«Ekimena ahalik eta zabalen, aberatsen eta borondate onekoena izanagatik, horma handi batekin egin dugu topo». Horrela azaldu dute gertaturikoa Txillardegi Liburutegiaren izenean Aitzpea Leizaolak, Beñat Sarasolak, Dani Goñik, Garbiñe Ubedak, Harkaitz Canok eta Kepa Sarasolak, besteak beste BERRIAri bidalitako gutun batean. Ekinbidea desegitea erabaki dute, «frustrazioz», alderdiekin eta erakundeekin hitz egin ostean, emaitza etsigarria» izan delako.
Hemen irakur daiteke gutuna:Txillardegi Liburutegia dela eta.
2013an abiatu zen ekinbidea. Donostiako hainbat idazlek, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako agerraldi batean, proposamena egin zioten Donostiako Udalari: hiriko Liburutegi Nagusiari idazlearen izena jartzeko, Txillardegi Liburutegia.
Sinatzaileek adierazi dutenez, kontsentsua lortu nahi zuten. Horretarako, erakundeetako eta alderdietako ordezkariekin bildu dira. Baina ezinezkoa izan dela azaldu dute. «Soilik talde politiko bat (Bildu) egon da ekimena babesteko prest. Gainerako taldeek uko egin diote, eta horretarako arrazoi funtsezkoa bat eta bakarra izan da: Txillardegiren soslai politikoa».
Izan ere, ETAren sortzaileen artean egon zen Txillardegi frankismo bete-betean, eta 1967an utzi zuen.
Donostiako Udaleko talde politiko guztiekin, eta Eneko Goia alkatearekin bildu ostean, «ekimenak babes txikia eskuratu duela ikusita, berau azken burura ez eramatea eta ekimena formalki ez aurkeztea erabaki dugu. Ez da gure borondatea lehia politikoan jardutea, ezta gatazkak eszenifikatzea ere. Komeniko litzateke, hori bai, honen guztiaren inguruan bakoitzak norberari dagokion hausnarketa egitea».
Aurten hamar urte bete dira idazle, hizkuntzalari eta politikaria hil zela, eta eskaera berriz egitea erabaki zuten. Hori sostengatzeko, 1.500 sinadura bildu zituzten. Fito Rodriguez Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimeneko kideak esan zuenez, Jose Luis Alvarez Enparantzari zor zaion errekonozimendua ematea «elkarbizitza herritar honetan irekita dagoen zauria, ia-ia zornatuta dagoena behar bezala orbaintzea» litzateke.
Txillardegik hizkuntzalaritzan egindako ekarpena gogoratu zuen Rodriguezek. «Euskara batuaren beharra identifikatu» izana nabarmendu zion: «Batzuek pentsatzen zuten euskara dialekto bat zela, eta beste batzuek, berriz, euskara ez zela hizkuntza bat, hizkuntza multzo bat baizik». Uste horiei kontra egin ziela azaldu zuen: «Esan zuen ezetz, bakarra zela eta batasuna behar zuela». «Euskararen ezagutzaren inguruko proposamena» garatu zuela ere nabarmendu zuen, baita hori «gizarteratzen» asmatu zuela ere.
Urteurrenaren harira, BERRIAk galdeketa egin zuen euskalgintzan eta kulturgintzan dabiltzan hainbat lagunen artean, eta bideo honetan bildu zuen galdekatuek esandakoa:
Gipuzkoako Urrezko Plakarik ez
Otsailean, atzera bota zuten Gipuzkoako Foru Aldundian, Txillardegiri herrialdeko Urrezko Plaka emateko EH Bilduk egin zuen proposamena.
Eskaera atzera bota zuten EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek. «Zatiketa» bilatu nahi izana leporatu dio EAJk koalizioari, eta esan dio aurrez ere bazekitela politikoki ez zutela adostasunik lortuko. Hala adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak: «EAJk Txillardegiri ez dio ez ezin ikusirik, ez gorrotorik; ez daukagu hura baztertzeko grinarik, baina politikoki EH Bilduk badaki ez dela adostasunik egongo, eta, hala ere, izena plaza erdian jarri dute».
PSE-EE eta PP alderdiek «ETAren sortzaileetako bat izateagatik» egin zuten proposamenaren aurka.
Elkarrekin Podemos-IUk adierazi zuen proposamenak ez zituela «bakearen eta bizikidetzaren balioak ordezkatzen», eta horregatik ez zutela proposamena babestuko.