Txillardegiren lekuko begiak

Txillardegik 1968 eta 1986 bitartean hainbat agerkaritan publikatutako kronikak apailatu dituzte Juan Luis Zabalak eta Koldo Izagirrek. Susa argitaletxeak plazaratu du emaitza, 'Kronikak' izenpean

Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirre idazleak, atzo goizean, Donostiako Udal Liburutegiko atarian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
1973a da. Parisen dabil Txillardegi. Ezagutzen ez duen hizkuntza batean entzun ditu bi lagun ondoko mahaian, eta hurbildu da haiengana, galdegin die zer hizkuntzatan mintzo diren, ez duela arrastorik ulertzen. Eta idatzi du: «Irribarre egin dute biek. Eta europar janzkerarenak, oso frantses egokian, honela erantzun: 'Sarakolez ari gaituzu'». Segitu dute eleka, Europa zaharraz, kolonialismoaz, Albert Memmiz... Eta aitorpenaz itxi du testua Txillardegik: «Nola ukatuko afalondo horretan sarakole ustekabeko lagun horiek asko eta asko irakatsi zidatenik?».

Jakin-mina, apaltasuna eta irakurlea hark ikusitakoen lekuko egiteko dohaina. Horixe Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k hara-honako idatzi zituen kronikei dariena, Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabala idazleen ustez. Urtea eman dute gutxi-asko testu horiek aztertzen, lehenengo Txillardegi Liburutegia Kultur Ekimenak Izagirreri eta hark gero Zabalari jarritako amuari tiraka; Kronikak liburuan bildu dute apailatze lanaren emaitza, eta Susa argitaletxeak plazaratu du. Hura hil zenetik hamar urte bete berri diren honetan, argitalpena «omenaldiaren barruko zorioneko istripua» izan dela ospatu dute.

Zehazki, Txillardegik 1968 eta 1986 bitartean Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Argia eta, batez ere, Zeruko Argia-n publikatu zituen kronikekin osatu dute bilduma. Eta, addenda gisa, Zabalak 2006ko urrian BERRIAn publikatutako erreportaje sorta bat ere erantsi dute, zeinetan kazetariak hiru eguneko bidaia bat egin zuen idazlearekin: Ferrolera (Galizia) joan ziren, Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua estreinako nobela (1957) idatzi zuen tokira.

«Txillardegi militantea izan zen, militante erradikala, euskararen eta abertzaletasunaren aldeko bere ideietan konbentzitua. Idatzi zituen kroniketan, baina, beste alderdi bat ikusten da: alderdi humano bat, jakin-min ikaragarria zuen norbaitena, erabat irekia eta aurreiritzirik gabekoa», kokatu du lana Zabalak. Txillardegik hainbat interesgune izan bazituen ere —musika, animaliak, zientziak...—, idatzi hauetan batik bat gizakiarengan eta hari lotutako auzietan jarri zuen arreta, haren esanetan, eta askotarikoak dira, beraz, kroniketan agertzen diren gaiak. Bada gailentzen denik, hala ere; hizkuntzarena, nabarmenenen artean. «Haren pentsamenduaren ardatz nagusietako bat izan baitzen beti».

Jaso zuenarekin batera, jasotzeko modua nabarmendu du Zabalak. Garaiko eta lekuan lekuko giroetara eta gertakarietara «zintzotasunez» hurbildu ohi zela esan du, «biluztasun ideologikoz» eta «aldez aurretik ezer erakutsi nahi izan gabe». Horren erakusletzat jo du, esaterako, zalantzei ere leku egin izana kroniketan. Esaterako, 68ko Maiatzaren ondotik, antolatu nahian ari ziren Bruselako ikasle iraultzaileez hauxe idatzi zuenean:«ULBan, eta bestetan, utopia eta eginkizuna, ameskeriak eta sozialismoa, nahasirik agertu dira; eta honek barregarri utzi du mugimendua eskuindarren artean».

Belgika, Norvegia, Ameriketako Estatu Batuak, Gales, Galizia, Andorra, baina baita Zuberoako Barkoxe, Altzürüku eta beste ere. Bidaian zein erbestean zela idatzi zituen liburuan bildutako kronikak Txillardegik, eta inongo enkarguri erantzunez ez, baizik eta haren bulkadaz idatzitakoak izateak ezaugarritzen dituela azpimarratu du Zabalak. «Ez dago erredakzioan onartuko ote dioten edo ez dioten kezkarik; askatasun osoz idatzi zuen, eta hor ateratzen da idazlearen sormena. Horrek ematen die literaturtasun handia testuei».

Generoaren aldeko aldarria

Susaren narratiba sailean argitaratu dute Kronikak, eta Josu Landa argitaletxeko kideak aipatu du kronika genero literariotzat ulertzen duten erakusle dela hori. Aipatu du argitaletxearen bilduman ugari direla ulerkera horretatik abiatuz osatutako liburuak, etaJ. B. Bilbao Batxi-ren Hau mundu arrano hau (1997) ekarri du gogora, besteak beste.

Kronikaren aldeko aldarria egin du Izagirrek ere, eta literatur generoen artean maiz alboratua izan dela gogorarazi. «Kazetaritzaren eta literaturaren zubi horretan dago kronika. Ez da erreportaje bat, idazlea ere inplikatzea eskatzen du, eta hor agertzen du bere nitasuna, bere erreferentziak, memoriak. Genero oso interesantea da, oso irekia delako». Haren ustetan, akademiaren literatur ikuspegiak eragin du egile baten obraren barruan kronika beste genero batzuen parekotzat ez hartzea: «Akademiak dena behar du fitxagarri, eta hau oso genero hibridoa da».

Abagunea baliatu du, gainera, euskal literaturaren parte diren hainbat lanek oro har irakurle oso gutxi izan dituztela ohartarazteko. «Euskal literaturari buruz esan izan da urria dela, ez dela asko idatzi, eta nik ez dakit hala den. Dakidana da idatzi dena oso gutxi irakurri dela». Besteak beste, kroniken inguruan «ahanztura kriminala» izan dela aipatu du: «Generoa gurean XIX. mendean hasi zen, Eskualduna aldizkarian, eta sekulako kronikak idatzi dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.