«Larba» ziren orain urte batzuk Lain taldeko kideak. Youtubera Lor taldearen Zure doinua abestiaren bertsio bat igo, eta berehalako arrakasta lortu zuten nerabeek. Gero, Lain (2009) eta Leihoak (2011) diskoak plazaratu zituzten, eta azken urteotan, lokalean sartuta egon dira, «kuskuan». Orain, baina, «tximeletak» dira. Hori aldarrikatu nahi izan dute Baga Biga diskoetxearekin argitaratutako izen bereko lanean. Metamorfoseatu egin dira, baina esentziari uko egin gabe. Eboluzionatu dute; rockaren erritmoetan murgiltzeko.
«Lain erabat aldatu da?». Galdera airera bota du Baga Bigako partaide Ritxi Aizpuruk. Eta bere buruari egindako galdera erantzun du. «Erabat ez, baina badago aldaketa bat». Erpinez erpin kimatu ditu eraldaketaren ezaugarri horiek: «Orain indartsuagoak dira. Punteo sasi heavyak apaldu dira, baina rockaren indarra da nagusi». Aitzitik, nolabaiteko sugar horrek ez die sentiberatasunik kendu. Horixe ziurtatu du. «Badira oilo ipurdia jartzen duten kantak».
Estiloa, ordea, ez da goraipatu duen bakarra; diskoa osatzen duten 11 kantuen letrak ere izan ditu gogoan. «Literatura erraza egiten dute, baina badira metafora batzuk». Eta Javi Rivero baxu jotzaileak biribildu du: «Lehen ez genuen hainbesteko esperientziarik. Oraingo diskoan, gaiak—zer esan, nola esan...— oso neurtuta daude».
Harremanak, nork bere buruari jartzen dizkion maskarak, taldearen ibilbidea... Horra hor jorratutako ertzetako batzuk. Helduagoa da dena. Hala ondorioztatu du Kristina Aranzabe bi abeslarietako batek atzera begira jarri ostean. «Hasieran, gehiegi landu gabeko zerbait izan zen, guregana heldu zen zerbait. Orain, zerbait pertsonalagoa eta landuagoa da, partaide bakoitzak parte hartu duen lan bat». Arrazoia eman dio beste kantari Leire Berasaluzek, eta popetik urrundu direla nabarmendu du.
Egun, sei musikarik osatzen dute taldea. Bi kantariez eta baxu jotzaileaz gain, bateria jotzailea (Jon Altuna) eta bi gitarrista daude (Joseba de Arriba eta Mikel Benito). Maiatzean taularatuko du seikoteak Eñaut Gaztañagak nahastutako eta ekoiztutako lana. Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean eskainiko dute lehen kontzertua, hilaren 9an, kolaboratzaileekin batera. Ostean, Zamudion (Bizkaia) eta Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira, hilaren 23an eta 30ean, hurrenez hurren.
Tximeleta egin da larba
'Tximeletak' hirugarren diskoa kaleratu du Lain taldeak, orain arteko estiloari uko egin gabe, baina inoiz baino rock gehiagorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu