Eduardo Txillida jaio zela mende bat bete den honetan, eskultorearen ibilbidearen garai zehatz bati begiratu nahi izan dio Txillida Leku museoak (Hernani, Gipuzkoa). Artistarentzat garai «oso emankorra» izan zen 1980ko hamarkada, arduradunen hitzetan, eta, hala, urte haietako piezak ardatzean dituen erakusketa zabalduko dute bihar: Eduardo Txillidaren 100 urte Telefonica Bildumarekin. Hain zuzen, Telefonica fundazioarekin lankidetzan osatu dute erakusketa, eta haren bildumako hainbat pieza jarri dituzte ikusgai, besteak beste. Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia, Espainiako errege Felipe VI.aren bisitarekin, hainbat instituziotako ordezkariekin eta segurtasun neurri handiekin. Urriaren 13ra bitarte egongo da zabalik.
Telefonica fundazioaren bildumako hamar eskultura eraman dituzte museora, denak ere 1980ko urteetakoak, eta Txillida Lekuko funtsetako 1990eko eta 2000ko hamarkadetako obrekin osatu dute erakusketa. Zabalaga baserri osoa hartzen dute burdinaz, altzairuz, egurrez, alabastroz nahiz paperez sortutako piezek.
Museoarentzat «oso erakusketa berezia» dela aitortu du Mireia Massague zuzendariak, inaugurazioaren aurretik eginiko prentsa agerraldian. «Maeght bildumarekin Txillidaren lehen urteak aurkeztu ondotik, artistaren ibilbidea esploratzen jarraitu nahi izan dugu, haren bizitzan oso garai garrantzitsua izan zen 1980ko hamarkadarekin». Aime Maeght galerista eta Txillidaren ordezkaria zena 1981. urtean hil zen, eta etapa baten amaiera nahiz berri baten hasiera ekarri zituen horrek artistarentzat. Haren lanak, «arkitekturarekin zuen elkarrizketaren bidez, eraldatu» egin ziren, Massagueren hitzetan, eta artistaren bilakaera artistikoa markatu zuen horrek. «Espazioaren, materiaren eta denboraren arteko harremana ulertzeko eta adierazteko egiten zuen saiakeraren lekukoa da Telefonica bildumaren obra bakoitza. Hori dela eta, pieza horiek guztiak Hernanin biltzea haren urterik erabakigarrienak berriro bisitatzeko modu bat da».
Garai hartan, 1982an erosi zuen Txillida sendiak Zabalaga baserria, urte askoren buruan Txillida Leku bihurtuko zena eta gaur egun museoaren erdigunetzat har daitekeena. Garai berean, atzera begirako erakusketa nabarmenak aurkeztu zituen, baita formatu handiko lanak egin ere, mahaiak deiturikoak, tartean. Eta baita etxeak izendatu zituenak ere, tamaina txikiagokoak, «materiaz eta hutsaz osatutako arkitekturak».
Obra horietako batzuk Telefonica fundazioaren bildumaren parte dira. Hain zuzen ere, urte haietan hasi zen telekomunikazio korporazioa bere arte bilduma osatzen, Pablo Picassoren, Juan Grisen, Antoni Tapiesen eta beste hainbat artistaren lanak erosita, eta Txillidaren hainbat obra ere eskuratu zituen. Gaur egun, 1.100 artelan ingururen jabe da, eta horietatik 41 dira euskal eskultorearenak: hamasei eskultura eta paperezko 25 obra, zehazki.
«Daukagun onena ekarri dugu», ziurtatu du Luis Prendesek, Telefonica fundazioko presidenteak. Hautaketa bat egin, eta eskulturak eraman dituzte Txillida Lekura, hamar denera. Horien artean daude, besteak beste, Hokusairen etxea eta Juan Sebastian Bachen etxea, biak 1981ekoak, baita Omar Kahyamen mahaia III ere, 1986koa. «Beren etxean egoteaz eskertuta daude pieza hauek. Edertasun huts dira, isiltasunean begiratzekoak eta bakoitzari hitz egiten uztekoak», Prendesen hitzetan.
Etxearen ideia nabarmendu du Luis Txillidak ere, artistaren seme eta Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioko presidenteak. Urte haietako argazkiei begira, obra bakoitza leku desberdin batean ageri zaiola azaldu du, han-hemenka sakabanatuta, eta haiek berriro ere baserrian ikusita «etxera itzuli» diren sentipena duela.
Etxeak etxearen barruan
Zabalaga baserriaren bi solairuetan banatu dituzte erakusketako piezak. Etxe barruan daude, beraz, artistak etxetzat jo zituen neurri apaleko obrak, baina baita tamaina handiagokoak ere; tartean, Iru Burni II eskultura multzoa (1981) eta Omar Kahyamen mahaia III Corten altzairuzko pieza zabala —azken horrek beheko solairuaren parte handi bat betetzen du—. Haien inguruan, beste hainbat lan ere ikus daitezke, hala nola Topos I (1984) eta Topos II (1985) Corten altzairuzko piezak nahiz Itsasoari omenaldia III (1984) alabastrozko obra.
Etxe itxurako piezetan jarri du arreta, lehenik, Estela Solana komisarioak. Haren arabera, «habitatzeko etxeak dira» Txillidarenak. Izan ere, artistak espazioarekiko zuen harremana «eraldatuz» joan zen denborarekin. «Espazioa beti da garrantzitsua haren obran, baina eskultura hauetan, zeintzuetan Txillida arkitekto bihurtzen den, espazioa prestatuta dago gu barrenera sartzeko nolabait, gure kontzientziarekin, gure sentsazioekin edo, are, baita fisikoki ere eskultura monumentalenetan, esaterako Gernikan [Bizkaia] kokatutako Gure aitaren etxea-n edo Frankfurten [Alemania] dagoen Goetheren etxea-n».
Ikuslearen begiradak «zeharkatu» egin ditzake Txillidak garai hartan, eta ikuspegi berarekin sortu zituen bestelako piezak ere, Solanaren hitzetan, hala nola mahai, leiho nahiz arku formako lanak. «Erakusketa osoan, elkarrizketa sendo bat ikusiko dugu forma zirkularren eta kubotik eratorritako formen artean. Forma hauek dira pieza bakoitzaren barrura sartzera gonbidatzen gaituztenak».