Txotxongilo egin da erraldoia

Migel Joakin Eleizegiren bizitza ipar, 'Altzoko Haundia' txotxongilo opera sortu dute Donostia 2016k eta Topicek.Nestor Basterretxea zenak diseinatu zituen txotxongiloak

Xabier Paya Donostia 2016ko kultura zuzendaria eta Idoia Otegi Topiceko zuzendaria, aurkezpeneko prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Tolosa
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bi metro eta 42 zentimetroko gizona izan zen Migel Joakin Eleizegi (Altzo, Gipuzkoa, 1818). Bere garaierak eman zion, hain justu, Altzoko Handia izenordea. Eta bere altuerarengatik ibili zen Europan zehar ere, XIX. mendeko zirku eszenaren ikur bilakatuta. Orain, handitasun hori txikitasunera eraman nahi izan du Topic-ek, Donostia 2016rekin elkarlanean, euskarazko Altzoko Haundia haurrentzako txotxongilo opera sortuta —Barakaldo (Bizkaia) Antzokiak ere produkzioan lagundu die—. David Azurzak konposatutako musikaren bidez eta Nestor Basterretxeak diseinaturiko panpinei esker, txotxongilo bihurtu dute pertsonaia. Bada sona handiko beste artistarik ere obraren bueltan. «Izenen artean marka akumulazio izugarria dauka proiektu honek», gogorarazi du Donostia 2016ko kultura zuzendari Xabier Payak, kulturan «erreferentzialak» diren asko daudela. Besteak beste, liburuxka Koldo Izagirrek idatzi du, eta Xabier Lozanok egin du argiztapena. Dena, Emmanuel Marquezen zuzendaritzaren pean. Charleville-Meziereseko (Frantzia) Munduko Txotxongiloen Jaialdian estreinatuko dute, irailaren 12an. Ostean, Donostian eskainiko dute; eta gero, herrietan ikuskizuna egiteko asmoa ere badaukate. Entseguak martxan daude jada.

«Balioetan hezteko obra bati buruz ari gara, balioetan hezteko begirunea lantzen du oinarri-oinarritik, eta kultur ondarearen berreskuratze nabarmena dago bertan», azpimarratu du Payak, diziplina askotarikoa dela laudatzearekin batera: «Diziplinen arteko lotura ezin hobea aurkezten du: ari gara kantuari buruz, txotxongiloei buruz, operari buruz... Oso harreman bitxia da, edo, behintzat, gure lurraldean hain ohikoa ez dena, eta Europako kultur hiriburu baten egitekoa da bide berri horiek zabaltzea». Azaldu duenez, Topicen ideia izan zen emankizuna, eta 2011tik dago hiriburutzaren egitasmoen artean.

Garaikide bezain klasiko

Sortzeko prozesua ekarri du gogora Idoia Otegi Topiceko zuzendariak. David Azurzak jarri zuen proiektua mahai gainean, eta txotxongiloekin eta operarekin aldi berean lan egitera ohituta zegoen zuzendari baten bila abiatu ziren. Hala egin zuten topo Marquezekin. Eta ezin hobeki egin du bat sortzaileak obraren izaerarekin. «Egia bihurtutako ametsa da», definitu du Otegik, operan arreta jarriz: «Musika oso modernoa da, oso alaia, umeentzat egokia».

La Enana Naranja konpainiak antzeztuko du, eta horrez gain, tokian tokiko umeen koru batek interpretatuko ditu kantak: orotara, lau aktore, hiru abeslari —Jagoba Fadrique baxua, David Azurza tenorra eta Maite Arruabarrena mezzo-sopranoa— bost musikari —Tomas Ruti biolin jotzailea, Luis San Sebastian klarinete jotzailea, Rakel Rivera flauta jotzailea eta Iraide Ansorena perkusio egilea— eta koruko hogei bat ume izango dira.

«Tradizioaren eta modernitatearen arteko kontrastea da; dramaturgia sintetikoa, oso ausarta, oso interesgarria». Horrela definitu du Marquez zuzendariak. Badu zerbait berezia, gainera: Basterretxeak hil aurretikegindako txotxongiloen diseinua.«Plastikoa oso garrantzitsua zen, plastikoak musikak bezain garaikidea izan behar zuen. Zorionez, Basterretxeak erronka onartu zuen, eta horrek egiatan hunkitu egin nau. Gizon horren presentzia oso garrantzitsua izan da niretzat». Sortzailea zendu ostean, haren senideen ardura izan da hark imajinatutakoari forma ematea. 40 txotxongilo inguru egin dituzte sortzailearen ideietatik abiatuta.

Hari berari eutsiz, euskal izaerarekin lotu nahi izan du Basterretxearen diseinua: «Pintzel baten bidez eskua eman diote elkarri garaikidetasunak eta tradizioak, nire ustetan, euskal eskulturaren mundua ikusteko era islatzen duena».

Ozeano Atlantikoa ere zeharkatuko du emankizunak, gaztelerara itzulita. Izan ere, mexikarra da Marquez eta haren jaioterrian ere taularatuko dute lana. Xedea: Latinoamerikan ere bidea egin dezala. Bestalde, gorrentzako moldatua egongo dela jakinarazi du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.