Ahantz dezagun/ azken asteen tristura/ zutik nira eta nitik zura/ bertsoa pozik sortu da/ entzuleen zerbitzura», bota du bertsoa Irantzu Idoate bertsolari gazteak, Izpuran (Nafarroa beherea), 53. Bertso Egunaren abiatzeko.
Aurreikusi baino haboro jin dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirreren bertsoen aditzera.
Taula gaineko argiek kutsu dirdiratsua lotu diote emanaldi interdiziplinarrari. Paxkal Irigoien, Mirentxu Lazkano eta Xabi Etxeberrirenak izan dira lehen notak: «Motibo baten bila nabil egunero». Kantua akitu bezain zalu, Aimar Karrikak lerro pare bat erantsi dizkio, eta publikoa ziztatu du: «Motibo baten bila bazatozte, ea bertsoaren arantza barruraino sartzen dizuegun».
Agurra egin du bertsolari bakoitzak, eta Colinak geopolitikaren gordinari itxaropen printza landatu dio: «Izurriak hemendik, bonba hotsak handik/ nahiz ez espero munduarengandik/ gauza oso ederrak, baditu oraindik».
Gaiaren goibelak iraun du oraino amiñi bat; Maialen Lujanbioren bertso baten interpretazio librea egiteko eskatu baitie Karrikak bertsolariei. Agirrek bota du berea, ez hain alegera: «Gerra batean galdu litezke/ bizitza edo bi zango/ baina baten bat aberasten da/ [...] hementxe daude Putin eta Biden/ [...] frontera eurek joan behar balute/ ez zen gerrarik izango».
Paxkal Irigoienen kantu arrakastatsuak puskatu du paisaia hitsa: «Supermerkatuan, bankuen oholtzetan, sare sozialetan». Preseski, Karrikak taulagaina supermerkatu bestelakotu du, Iguaran eta Agirre guduka umoretsu baten protagonistak bihurtuz: dieta egiten ari baita lehena; bigarrena, berriz, goxokien apalategia da. Iguaranek deliberatua du bataila irabaztea: «Tentaldi hau ezin dut/ jausi gabe jasan/ igual hartuko zaitut/ bakeak har nazan [...] zu usainduko zaitut/ ta azalorea jan».
Parkean jarria den eta promenatzaileak behatzen dituenaren buruan murgildu dira Colina eta Ibarzabal. Lehenak bota dion amuari, Ibarzabalek bukaera juntatu behar izan dio, eta publikoari laket izan zaio. Colina: «Bizkaiko txapelduna/ pasa zaizu aurretik». Ibarzabal: «Bizkaiko txapeldunak/ asko du txarretik/ ezin du asko egin/ txapel bakarretik/ eta jan nahiko luke/ besteen larretik/ eta sustrairen bila/ doa nonbaitetik».
Ariketek ez dute etenik, eta, oraingoan, hiru izpurarren arteko eleketa ezarri dute dantzan Iguaranek, Ibarzabalek eta Agirrek. Ezantzaren garestitzeaz eman du Agirrek bere aburua: «Kotxea ezin mugi liteke/ hori ez liteke uka/ berriro oinez hasi gaitezen/ danoi komeni zaigu ta».
Bakarka ariarazi du oraingoan Karrikak Colina: «Leku horretan sartzen zaren aldiro, orduko bizipen hura heldu zaizu gogora». Lehenik, Elizaren sexu gehiegikeria ekarri du Colinak: «Alto esan eta/ ez zen gelditu/ intsentsu usainak gauza/ gehiegi estaltzen ditu». Haur oroitzapen goxoa ezarri du gero sukaldeko mahai gainean, eta, gai berari ihardetsiz, gaztaroko lehen esperientzia sexualaren lehen diaporama baizik ez du erakutsi nahi izan, intimitatea mikrotik at atxikiz: «Muxu batean ez zen/ geratu beharrik/ baina kanta dezaket/ lehen bertsoa bakarrik». Irriz lehertu da aretoa.
Saioaren kadentzia eten dute Dom Campistron ilustratzailearen errotulatzaileek: lili sorta bat marraztu du, eta, bertze orri batean, handizki, emazte bat alboz, dotorea, ilea mototsean bildua, eskua altxaturik. Finitzean, artistak potta eman dio ezpainetan, lili sorta eskainiz.
Bertso Eguna ontsa harilkatu dute antolatzaileek, Ibarzabal eta Agirrek bi hezitzaileren rola hartu baitute, zeintzuek beren ikasle baten lekukotasunaren berri ukan baitute: sexualitateari dagokionez jasan dituen umiliazioez. Jakinez Campistronek Bekatorosak liburuan bildu dituela egiazkoak.
Ibarzabalek gainerako bertsolarien «barneko kilkerrak» zein sasoitan ilkitzen diren hautatu behar izan du. Iguarani udaberrian hasten zaio jauzika kilkerra: «Behin atera zen nire ahotik/ saltoz zen txapelketa garaian/ eta plazaz plaza nabil geroztik/ kilkerra aurkitu nahian».
Kilkerraren udaberriko saltoa izan zitekeena dantzatu dute Bilaka konpainiako Zibel Ameztoi eta Arthur Baratek, betiere zuzeneko musikaren txirrikaz.
Hil hurran den amari —Iguarani— azken agurra ematen dion semea bilakatu da Colina beste une batean, eta aitortu dio mutil laguna duela.
Puntukako hondar ariketa publikoak emaniko gaiekin ondu dute, umoretsu, Colinaren sexu eszena ebakia osatu nahian: «Azken bertsoa daukat/ ezin lixeria/ zer zen: misterioa/ edo alperkeria?».
Txirrita txirrika ari izan da
Bertsolarien, dantzarien, margolarien eta zuzeneko musikarien lana troxatuz ospatu dute Bertso Eguna Izpuran. Emozioak umoreari juntatu zaizkie emanaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu