Musika

Txoteko Ezpata taldea bost urterekin atera da plazara

'Ilunpean jai duzu' diskoa kaleratu du taldeak, eta lehen kontzertuak ematen hasi dira. Bonberenean grabatu dute kantu bilduma, eta dagoeneko zuzenean aurkezten hasita daude.

Txoteko Ezpatako bost taldekideak, Bonberenean. TXOTEKO EZPATA
Txoteko Ezpatako bost taldekideak, Bonberenean. TXOTEKO EZPATA
urko iridoy alzelai
2024ko azaroaren 15a
05:00
Entzun

Elgoibarko entsegu lokaletan bost urtez entseatzen aritu ondoren, aurrerapauso bat eman du Txoteko Ezpata taldeak. Ilunpean jai duzu diskoa kaleratu berri dute, Tolosako Bonberenearen eskutik, eta estreinaldiarekin batera lehen kontzertuak ematen hasi dira. Elgoibarren aritu ziren urrian, eta Bonberenean gaur joko dute, Aterkings taldearekin batera. 

Hamabi kantuz osaturiko diskoa da Ilunpean jai duzu. Taldeko gitarrista Asier Etxanizek ez dio etiketarik jarri nahi izan beren musikari, baina nolabait sailkatu behar izanez gero, pop eta rockaren arteko uztarketa batean mugitzen dela esan du. «Gure abeslariaren ahots baxu eta melodikoak pop ukituak ematen dizkio taldeari, baina instrumentu jotzaileak rockeroagoak gara». Mikel Cornejo (ahotsa), Josu Iriondo (baxua), Rafa Furnier (bateria) eta Etxaniz (gitarra eta koruak) musikariek osatzen dute taldea. Fitxatu berri dutena gehitu zaie orain: Onintza Loiola (teklatua).

Elgoibarko Udalak entsegu lokalak ireki zituenean hasi ziren entseatzen. Talde askotan ibilitakoak dira musikariak, eta Txoteko Ezpatarekin hasi zirenean bazituzten beste proiektu batzuk martxan, adibidez Maraca Diablo taldea, non Etxanizek, Furnierrek eta Iriondok parte hartzen duten. Baina azkenean, bost urte geroago, beste pauso bat egin dute beren ibilbidean. «Soilik entseatzen aritzean, helbururik gabe, errendimendu txikiagoa izaten duzu» adierazi du Etxanizek. Horregatik erabaki dute diskoa grabatzea eta kontzertuak ematen hastea, «pizgarri bat» edukitzearren. Karlos Osinaga Txap-ekin grabatu dute Ilunpean jai duzu bilduma. «Bonberenean grabatzeko kontsulta egin genuen, eta azkenean bertan aritu ginen. Txapekin grabatzea ere tentazio handia zen». Tolosan pasatutako egunetan taldeak ez zuen argi ondoren diskoa kaleratuko zutenik, baina, azkenean,  «aparteko» egun horiek pasatu ondoren, erabakia hartu egin zutela azaldu du Etxanizek.

Haien kantetako hitzetan erabili zuten lehen aldiz Txoteko Ezpata izena. Etxaniz: «Guretzat, bakero estuak ipinita dabilen pertsona argala da Txoteko Ezpata. Niri hala deitzen zidan amak askotan. Ez du kartekin zerikusirik». Diskoaren izena, berriz, bildumako bi kanten arteko batura da: Ilunpean eta Jai duzu. Lehen kanta Jon Gerediagaren poema batetik abiatu zen, eta ilunpetik atera nahi duenaren istorioa kontatzen du. Jai duzu Harkaitz Canoren hitzekin osatutako abestia da, eta, bakoitzaren esfortzua ikusirik, ondokoen festara batzea du gai.

Hasiera berriak oinarri

Diskoan badira bildumaren haritik ateratzen diren abesti solteak, musikariaren ustez, baina besteak «lokalean edukitako konbertsazioetatik» abiatutako hitzak dira. «Hasiera berriak sortzeaz eta aurrea joateaz hitz egiten dugu diskoan, hori da gaia». Hitzak eta musika sortzeaz arduratu da Etxaniz, baina beste batzuen laguntza ere izan du. Kredituetan, esate baterako, Cano, Gerediaga, Jon Mirande eta Joseba Sarrionandia ageri dira, haien hitzak erabili baitituzte abesti batzuetan. «Ez dugu bi abesti berdinik sortu. Batzuetan musikarekin hasten gara, besteetan hitzekin, baina biei garrantzi bera ematen diegu».

Proiektu berriarekin «oso motibatuta» daudela adierazi du gitarra jotzaileak; halere, kontzertuak lortzeko zailtasunaz mintzatu da: «Ulertzen dugu musika mundua eta horretarako dauden eremuak gazteek kudeatuak izatea, eta agian zailagoa izan daitekeela gure adineko jendearentzat kontzertuak lortzea». Baina «ilusioz» aurrera jarraitzeko asmoa du taldeak, eta, oraindik kontzerturik lotu ez duten arren, Euskal Herriko oholtzak musikaz betetzeko «gogoz» dabiltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.