Liburu azokak topaketarako leku egokiak dira: idazleek horien irakurleak ezagutzeko aukera da, baita idazleen arteko harremanetarako aukera ere. Bada literaturak ahalbidetzen duen lotura berezi bat. Joseba Sarrionandia literaturatik lotu zaio berriz Txomin Peilleni, 2022an zendu zen bere idazle adiskideari; sakabanaturik geratu ziren testuak argitan ezarri ditu Txomin Peillenen testuen bilduma liburuan (Euskaltzaindia).
Nolako idazlea zen Txomin Peillen?
Zerotik hasi behar izan zutenetako bat da, gerra zibilaren ondoren eta, gero, bigarren mundu gerraren ondoren; euskal literaturak orduan zerotik hasi behar izan zuen, eta idazle bakoitzak lan asko eginez ekin zion. Aitzindari horietarik bat izan zen Txomin Peillen.
Poligrafoa zen, aldi berean, ze gauza asko egin behar izan baitzuen: nobela, poesia, ikerketa, biologia, politika... Gauza diferente asko. Nire ustez, gero, bere lana sakabanatuta gelditu da, erdi ahaztuta. Nik egin dudan lana izan da hautatzea, pixka bat. Bere kasuan, obra guztiak biltzea ia ezinezkoa da, gehiegi direlako. Hautaketa bat egin dut.
Zeren araberako hautaketa?
Gaika banatu dut: idazlan autobiografikoak, alemanak Parisen egon zirenekoa, Zuberoaren liberazioa, berak Aljeriako gerran parte hartu izanari buruzkoak, linguistikako lanak, antropologiako lanak, literatura zaharrari buruzkoak, literatura berriari buruzkoak... Eta, beste multzo batean, politikari buruzkoak.
Anitz idatzi zuen, euskaraz, gehienbat, baina euskara berrikasi behar izan zuen, ezta?
Bai, bai. Nire ustez, bera hasi zen... Gurasoak euskaldunak zituen, baina Parisen bizi baitzen galdu zuen ume denboran eta errekuperatu zuen 15-16 urterekin. Batez ere, Andima Ibinagabeitiaren laguntzarekin lortu zuen. XX. mendeko euskal idazle eta itzultzailea izan zen hura, eta Peillenen adiskide mina.
Espainolez ere idatzi zuen Peillenek. Poligrafoa zen, gai desberdin asko interesatzen zitzaizkion eta jakin-min handikoa zen beste kulturei buruz.
Bere testuen bilduma aurkezten duzu egun. Haren lanaren gehiago transmititzeko asmoz?
Txominen liburuak argitaratu dira, bai: nire ustez, Peillenek izango ditu 50 edo 60 liburu argitaratuak; zabalkundea, agian, ez da hainbestekoa izan, baina baditu liburu asko. Kasu honetan, batez ere haren artikulu sakabanatuak izan dira nire interesekoak, aldizkari zaharrak zailagoak baitira lortzen. Orduan, testuak bilatu ditut aldizkari horietan, eskuraezinak direnak, normalki. Artxibo lana izan da.
«Peillenek izango ditu 50 edo 60 liburu argitaratuak; zabalkundea, agian, ez da hainbestekoa izan, baina baditu liburu asko. Kasu honetan, batez ere haren artikulu sakabanatuak izan dira nire interesekoak»
Kasik bi urte eta erdi dira Txomin Peillen hil zenetik; zure adiskidea zen...
Aspalditik izan dut harremana. Ezagutu nuen Santa Grazin [Zuberoa], behin joan nintzela bisitatzera, 18 urte nituela-edo. Eta, gero, kartzelan nintzelarik ere, bagenuen gutun harremana; beti izan da erreferente bat niretzat.
Itzuli nintzelarik [Euskal Herrira], mingarria izan zen bera gaixorik aurkitzea, erdi ezinduta. Pena handia izan da bera joatea...
Liburu hau aukera da hari zerbait itzultzeko, nolazpait?
Niretzat aukera da haren lanak errekuperatzea; eta, gero, jende gehiagorentzat ere bai. Txomin idazten hasi zenean, arazoa zen idazle gutxi zirela, eta, orain, nire ustez, badaukagu idazle eta kultura idatzi asko, baina transmisio zubiak ahulduak ditugu. Gaur egun irakurleak falta dira. Inportantea da Txominek egindako lana iristea jendearengana.