Donostiako 85. Musika Hamabostaldia

Txillida eta Basterretxea omentzeko hiru emanaldi egingo ditu Hamabostaldiak

Bi artisten jaiotzaren mendeurrenean, Donostiako 85. Musika Hamabostaldiak haien leku «kutunetan» omenezko kontzertuak antolatu ditu: Txillida Leku museoan, Hondarribiko Itsas Etxean eta Arantzazuko santutegian izango dira.

Basterretxea eta Txillidaren senideak Jose Angel Irigarai eta DAB dantza konpainiako kideekin, gaurko Kursaaleko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Basterretxea eta Txillidaren senideak Jose Angel Irigarai eta DAB dantza konpainiako kideekin, gaurko Kursaaleko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Donostia
2024ko abuztuaren 8a
14:30
Entzun

Nestor Basterretxearen eta Eduardo Txillidaren jaiotzen mendeurrenean, Donostiako 85. Musika Hamabostaldiak haien omenezko hiru emanaldi eskainiko ditu. Bi artisten leku «kutunetan» izango dira kontzertuak, Gipuzkoan: Txillida Leku museoan, Hondarribiko Itsas Etxean eta Arantzazuko santutegian. Bihar izango da lehen emanaldia, eta hilaren 21ean eta 29an hurrengo biak.

Lotura estua izan zuten bi artistek jaialdiarekin. Basterretxeak, esaterako, Musika Hamabostaldiko 64. aldiko kartela sortu zuen, 2003an. 1979an, gainera, ezohiko aldi batean —abenduan egin zuten abuztuan egin beharrean—, Oldarra Miarritzeko ballet konpainiaren Gernika emanaldiko dekoratuak egin zituen. Hurrengo urtean, 1980ko Hamabostaldian, Anoetako belodromoan ospatu ziren Zaldiko eta Txorittua galak zuzendu zituen Iñaki Beobiderekin batera.

Txillidak, berriz, jaialdiko 57. aldiko kartela egin zuen, 1996an. Bost urte geroago, 2001ean, Txillida Leku museoak ateak ireki zizkion aurrenekoz Hamabostaldiari. Harrezkero, bertan ere antolatzen dituzte Musika Hamabostaldiko zenbait kontzertu. Bi artisten semeek, Luis Txillidak eta Mikel Basterretxeak, adierazi dute «ohore handia» dela haien aitak omenaldi hauen bitartez gogoratzea.

DAB dantza konpainiak Txillida omenduko du bihar, Noeud ikuskizunean, Txillida Leku museoan. Espazioekin eta figura lerromakurrekin jolastuko dira, artistak Cristobal Balentziagaren omenez egin zuen eskultura oinarri hartuta. DAB dantza konpainiako Marina Eskisabelek azaldu duenez, German Ormazabalen eta Alai Ormazabalen musikaren doinupean «lotutasunetik askatasunera egindako bidaia bat» azalduko dute dantzaren bitartez. Balentziaga museoan ere izango dira: etzi, 20:30ean.

Abuztuaren 21ean, Nestor Basterretxearen omenezko ekitaldia egingo dute Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean. Nestor Basterretxea, erroen modernitatea dokumentala proiektatuko dute lehendabizi, eta, proiekzioaren ondoren, dokumentalean parte hartu zuen Pello Ramirez biolontxelo jotzailea eta Nacho Soto pianistak kontzertua eskainiko dute.

Bi artistak batera omenduko dituzte abuztuaren 29an, Arantzazuko santutegian. Abraham Cupeiro musikari galiziarrak eta Ensemble Musica Practica taldeak Oiasso Kamerata, Oreka TX, Eñaut Elorrieta eta Agus Barandiaranekin batera eskainiko dute kontzertua. 19:00etan izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.