«Ezin dut jasan/ Zure adioa/ Nire barnean/ Zure aztarna/ Iluntasunak/ Besarkatu nau/ Negua bada/ Urte osoan/ Galeraren orbainak/ Beti ezkutuan/ Atera nahiean/ Iragana izoztua/ Zurea hobetu behar/ Dena hobetu behar». Hitzetan bakarrik ez, melodia eta soinuetan ere intentsitate handiko ilunpeetako post-punkaren arrastoak sumatzen zaizkio Txopet taldearen Ostabe zuloan (Balaunka) EP berriari. Taldearen nortasun ikur den rocka, post-punka eta autotunearekin batera, melodia indartsu eta ausartekin zipriztinduta daude disko berriaren lau kanta, baina kutsu ilunari bizkarra eman gabe.
Jon Fernandez gitarra jotzaile eta abeslariak (Bilbo, 1995), Andoni Barinaga-Rementeria bateria jotzaileak (Bilbo, 1996) eta Iñigo Gueñes baxu jotzaileak (Bilbo, 1994) osatzen dute Txopet. Iazko martxoan grabatu zuten EPa Madrilgo Casa Talisio ekoiztetxean, Jacobo Naya eta Urtzi Izaren eskutik, eta azaroan kaleratu. Aurtengo urtarrilean ekin zioten zuzenekoak eskaintzeari, baina abeslariak istripua izan zuen, eta zuzenekoak eten egin behar izan zituzten. Dena ongi bidean, maiatzean ekingo diote atzera birari.
Nahiz eta jausi diskoaren bidean arakatzen jarraitu du taldeak lan berrian, baina musika estiloan eta soinuan koska bat gora eginez. «Finduagoa» eta «sendoagoa» dela uste du Barinaga-Rementeriak: «Lehen diskorako, burura etortzen zitzaigun guztiak balio zuen, baina oraingo honetan, ideia argiagoak ditugu, eta norabidea, finkatuago».
Hasieran taldeko kideek halako asmorik ez bazuten ere, Nahiz eta jausi diskoaren bigarren parte bilakatu da azkenean Ostabe zuloan. Lehen lan luzea kaleratu zutenean ohartu ziren zuzenekoetarako aski abesti ez zituztela, eta berriak egiten hasi ziren, jakin gabe EP berri baterako materiala ari zirela sortzen. Bigarren disko batean sartzea «urrunegi» geratzen zenez, eta abesti berriak «iraungita geratu ez zitezen», lau kanta horiekin ondu dute EPa.
«Lehen diskorako, burura etortzen zitzaigun guztiak balio zuen, baina oraingo honetan, ideia argiagoak ditugu eta norabidea finkatuago»
ANDONI BARINAGA-REMENTERIABateria jotzailea
Aurreneko diskoaren jarraipen antzeko bat dela onartuta ere, ekoizpenean «lan handiagoa» du bilduma berriak. «Aurrerapauso bat eman dugu», zehaztu du Barinaga-Rementeriak. Abestiak sortzeko «aske» aritu dira, «mugarik gabe», eta euren artean «hobeto elkar ulertuta».
Berriro ere zulora
Oro har, «talde alaia» da Txopet, baina gustuko dute musikaren bitartez egunerokoan azaleratzen ez dituzten gaiak jorratzea. Hortik diskoaren izaera ilun hori: «Gure ardurak eta kezkak musikaren bidez azaleratzen ditugu; musika gure barrua adierazteko modu bat da». Horrela sortu dituzte Negua, Zure bile, Putre grisen menpe eta Honekin nahikoa abestiak. Konturatu gabe lan «nahiko kontzeptuala» egin dutela nabarmendu du Barinaga-Rementeriak. Elkarren osagarri diren lau abesti «nahiko ilun» egin dituzte, hitz eta melodia tristeak erabilita. «Saiatu gara argia topatzen, baina ez dugu lortu. Eta berriz bueltatu gara zulora».
Txopeteko kideak azpimarratu duenez, narratiba komuna eta «ibilbide antzeko» bat marrazten dute abestiek: «Negua abestiak bakardadeari buruz hitz egiten du, eta giro ezkorra eta iluntasuna nabari zaio hitzetan. Honekin nahikoa azken kantan, berriz, argitasun antzeko bat dago, eta nolabait itxi egiten da bide hori. Iluntasunean, daukagun gutxiarekin konformatzen gara».

Soinuari dagokionez, egin dituzte berrikuntzarik. Konposatzeko eta ekoizteko orduan, adibidez, iraupenarekin eta baliabide elektronikoekin jolastu dira musikariak. Autotunea eta ahots distortsionatuak erabiltzen jarraitu dute, baina elementu berriak nahastuta, eta ahots sintetizadorea eta efektuak beste era batera landu dituzte. «Betikoa» egiteko arriskutik ihes egin dute hala.
B aldean, «oparia»
Opari antzeko bat dakar EParen B aldeak. Izan ere, Alai, Malakias eta Otoi-k hiru abestiren remixak egin dituzte, jatorrizko kantak berrinterpretatuta. Malakiasek egin du Negua abestiaren moldaketa,Otoik Putre gisen menpe-rena eta Alaik Zure bile-ren remixa. Biniloari «balio gehigarri» bat eman izan diote horrela. Biniloan ez ezik, plataforma digitaletan ere argitaratu berri dituzte hiru kanta horiek.
Ostabe zuloan lanaren abesti bakoitzak bere bideoklipa dauka. Maitane Camposek ekoitzi ditu. «Bideo sinple» batzuk egiteko asmoarekin jo zuten harengana, eta emaitzarekin ezin gusturago geratu da taldea: «Lan izugarria egin du. Hitzek eta melodiek transmititzen ziotena irudietan islatzea lortu du». Bideoklipak ongi lotzen zaizkie kantei, eta haien «osagarri» dira guztiz, taldeko kidearen esanetan.