuena ez bada jendetsuenetako bat izango da Espainiako Unima Federazioan. Konpainia asko daude, eta nik uste dut lan egiten dutela. Hemen, euskara hitz egiten dutenek errazagoa daukate lana bilatzeko, umeen hizkuntza hitz egiten dutelako. Hori bai, estatuan eta Euskal Herrian, txotxongiloen munduan, hezkuntza arautua falta zaigu. Frantziako Charleville-Mezieres hirian Nazioarteko Txotxongilo Institutua dute; ikasleek beste edozein karrera bezala ikasten dute: txotxongiloen historia, fabrikazioa... Hemen ez dago halakorik. Espero dut Bilbon zabaldu berri duten antzerki eskolan [Dantzertin] txotxongiloen antzerkia kontuan izango dutela.
Idoya Otegi. Topiceko zuzendaria
«Txotxongiloen munduan, hezkuntza arautua falta zaigu»
Unima txotxongiloen nazioarteko elkarteko idazkari orokor izendatu dute Otegi, asteon Tolosan egiten ari diren batzar nagusian. 87 urte ditu elkarteak, eta lehen aldiz hartu du kargu hori emakume batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu