Enkarni Genua antzerki sortzaile, idazle eta kultura dibulgatzaileak (Donostia, 1942) jasoko du aurten Manuel Lekuona saria. Eusko Ikaskuntzak banatzen du, 1983az geroztik, eta orain arte saritu ez duen sormen esparru bat aitortu nahi izan du aurten, eta Genuaren ekarpenari balioa eman. «Txotxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu: ahozko transmisioaren bidez, haurrenganaino heldu da, euren iruditeria aberastu du, eta ahozko euskal tradizioari balioa eman dio», nabarmendu dute, ohar bidez.
Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen Genuak Deustuko Unibertsitatean, eta, 1971n, Txotxongillo taldea sortu zuen Manolo Gomezekin batera. Talde horrekin, 50 urtean baino gehiagoan, txotxongilo antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialdetan.
Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak eta material didaktikoak argitaratu ditu. Haren sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da.
Tolosako (Gipuzkoa) Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen 1992an, baita Topic txotxongiloaren nazioarteko zentroa ere. Hainbat sari jasoa da aurrez ere.
SOSLAIA. Enkarni Genua
Txotxongilo sortzaileari aitortza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu