Txirrita, fartsaren auzitegian

Xabier Letek idatzi eta 1982an estreinatutako 'Gabon, Txirrita' antzezlana berriro taularatuko dute irailean, Donostian eta Urnietan, bertsolaria hil zela 80 urte bete diren honetan

Duela 34 urte egin bezala, Urnietako hainbat herritarrek taularatuko dute Gabon, Txirrita antzezlana. Irudian, herenegun, entseguan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Urnieta
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Musean dabiltza lau lagun sagardotegian, etxeko nagusiaren begiradapean. Aldamenean, mutil gazte batzuk, edalontziak eskuetan eta barre artean. Ingurukoak dira horietako bi, andaluziarrak beste hirurak, eta begirada lizunak botatzen dizkiote zerbitzari dabilen neska gazteari, sagardo gehiago eskatzearekin bat. Pitxerraren bila atera da neska, mutilak elkarrizketan utzita, baina zer edo zer ez da ongi josi. «Hau ez da horrela», moztu du Miren Gojenolak. Gazteei azalpenak emateko une batez entsegua eten du zuzendariak. Ongi ari direla esan die, baita zuzendu beharrekoak zein diren ere; atzera egin, eta konponduko dutela eszena. Utzitako lekuan jarraitu dute antzezlanarekin guztiek, eta iluntzera arte luzatu da entsegua.

Horretan zebilen herritar talde bat Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe aretoan herenegun, duela hiru hilabetetik hona astero bitan egiten duten bezala, Gabon, Txirrita antzezlana entseatzen. 45 lagun inguruko taldea da; urnietarrak dira denak, eta aktore profesionalak ez izan arren, arduraz eta gogoz heldu diote Xabier Letek idatzi zuen lana berriro taularatzeko erronkari. 1982an estreinatu zen antzezlana, Urnietan bertan eta herritarrek antzeztua orduan ere, eta, bertsolaria hil zela 80 urte bete diren honetan, berriro emango dute jendaurrean. Orduan Leteren zuzendaritzapean egin bezala, orain Miren Gojenolaren eta Mikel Laskurainen aginduetara dabiltza lana prestatzen. Bi emanaldi iragarri dituzte irailerako: 10ean Donostian, eta 23an Urnietan.

«...nere aipamenak izango dira beste larogei urtian», kantatu zuen Jose Manuel Lujanbio Txirrita-k, eta bistan da asmatu zuela. Esan bezala, aipamenak soilik ez, antzezlanak ere izango baitira bertsolariari buruz, haren heriotzaren urteurrenean. Zer-nolako aipamenak izango diren, ordea, ikusteko dago, denetarik egongo baita. Herri antzerkian tradizio handiko generoa diren fartsa auziak oinarri hartuta, epaiketa bat egingo baitiote Txirritari antzezlanean. Epaiketa, baina umoretsua betiere. Sagardotegiko giroa edo baserriko sukaldeko elkarrizketak ere irudikatu dituzte, baina auzi gelan gertatzen da kontakizunaren zatirik handiena. «Historiaren epaitegian» juzgatzen dute Txirrita, haren izaera, ibilerak eta zenbait bertso froga gisa hartuta. Eta, noski, epaiketan aurkakoak nahiz aldekoak agertuko dira, alfer hutsa baitzen Txirrita, batzuen ustez; mutil ona,besteentzat, elizatik urrutiegi eta tabernatik gertuegi zebilena, umoretsua, neskak engainatu zalea, eskuzabala, diru xahutzailea... Haren senideak, lagunak, herriko apaiza nahiz hainbat emakume... pasatuko dira aretotik lekukotza ematera, eta adi entzungo diete epaileak, fiskalak, defentsak eta Txirritak berak ere.

Eskarmentu handiko taldea

Zuzendari lanetan gustura dabiltza Miren Gojenola eta Mikel Laskurain. «Miren dabil, batez ere», zehaztu du Laskurainek. Joxean Goikoetxearena izan zen obra berreskuratzeko ideia —hark jarriko dio musika zuzenean—, eta,bi aktoreak herri antzerkietan laguntzen maiz aritu izan direnez, parte hartzea proposatu zieten. «Produkziorako jendea behar genuen, eta Mikeli bururatu zitzaion Maribeli [Tardio] eta Jaioneri [Jauregi] esatea, eta ezin hobeto, tailerretan nahiz herri antzerkietan ibilitako aktoreak ezagutzen zituztelako», azaldu du Gojenolak. Deialdi bat egin zuten aktoreak topatzeko, eta herritar asko animatu zen. «Saiatu ginen gehienak urnietarrak izaten, ez gara Txirritaren aktorearen bila kanpora joan. Hark baino 60 kilo gutxiago dituela? Ba, bueno, hau da gure Txirrita», gehitu du Laskurainek, umorez. Haritz Zubillaga ariko da bertsolariaren rolean. Aktoreek beren lana «oso serio» hartu dutela diote bi zuzendariek, eta eskarmentu handiko talde amateurra dela. Biren kasua berezia da: batetik, Jokin Izagirrerena, 1982ko obran ere parte hartu zuelako eta rol berean, Txirritaren defentsa egiten ariko baita oraingoan ere; eta bestetik, Jose Mari Berasategirena, obrako aktore profesional bakarra eta Leteren familiakoa baita urnietarra.

Leteren jatorrizko testuari bere hartan eutsi diote, aldaketa txikiren bat gorabehera. Eta horren bidez, Txirritaren irudi bat eskainiko diete ikusleei. Gojenolaren ustez, «umoretsua, jatorra, lagunen laguna eta zirikatzailea» da antzezlanekoa. «Eta gauzak argi zituena ere bai», gehitu du Laskurainek; «baserriko maiorazkoa izanik, uko egin zion, ez zuelako bere burua ikusten aitak egin zuena egiten; nahiago zuen bertsotan aritu, nahiz eta hori garai hartan oso gaizki ikusia zegoen. Nortasun handikoa zen».

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Urnietako Udalak sustatu dute antzezlana. Txirritarena Shakespeareren eta Cervantesen 400. urteurrenekin bat etorri izanaren harira, «kultur erreferenteen elkarbizitzaren garrantzia» aipatu du D2016ko programazio arduradun Xabi Payak. Txirritak, bere bertsoekin, herritarrei garaiko gertakarien kronikak eskaini zizkiela nabarmendu du, baita orduko bere zenbait bertso gaur egungo ikuspegitik polemikoak izango liratekeela ohartarazi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.