Txikitik berreskuratu

Iaz bertan behera utzi, eta aurten egingo dute Antzerki Arinen VIII. aldia, Bilbon. Maiatzaren 2ra bitarte hamasei lan emango dituzte

Antzerki Arineko VII. Jardunaldietako irabazleak, Pabellon 6 antzokiko agertokian. PABELLON 6.
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Beste hainbat kultur egitasmori gertatu zaien bezala, Bilboko Antzerki Arinen Jardunaldiak ere aurten heldu behar izan die iaz egitekoak ziren ekintzei. Udaberri hasieran antolatu ohi du Pabellon 6 aretoak jaialdia, baina iaz bertan behera utzi behar izan zuten egitasmoa, itxialdia hasi berria baitzegoen; atzeratu eta udan egiteko itxaropena izan zuten hasieran, baina, azkenean, urtebete ondoren taularatuko dituzte VIII. aldirako aukeratutako antzezlanetako gehienak.

Izan ere, iazko jaialdiaren berreskurapena da aurtengoa, zehazki, ia bere horretan mantendu baitute 2020ko programazioa, Pabellon 6ko komunikazio arduradun Maite Gonzalezek azaldu duenez: «Pasa den urteko bi antzezlan ezin dira data hauetan egin; beraz, beste bi gonbidatu ditugu: 3, 2, 1 cambio eta Gizaunka». Ez dira lehiaketaren parte izango, dagoeneko estreinatuta daudelako, baina beste biek utzitako tokia beteko dute. Hala, hamasei antzezlan ikusi ahal izango dira Pabellon 6-en eta Gazte Konpainiaren egoitzan, ostiraletik maiatzaren 2ra bitarte.

Halere, obra berri horiek ez dira aurtengo jaialdiak dakartzan berrikuntza bakarrak, jaialdian ohikoa izan den jokabidea galarazi egingo baitute segurtasun neurriek: «Lehen, publikoak bere menua egiten zuen: 'nik hau ikusi nahi dut, gero deskantsatu, gero beste bat ikusi...'. Aurten ezin dugu onartu jendea bere lekutik mugitu dadin», Gonzalezek dioenez. Horiek horrela, ikusleak bere jesarlekuan egon beharko du antzoki batean ematen diren obra parea bukatu bitartean; ondoren, bigarren espaziora lekualdatuko da eguneko beste bi antzezlanak ikusteko.

Ostiraletik igandera bitarte emango dituzte antzezlanak, astero lau berri. Lehiaketetan parte hartuko duten Edipo Rey de Deusto, La otra realidad eta Nor ostia zara zu? obrak ikusi ahal izango dira asteburu honetan, baita 3, 2, 1 cambio gonbidatua ere. Neurriak neurri, eta hurrengo egunetan ezar daitezkeen murrizketak gorabehera, jendea «gogoz» antzeman du Gonzalezek, eta «ilusio handia» duela onartu du komunikazio arduradunak. «Momentuz ez dakigu neurriek nola eragingo duten. Proba bezala, lau saioko bonu kopuru murriztu bat jarri genuen salgai webgunean herenegun, eta agortu egin dira; gehiago jarri ditugu, eta horiek ere ia-ia agortu dira dagoeneko».

Euskara, «poliki-poliki»

Jaialdiaren VIII. aldiko hamasei antzezlanetatik lau izango dira euskaraz. Euskararen presentzia jomugetako bat da jaialdiaren antolatzaileentzat, baina, hala ere, hura bermatzea «zaila» dela dio Gonzalezek. Urtero 60 bat obra aurkezten dira hautaketara, eta horietatik «gutxi batzuk» baino ez dira euskaraz, dioenez. Bizkaiko Foru Aldundiaren Kriseilu saria, 3.000 eurokoa, «pizgarria» da euskal parte hartzaileak ugaritzeko, baina «oraindik gutxi dira», Gonzalezen iritziz, «poliki-poliki» gehiago aurkezten ari diren arren. «Joera positiboa da, baina espero baino gutxiago».

Hortaz, egoera iraultzeko xedea du berrikuntzetako beste batek. Azken urteetan, euskarazko lan guztiak aste berean jarri izan dituzte, baina oraingoan gaztelaniazko lanekin nahastea erabaki dute: «Lau piezetarako bonua erosi eta laugarrena euskaraz bada, agian asko ikustera animatuko dira, euskaraz ondo ez egin arren. Ez dakit ondo aterako den, baina asmoa euskarazkoak ikustera animatzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.