Txinaraino inspirazio bila

Judas Arrietaren Pekingo estudioan egon dira Luis Candaudap eta Alain M. Urrutia, eta 'Goazen Txinara!' programan parte hartu dute2012an Pekinera joateko beka eskuratzeko epea urtarrilaren 30ean bukatuko da

Luis Candaudap eta Alain M. Urrutia artistak, atzo, Bilbon, Txinan izandako esperientziaren berri ematen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Manga Art Studiok euskal sortzaileen lana sustatu nahi du Txina aldean, eta, horretarako, Euskal Herrian bizi diren artistei Pekin hirian bi hilabeteko egonaldia burutzeko aukera ematen die. Judas Arrieta artista hondarribiarra dago ideiaren atzean. Hura orain delasei urte joan zen Txinara, eta, ordutik, han ari da bere sormen lana burutzen. Luis Candaudap Guinea eta Alain M. Urrutia bilbotarrak izan ditu apopilo aurten, eta Euskal Herrian bueltan dira jadanik.

Urrutiaren orain arteko ibilbide artistikoa laburra bezain bizia izan da. Igandera bitartean haren lanak Arte Lisboa ferian daude ikusgai, eta 2012ko Madrilgo Arco azokan hartuko du parte. Lehenengo aldiz erakutsiko ditu bere lanak Santanderko Juan Silio galerian, gaur egun Espainian dagoen galeria onenetako batean. Candaudap, berriz, ibilbide artistiko luzeko artista da. Sari eta diru laguntza asko irabazi ditu. Euskal Herriko eta Espainiako arte bilduma garrantzitsu gehienek dute haren lan bat edo gehiago.

Arrietarekin batera, arte munduko bi aditu txinatarrek osatu dute epaimahaia: Liu Xing komisario independente eta Eskola Berdea taldeko partaideak eta Jiang Da Hai Pekingo Central Acedemy of Fine Artseko pintura abstraktuko irakasleak. Aurten euskal artistek 68 proiektu aurkeztu dituzte Goazen Txinara! egitasmora. Lan guztien artetik hautatu dituzte Candaudapen Pintura negra, color pánico; una aplicación del color a través de la sorpresa eta Urrutiaren Hong, Guang, Liang. Bi artistak abuztuaren 1etik irailaren 30era bitarte egon dira Pekingo MA Studion. Bertan, programarako aurkeztu dituzten proiektuak garatu ahal izan dituzte.

Bizipen aberasgarria

«Kontraste kulturalak eta beste artista batekin ideiak trukatzeak freskotasuna eman dit», azaldu du Urrutiak. Etxetik kanpo bi hilabetez lan egiteak aberastu egin ditu aurtengo bi artista aukeratuak. «Proiektu honen helburuetako bat artistei etxean eskuragarri ez dituzten materialekin estudio handi batean lan egiteko aukera ematea da», nabarmendu du Arrietak. Eta horretarako aukera ematen du Txinak, osagaiak Euskal Herrian baino merkeago daudelako salgai. Horrez gain, beste artista batzuekin lan egitearen xarma azpimarratu du. Estudioa Pekingo iparraldeko periferian dago, 318 izeneko gunean. «Hiritik ordu eta erdira gaude hemen; Pekinen hamar artista komunitate daude, eta gurean ehun estudio ditugu», azaldu du Arrietak. «Giro polita dago egunero jendea sormen lanean ikusten duzulako». «Esperientzia benetan aberasgarria izan da», gaineratu du Candaudapek. Inspiraziorik ez da falta milaka urteko kultura eta modernizazio bizkor-bizkorra batzen dituen Txinako gizartean. Arrietaren esanetan, «Txina artearen Far Westa dela esan dezakegu, eta Pekin, legerik gabeko hiria». «Mendebaldeko artelan arrakastatsuen bertsioak egiten benetan trebeak dira txinatarrak», dio Candaudapek.

2011. urtean Txinak bere garapen ekonomikoari esker garrantzi handia eskuratu du. «Txinako arte garaikidea deigarrienetako bat da, eta etengabe haziz doa. Krisiak eragindako erbesteko arte biltzaile, instituzio eta museoen erosketen balaztadak ez ditu sortzaile txinatarrak izutu, eta aukera berria aurkitu dute txinatar aberats berriengan», azaldu du Arrietak.

Munduko arte merkaturik handiena bilakatu da. Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan arte garaikideak 70 urte behar izan ditu garatzeko; Txinan, ordea, 30 urtean mugimendu artistiko ezberdinak sortu dira. Nazioarteko museoetan eta mundu guztiko arte biurtekoetan lekua duten eta enkante garrantzitsuenetan merkatua bereganatzen duten artista belaunaldiak eman dira. «Bizirik dauden hogei artista aberatsen zerrendan 11 txinatar daude. Horregatik da Etxepare Institutuak bultzatutako egitasmo honen helburua hemen euskal artea bultzatzea eta Euskal Herritik etorritako artistei Txinako arte agertokietan gertatzen ari dena ikusteko aukera ematea».

Iaz lau artista izan ziren Pekingo estudioan: Isabel Herguera, Juan Aizpitarte, Aitor Lajarin eta Iñigo Salaberria. Lau urte bete ditu euskal artistentzat Txinan egiten den erresidentzia programak. Hasieran 40 lan aurkeztu ziren; bigarren urtean 60, eta hirugarrenean 86. 2012. urte hasieran MA Studioko egonaldira etorritako bi artisten artelanekin talde erakusketa bat egingo da Pekingo erakusketa areto ezagun batean. Erakusketarako katalogo bat argitaratu da. Argazkian artista bilbotar biek eskutan dutena, alegia.

Lehiaketaren oinarriak

Hurrengo deialdirako proiektuak aurkezteko aukera dago urtarrilaren 30era arte. Deaialdiak sustatuko dituen proiektuak arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura izango dute, eta 2012an beteko dira Pekingo MA Studion. Aukeratutako artistek bi hilabete emango dituzte bertan proiektua egiten, abuztuaren 1etik irailaren 30era arte.MA Studiok lanlekuaren gastuak eta artista bekadun bakoitzaren bidaia ordainduko ditu. Horrez gain, egonaldiaren azken egunetan erakusketa bat antolatuko da eginiko lanekin. Bertako eta nazioarteko egileekin, galeriekin, erakundeekin eta artearekin lotura duten hainbat pertsonarekin harremanak gauzatzeko aukerak ere moldatuko dira. Txinara joateko aurkeztutako proiektua bi hilabetean amaitu beharko dute, eta epe horretan eginiko artelan bat lagako dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.