Txina eta Euskal Herriaren arteko zubia bi norabidekoa izateko asmoz

Goazen Txinara programaren bosgarren aldirako deialdia urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik

Judas Arrieta artista eta Koldo Almandoz zinemagilea, atzo, programaren aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Pekingo MA Studiok antolatuta, eta Etxepare Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, Goazen Txinara programaren helburua da euskal artea Txinan sustatzea. Egitasmoaren bosgarren aldia aurkeztu zuten atzo Donostian, eta deialdia urtarrilaren 30era bitartean egongo da zabalik. Arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura duten, eta bi hilabeteren buruan egingarri diren bi proiektu aukeratuko ditu ondoren epaimahaiak. Judas Arrieta ideiaren sortzaile eta bultzatzailearentzat «amets baten modukoa» da programa. «Amets egiten» jarraitu nahi du artistak, eta Txina eta Euskal Herriaren artean sortutako zubia, «norabide bakarrekoa» izan beharrean, «bi norabidekoa» izatea desiratzen du.

Arrietak berak eta «Txinako arte kritikari batek eta unibertsitate irakasle batek» osatuko dute epaimahaia. Haiek hautatuko dituzte bi proiekturen irabazleak, eta gero, abuztuaren 1a eta irailaren 30a bitartean, bi artistek egonaldi bat egingo dute MA Studion. Egonaldi horren azken egunetan, erakusketa bat paratuko dute bi hilabete horietan landutakoarekin.

Azken lau urteotan, Euskal Herriko 30 artista baino gehiago aterpetu ditu Pekingo estudioak, eta 23 ekintzatik gora egin dira haien lanen bueltan,«direla erakusketak, direla festak...». Orain arte, hamabi artistak lan egin dute Goazen Txinara programaren barnean. 2009an, Lorea Alfaro, Tasio Ardanaz, Carlos Irijalba eta Jasone Miranda Bilbaok egin zuten bi hilabeteko egonaldia; 2010ean, Isabel Herguerak, Juan Aizpitartek, Aitor Lajarinek eta Iñigo Salaberriak; 2011n, Alain M. Urrutiak eta Luis Candaudapek, eta iaz, berriz, Ismael Iglesiasek eta Koldo Almandozek.

Hain zuzen, zinemagileak ere parte hartu zuen atzo, aurkezpenean. Izan ere, joan den urteko egonaldian gauzatutako lanekin osatutako katalogo bat aurkeztu zuten, bide batez. Almandozek programaren balioa nabarmendu zuen, «esperientzia berriak» bizitzeko aukera eman diolako. «Hainbat film» batuko dituen «film bat» ontzea da Almandozen proiektua. Hiru istorio baliatuko ditu: batetik, tokian tokiko kontakizun bat, Pekingo unibertsitate bateko ikasleekin egindakoa; bestetik, kung fu film bat; eta, azkenik, egonaldiari buruzko eguneroko bat.

Hergueraren tailerrak

Horretarako, filmaketa ugari egin zituen. «Oroitzapen onak ditut orain. Esperientzia bikaina izan zen, baina halako toki batean filmatzea eta guk nahi genuen bezala egitea, gainera, infernua izan zen». Bildutakoa muntatzen ari da orain.

Ez zuen jakinarazi noiz bukatuko duen. Arrietak, ordea, bi berritasun plazaratu zituen. Hala, Urrutiak, 2011n programan parte hartu zuen artistak, erakusketa bat irekiko du Pekinen maiatzean, MA Studioren eta hango galeria pribatu baten arteko lankidetza baliatuz. Isabel Herguerak, berriz, animazio tailer bat emango du urtero Txinako hiriburuko Arte Ederren Unibertsitatean, MA Studioren eta unibertsitateak iritsitako akordioari esker.

Txina eta Euskal Herriaren arteko harremanetik egitasmoak sortzen ari dira, Arrietaren ustez, nahiz eta «oso zaila» izan. Gauza gehiago bultzatu nahi ditu. «Adibidez, gure estudiotik pasatutako artisten eta hangoen arteko erakusketa partekatu bat jarri Txinako bizpahiru herritan, eta gero hona ekarri». Lankidetza sustatu nahi du Arrietak. Hala, Koldo Almandozek zuzendutako The Balde aldizkariaren azken alean parte hartu du editore gisa.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.mastudiobeijing.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.