Kontsentsuko profila egin ohi zaio Eduardo Txillidari, eta egunotakoa ez da salbuespena izan. Haren ibilbide artistikoa ez ezik, maiz azaltzen dira Reala futbol taldeko atezain egin zuen denboraldiari buruzko aipamenak ere; gogoratzen dira ETAren indarkeria salatzeko sinatutako manifestuak, eta nabarmentzen dira 70eko hamarkadaz geroztik Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial eta erakunderentzat sortutako logotipo eta irudiak ere: Deban (Gipuzkoa) egin asmo zuten zentral nuklearraren aurkakoa, Euskal Herriko Unibertsitatearena, eta 1977ko amnistiaren aldeko mugimenduarentzat marraztutakoa, kasurako. Ezin urriagoak dira, ordea, haren jatorri sozial eta politikoari buruzko oharrak. Aipatu gabe geratzen dira artistaren aitak frankismoan izan zuen parte hartzea eta Eduardo Txillidak berak gazte zela Parisen gazte errepublikano bati egindako erasoa. Eta, hain zuzen ere, aurrez 2006. urtean BERRIA egunkarirako idatzitako iritzi artikulu batean egin bezala, Hedoi Etxarte idazleak orain ere salatu ditu hutsune horiek egunotan artistari eskainitako testuetan. CTXT aldizkarian argitaratu du artikulua, La importancia de llamarse Chillida titulupean.
Testu horretan, Etxartek 1936ko altxamenduaren lehen lerroan jartzen du Pedro Txillida Aranburu, eskultorearen aita. «Donostian kolpea antolatu zuten lau gizonetako bat izan zen». Talde paramilitarrak antolatu zituela kontatu du idazleak, eta, lehen saiakeran kale egin ondoren, espetxeratu egin zutela, Ondarretan lehenik, eta Bilbon ondoren, harik eta 1937an altxatuek hiria hartu eta aske utzi zuten arte. Epaile militarra izan zela ere adierazi du Etxartek, eta bermerik gabeko epaiketetan akusatuak hil ala bizi egingo ote ziren ere erabaki zuela.
Vicente Talon, Manuel Chiapuso eta German Ruiz Llano historialarien lanak aipatzen ditu datu horien bermetzat, eta Espainia armekin defendatzen egindako lanagatik jaso zuen ohorezko dominaren irudi bat ere gehitu. Edonola ere, Etxartek argitzen duenez, «ez dago inor epaitzerik gurasoek egindakoagatik». Datu horiek ez agertzea salatzen du, hain zuzen ere.
Artikuluan gogora ekartzen da beste anekdota esanguratsu bat, halere. 1949an, norbaitek Espainiako bandera bat jarri zuen unibertsitatean, eta Txillidak, iskanbila baten erdian, ia leihotik bota zuen hura kentzen saiatzen zebilen gaztea, Oriol Pala izenekoa.
BERRIA egunkarian ere, halaxe kontatu zuen pasarte hori Amagoia Iban kazetariak, 2017an arte abangoardiei eskainitako artikulu batean.
«Atzean utzi zuten giroaren nolakoa, Frantziako Barne ministro eta lehen ministro izandako Manuel Vallsen aitak, Xavier Valls margolari katalanak eman zuen, La meva capsa de Pandora (Nire Pandoraren kutxa) autobiografian. Vallsek, liburu horretan, 1949ko ekainaren 26a dakar gogora, eta egun horretan Parisko Unibertsitate Hirian ikasturte amaierako Garden Party festa egin zutela aipatzen. Eduardo Txillida goratua Pablo Palazuelo margolari espainiarrarekin gogoratzen du Vallsek,«Francok 'gorri separatista' horiek behar beste ez zituela akabatu» esaten. Espainiako pabiloian bandera frankista zabaldu zutela eta, egun hartan bertan, eskandalua izan omen zen geroxeago unibertsitateko ikasleen gela batean. Zer gertatzen ari zen ikustera igo ziren Valls eta lagun batzuk gelara. «Jordi Anguera lurrean aurkitu genuen. Palazuelo ostikoka ari zitzaion; beheko ezpaina odoletan zuen, hortz batek zulatuta. Txillidak Oriol Palari azken bultzada eman eta eraistea eragotzi zuten [Vallsen lagunek], eskerrak! Palak oin bat leiho kanpoaldean zuen jada, izan ere, bandera hartu eta mastatik kentzeko». Behin Pala lurrera botata, Txillidak ostikoka eraso omen zion. Egun hartatik, bai Txillidak bai Palazuelok Parisko Maeght galerian erakusten zutenero, Valls erakusketara joan omen zen, eta bisita liburuan idatzi: «Oraindik ere gogoan dut 1949ko Garden Party-a».
Nestor Basterretxearen hitzak ere badakartza gogora Etxartek bere testuan –hain zuzen, ehun urte beteko dira aurten Basterretxea jaio zenetik–. Horiek ere BERRIA egunkarian argitaratutakoak. 2006an, normalean isilean gelditu ohi den «beste Txillida» horri buruz idazteko beharra aipatu baitzion Basterretxeak Irune Berro kazetariari. «Faxista hutsa zen. Bere aita Molaren gizonetako bat izan zen Gipuzkoan. Jendeak ez zuen benetako Txillida ezagutu, ez daki nolakoa izan zen, edo bai, baina ez dugu memoria historikorik». Eta ia hitzez hitz errepikatu zuen akusazio bera, sei urte geroago, BERRIAn Irune Lasa kazetariari eskainitako elkarrizketan. «Txillidaren aita Molaren Donostiako konfiantzako gizona zen. Mutiko faxista hori iritsi eta abertzale bihurtzen da, tortilla bat balitz bezala».
Martin Ugaldek artistari 1975ean egindako elkarrizketa ere ekarri du gogora sarean Beñat Sarasola idazleak. Aitaz hitz egin zion kazetariari Txillidak, eta, Etxartek bildutako datuek adierazitakoa baino gozoagoa da semearen oroitzapena. «Noski, zenbait puntutan ez geunden ados. Halere, inoiz ez genien aurre egin behar izan. Elkar ulertzen genuen, elkar errespetatzen genuen, eta oso ongi moldatzen ginen, ni neu etxean bizi izan nintzelako ezkondu nintzen arte».
Txillidak Ugalderi gogorarazi zionez, behin aitortza hartzen zion apaizarekin hizketan entzun zuen aita. «Bizitza gudariei esker mantendu zuela kontatu zion». Errespetu handia ziela ere gehitzen du elkarrizketan artistak. «Maiz kontatzen zuen italiar eta alemaniar hegazkinen bonbardaketak mendekatzeko jendetza kartzeletara joan zenean, gudariek espetxeak inguratu egin zituztela, eta jende asko salbatu zutela». Are, semeak gogora ekarri zuen Donostiako udaletxean alkateorde emandako sasoian aitak egindako lana 1936ko gerran errepublikaren alde borrokatzen aritu ziren udal langileek lanpostua berreskura zezaten.
Martin Ugalderekin edukitako elkarrizketa luzean, 1975ean argitaratua, bere aitaren ideologia politikoaz hitz egiten du eta distantzia markatzen. Eta aitona liberalaz (aitaren aita) ere mintzo da. pic.twitter.com/5onPU1BskG
— Beñat Sarasola (@bsarasola) January 10, 2024