«Erakusketa honetan ez dugu Txillida grafikoena aurkituko. Ezta Txillida monumentalena ere; ezpada inguruarekin bestelako konexio bat lortu nahi duen Txillida bat, oreka organikoago bat lortu nahi duena pertsonen eta inguratzen gaituen horren artean. Txillidaren planteamendu holistikoa, naturarekiko eta inguru hurbilarekiko konexioa... irudipena dugu Txillidaren obrako elementu horiek doazela garrantzia irabazten egungo belaunaldien artean». Susmo horri segika eta, batez ere, Txillidaren legatua arte garaikidearekin harremanetan mantentzeko bokazioz ireki du Tabakalerak Topaguneak erakusketa, Donostian. Artistaren obra «bizirik» mantentzeko ezinbesteko lan bat dela azpimarratu du Mireia Massaguek ere, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoko zuzendariak, eta artistaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunen artean kokatu dute egitasmoa. Denera, zazpi artistak hartu dute parte, eta askotariko lanak osatu dituzte —marrazkiak, instalazioak, eskulturak zein ikus-entzunezkoak—. Urriaren 6ra arte egongo da zabalik, eta jarduera programa batek osatuko du.
Soledad Gutierrezek egin ditu komisario lanak. Erakusketan parte hartu duten artistengana jo zuenean, lehen oinarri modura, Txillidaren idatziak jarri zizkien eskura, eta haren obra jakin bat ere bai ondoren: Topaguneak (1964-1974) eskultura multzoa, erakusketari izena eman diona, hain justu. Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak gogorarazi duenez, Txillidak garai bateko harraskak hartu zituen pizgarritzat lan serie hura garatzeko. «Ibaiertzeko harrizko harraskak baliatu zituen, zeinak pertsonen arteko topagune ziren, baina baita pertsonen eta naturako elementuen arteko eta ideien arteko topagune ere».
Txillidak pieza horiek lan metodo «intuitibo eta sentsorial» bati segituta egin zituela ere esan du Monterok, eta, horregatik, intuizioa lan modutzat hartzeko eta ezagutza modu sentikorragoei buruz hausnartzeko gonbidapena ere egin nahi du erakusketak.
Gorputzak bere ingurunean
Hori horrela, Topaguneak eskultura multzoko bi pieza topatuko ditu bisitariak erakusketara sartu eta lehen gauza. Alboetara zabaltzen diren bi hegaletan ezarri dituzte gainontzeko obrak, eta Josu Bilbaorena da (Bermeo, Bizkaia, 1978) eskuinekoan lehena datorrena. Asàska izendatu duen eskultura multzo bat jarri du lurrean, propio erakusketarako egin duena. Besteak beste, mintzamenaren parte diren azentua eta intonazioa arakatu ditu, eta horiek bolumen eskultorikoekin erlazionatu.
Christian Salablanca Diazen lana (Guari, Costa Rica, 1990) dator jarraian, Con las palmas de las manos, con las plantas de los pies izendatu duena —obraren beste parte bat bigarren aretoan jarri dute—. Iaz, egonaldi bat egin zuen artistak Txillida Lekun, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea museoan ere aritu zen ikertzen. Orduko esperientziatik abiatuta, Euskal Herriko eta Erdialdeko Amerikako soinu eta landare tradizioak gurutzatu ditu, eta kulturen zein espezieen arteko koexistentziaz hausnartu. Lana egin bitartean oharrez eta marrazkiz osatu duen koadernoa ere jarri du bisitariaren eskura erakusketaren sarreran. «Harribitxi bat da koaderno hori», nabarmendu du Monterok.
«Klasikoek klasiko irauten dute datozen belaunaldiek beren begi propioekin begiratzen dituztelako, eta eurena egin. Hori da guk egin dezakegun ekarpena».
CLARA MONTEROTabakalerako kultura zuzendaria
Areto berean daude, halaber, Sheroanawe Hakihiiweren marrazkiak (Sheroana, Venezuela, 1971) —Amazonian bizi eta lan egiten du artistak—, eta Juf bikotearen marrazkiak eta Sokasaltoa instalazioa. Beatriz Ortega Botasek (Oviedo, Espainia, 1990) eta Leto Ybarrak (Madril, 1991) osatzen dute Juf, eta erakusketarako propio sortu dute sokasalto motorizatua. Hala azaldu dute: «Gorputza lengoaian sartzeko moduei buruz ari ginen pentsatzen, eta iruditzen zitzaigun puntuazioak baduela, bere erritmoekin, arnasa hartzeko pausekin, gorputza lengoaian itxuratzeko gaitasuna. Sokasalto motorizatuak, azkenean, erritmo bat, aire korronte bat eta gorputz mugimendu bat sortzen ditu. Gorputza inbokatzen du, presente egin gabe».
Tartean datoz Txillidaren zenbait lan ere, marrazkiak zein eskulturak, Txillida Lekutik eta artistaren familiaren eskutik heldu direnak.
Aitzkoa, Estruch, Simnett
Elena Aitzkoaren (Apodaka, Araba, 1984), Laia Estruchen (Bartzelona, 1981) eta Marianna Simnetten (Londres, 1986) lanak elkartu dituzte bigarren aretoan —ezkerrekoan—. Aitzkoak lerro batean luzetara kokatu du bere eskultura multzoa —«erreka-lerro moduko bat da, argitik gertu», deskribatu du—, alde bietatik inguratu daitekeena, eta «irekitasunerako intentzio bati» erantzuten diona. Erakusketaren azken asteburuan, urriaren 5ean, kantu performance bat egingo du haren bueltan.
Estruchi dagokionez, erakusgai jarri duen lana ez du propio erakusketarako sortu. 2019an, abereen aska zaharrak berreskuratu zituen Sibina lanean, eta hori ipini du ikusgai. Eskulturaren eta performancearen artean ikertzen aritzen da artista, eta, zehazki, ura «gorputz eskultoriko modura» eta «ahotsarekin esperimentatzeko leku modura» hartzen du Sibina-k. Normalean, poema bati gidatuta «aktibatu» ohi du obra, baina testua ere jarri du ikusgai orain lehen aldiz, landa-eremuko kantu tradizionalak aztertuta idatzi zuena. Hala ere, performancea ere egingo du gaur, osteguna, 19:30ean.
Aretoaren azkenetan dago, areto txikiago batean, Simnettiren lana. Ikus-entzunezko instalazio bat da, Blue Moon (2022) izenekoa, eta emakume irudi bat aurkezten du —Athenea garaikide bat—, adimen artifizialeko algoritmo baten bitartez etengabe eraldatuz doana.
Montero: «Txillidak jakin zuen euskal tradizio bati lotutako lengoaia formal bat abstrakzioarekin eta nazioarteko abangoardiarekin lotzen. Modu horretan lortu zuen euskal arteko eta XX. mendeko arteko klasiko bete bat bihurtzea. Baina klasikoek klasiko irauten dute datozen belaunaldiek beren begi propioekin begiratzen dituztelako, eta eurena egin. Hori da guk egin dezakegun ekarpena».