«Hasieran ez nion jaramon handirik egiten», aitortu du David Marto marrazkilariak (Toledo, Espainia, 1994). Toledokoa izanik, ezagun zuen Eduardo Txillidaren Topaketa-lekua IV eskultura, baina denborarekin bakarrik piztu zitzaion jakin-mina. Madrilgo Reina Sofia museoan lanean aritu zen, eta bertan, artistaren atzera begirako erakusketa zahar baten katalogoarekin egin zuen topo. Kuriositatez, hura erosi eta artistaren inguruan irakurtzen hasi zen; «geroz eta gehiago irakurri, geroz eta interes handiagoa nuen haren lanetan». Txillidaren frikitzat hartzen du bere burua egun.
Eskultorearen inguruko komiki bat egitea bururatu zitzaion. Txillida Lekuko zein Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioko kideekin jarri zen harremanetan, proiektuaren inguruan hitz egiteko, eta proposamena begi onez ikusi zuten. Gaur aurkeztu du Hernaniko museoan Txillidaren mapa komikia, eta bihartik aurrera salgai egongo da. Martoren lehen lana da, eta Euskal Herrian zein beste hainbat herrialdetan dauden obra publikoen ibilbide moduko bat proposatzen du bertan. Marta da protagonista, eta aitonaren bitartez ezagutuko du Txillida, eta, hura hiltzean, Toledoko eskulturatik hasi, eta Madrilen, Bartzelonan, Valladoliden eta Donostian dauden eskulturak ezagutzera joango da; nolabait aitona omentzeko.
Bidaiatu, eskulturak ikusteko
«Ez nuen biografia bat egin nahi», azaldu du autoreak, eta, horregatik, protagonistaren bizitzan bere bizitzako hainbat kontu txertatu nahi izan ditu Martok. Horrela, komikia «entretenigarriagoa» egitea izan du helburu. Izan ere, marrazkilariak berak ere komikiko protagonistaren antzeko bidea egin du Txillidaren obra publikoak ezagutzeko. Komikian agertzen diren obren kasuan, gustuko dituenak sartu ditu: «Hainbat obra sartu nahi izan ditut, hainbat material erabiliz egindakoak».
Rafa Martinez Norma argitaletxeko sortzaile eta presidentea arduratu da edizio lanez. Haren esanetan, maitasuna ikusten da Txillidaren mapa-n: «Beti gustatu izan zaizkit eskultorearen lanak, baina, honi esker, ikasi ahal izan dut haren mezua zein den». Mikel Txillidari, Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioko bozeramaileari ere «opari bat» iruditu zaio Martoren lana. «Txillidaren mapa deitu ordez, Txillidaren bihotza deitu zitekeen komikia. Perfekzioan jaso du nire aitonaren obra publikoa».
Gazteengana hurbildu
Halaber, Txillidaren ustez, komikiak beste aukera bat eman diezaioke publiko gazteari eskultorea nor zen ezagutzeko. Zera gehitu du Nausica Sanchez Txillida Lekuko hezkuntza arloko arduradunak: «Belaunaldi arteko komiki bat dela esango nuke, adin desberdinetako jendeak irakur baitezake; bai gazteek, bai helduek». Erreminta didaktiko gisa duen balioa ere azpimarratu nahi izan du. Hori dela eta, Txillida Lekuko eta Norma argitaletxeko langileak lanean ari dira eskoletan eta liburutegietan Txillidaren mapa egon dadin.
Normak artistei buruzko 30 eleberri grafikotik gora atera ditu, eta Txillidaren ingurukoa da eskultore bati eskainitako lehena. Liburu guztiek amaieran txosten moduko bat dute, eta kasu honetan ere 24 orriko dosier bat du komikiak. Besteak beste, Martok komikia marrazteko prozesuan sortutako zirriborroetako batzuk, eskultorearen lanen eta bizitzaren inguruko informazioa eta Txillida Lekuren historia biltzen ditu argitalpenak. Gainera, Txillidaren hainbat obra publikoren kokapena adierazten duen mapa bat ere gehitu diote.