«Txillida Lekuren baimenarekin, zeina Eduardo Txillidaren obraren epizentroa den, uste dut San Telmoko hau izango dela mendeurrenari lotutako erakusketa handia». Hitz horiekin egin dio aurkezpena Eneko Goia Donostiako alkateak Elkarrizketa bat: Txillida eta arteak. 1950-1970 erakusketari. Artistaren jaiotzaren mendeurrenaren barruko programazio oparoan heldu da hori ere, eta datu batek eta artisten zerrenda luzeak ematen dute Goiak aipatutako dimentsio handiaren berri: 30etik gora bildumatatik ekarritako 116 lan bildu baitituzte, askotariko diziplinatakoak —eskultura, argazkigintza, pintura, dantza, musika eta moda, batik bat—, eta, Txillidaren lanen ondora bildu baitituzte Pablo Picasso, Joan Miro, Alberto Giacometti, Henry Moore, Martha Graham, Robert Bresson, Elena Asins, Remigio Mendiburu eta besteren obrak ere. Irailaren 29ra arte egongo da zabalik.
Maria Bolaños arte historialaria izan da erakusketaren komisarioa, eta hark proposatu zien museoko kideei Txillida «ikuspuntu monografiko batetik» aurkeztu ordez hura bere garaiko beste artista batzuen lanekin elkarrizketan erakustea. Hala azaldu du: «Artisten mendeurrena ospatzeko modu ohikoena arreta guztia haren ibilbidean eta banakotasunean jartzea izaten da, baina erakusketa honetan Txillida deszentralizatu nahi izan dugu eta pixka bat periferiatik begiratu hari, artista guzti-guztiak bezala, bere garaiko semea izan baitzen Txillida ere». Irudi batekin esanda: «Eskultorea hartu eta bere garaiaren ozeanoan askatu dugu, ikusteko nola nabigatu zuen ur horietan, beste artista batzuekin batera. Elkargune asko azaleratu dira; tarteka, baita kontraste handiak ere».
«Eskultorea hartu eta bere garaiaren ozeanoan askatu dugu, ikusteko nola nabigatu zuen ur horietan, beste artista batzuekin batera. Elkargune asko azaleratu dira; tarteka, baita kontraste handiak ere».MARIA BOLAÑOS Arte komisarioa
Kontraste, konexio, talka eta galdera horietan arakatzea izan dute helburu erakusketan, bada. Eskulturak, argazkiak, marrazkiak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte, batik bat, eta izen aski ezagunak zein hainbeste ezagutzen ez direnak elkartu dituzte. «Badira artistak Txillidaren oso hurbilekoak, eta badira ustez oso urrunekoak direnak ere. Izen handiek egon behar zuten —Picasso, Moore, Oteiza...—, baina ez genuen perladun lepoko bat nahi. Geruza ugaritako errepresentazio bat jaso dugu —emakume artisten lagin esanguratsu batekin, Parisko nukleotik at eginda...—, eta kasu guztietan lehen mailako lanak hautatuz», azaldu du Bolañosek.
Guztien artean Txillida «modu kanoniko batetik harago» begiratzeko asmoa izan dela adierazi du komisarioak, eta azpimarratu du elkarrizketa posible askoren artean «elkarrizketa bat» dela erakusketan jasotakoa. «Inondik inora ez genuen dogma bat finkatzerik nahi. Garrantzitsua izan da hori izenburuan bertan ere jasota geratzea».
Isiltasunak, itzalak eta ziztada
Izenburuan jasotako beste datu batek ere kokatzen du erakusketa: fokupera ekartzen duen denbora tarteak. 1950etik 1970era bitarteko bi hamarkadak hartzen ditu, eta agerikoa da amaitu berri zen Bigarren Mundu Gerraren itzala. Bolaños: «Bigarren Mundu Gerra esperientzia ezin minkorrago eta traumatikoa izan zen Europarentzat, eta handik ateratzeko hamarkadak dira hauek, nolabait, modernitatearen trama berregituratzen dutenak. Abangoardia historikoen garaia atzean gelditua zen, eta mundu berri bat eraiki beharra zegoen, errautsetatik, baina baita berreraikuntza premia batetik ere».
Komisarioaren esanetan, orduantxe bihurtu zen, hain justu, eskultura garaiko arte diziplina gailena. «XX. mendeko abangoardiako artean pentsatzen badugu, burura etortzen zaizkigun irudiak beti dira pinturari lotutakoak: espresionismo alemana, kubismoa, eta abar. Eskultura hein batean baztertuta geratu zen, itzuri egin nahi zitzaion historizismo bati lotzen zitzaiolako, baina, Bigarren Mundu Gerraren ostean, artean bidea urratu nahi zuten gazte ugarik eskulturen alde egin zuten. Txillidaren kasua da hori, baina ez da kasu bakan bat». Beste batzuen lanarekin alderatuz, ordea, Bolañosen ustez Txillidaren obrak badu aparteko ezaugarri bat: «Berak bakarrik oso ondo jasotzen ditu bere garaiaren kezketako asko».
«Bigarren Mundu Gerra esperientzia ezin minkorragoa eta traumatikoa izan zen Europarentzat, eta handik ateratzeko hamarkadak dira hauek, nolabait modernitatearen trama berregituratzen dutenak».MARIA BOLAÑOS Arte komisarioa
Gerraondoko giro ilunak eta eskulturaren gorakadak ematen dio hasiera erakusketari, eta zazpi eremutan banatzen dira obrak gero. Urte horietako artearen alderdi jakin batean jartzen du arreta eremu bakoitzak, eta horien artean daude, besteak beste, diziplina ugaritako artisten belaunaldi berri hark ekialdeko kulturekiko eta metafisikarekiko izan zuen erakarmena, espazioa ikertzeko eta hutsunea obraren parte bihurtzeko izan zuten interesa, eta obraren materialtasunari eman zioten garrantzia. Bolañosek azaldu du aurretik egindako artearekiko «haustura bat» erakusten duten elementuei segituta prestatu dutela ibilbidea. «Adibidez, 1950. urtearen inguruan, nola hasi ziren galeriak artearen historian inoiz ikusi gabeko materialez betetzen —txatarraz, buztinez...—, ez baitzuten artelanen edertasuna bilatzen, ezpada materiaren beraren zintzotasuna agerian uztea».
Ideia orientatzaile modura, garai hartako eztabaiden eta interesen berri ematen duten hainbat aipu ere jaso dituzte hormetan. Hala dio haietako batek, Michel Seuhpor pintore eta idazlearenak: «Eskultura maite izateko, lehenik eta behin isiltasunak, itzalak eta ziztada maitatzen ikasi behar da».
Erakusketan bildutako hainbat piezatan sakondu ahal izateko, aparteko azalpen testu batzuk ere prestatu ditu komisarioak. Aretoaren sarreran jarri dituzte eskura, baita audio formatuan ere, QR baten bidez. Bolañosen idatziekin osatutako katalogoa ere aurki argitaratuko dute, eta hitzaldi, bertso saio eta bisita gidatuen jarduera programa bat ere prestatu dute, eta museoaren webgunean kontsultatu daiteke.