Otsailarekin batera, badator urtero legez Lautan Hiru: antzerki txiki, festibal handia jaialdia. Iaz, pandemiaren ondorioz, maiatzera atzeratu behar izan zituzten emanaldiak, baina aurten euren «hilabete naturalera» itzuli direla nabarmendu du Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko komunikazioko kideak: «Garai latzak bizi ditugu, baina ilusiorik ez zaigu falta». Izenak berak argi azaltzen du jaialdiaren muina, eta, gehienbat, formatu eta iraupen txikiko lanak emango dituzte. Aurreko aldietan bezala, Euskaltzaindiak, Bira kulturguneak, Zazpi Katu gaztetxeak eta Cafe Bar Bilbaok elkarlanean antolatu dute, eta, hain zuzen, horiek izango dira ikuskizunak taularatuko dituzten lau agertokiak.
Aurtengoa jaialdiaren laugarren aldia izango da. Izatez, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten 2019an, lehenengoz, eta, emaitzak ikusita, urtez urte errepikatzea erabaki dute. Izan ere, Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariaren hitzetan, beharrezkoa da kulturak «arnasguneak» izatea: «Jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera ematen die».
Hasierako helburu berberak dituzte oraindik: batetik, euskarazko antzerkia indartzea; bestetik, antzerkilariei beren lanak erakusteko espazioak eskaintzea; eta, azkenik, Zazpikaleetako kultur giroan eragitea.
Otsailaren 3an izango da lehenengo emanaldia, eta datozen hiru ostegunetan egingo dituzte hurrengoak: hilaren 10ean, 17an eta 24an, hain zuzen ere. Guztira, 11 ekitaldi antolatu dituzte: hamar ikuskizun emanaldi eta txotxongilo tailer bat. Bakarrizketak, antzezlan laburrak, ipuin kontalariak eta magia daude, besteak beste, aurtengo programazioaren barruan. Horien artean, baita aurtengo Cafe Bar Bilbao sariketaren irabazlea ere, Bertol Arrieta: Zure sotoko ardoa obraren irakurketa dramatizatua egingo dute.
Cafe Bar Bilbaorentzat, «ohorea» da halako jaialdi batean parte hartzeko aukera izatea. Bide beretik, Zazpi Katu gaztetxeko kideek nabarmendu dute aukera «polita» dela gazte ez den jendea gaztetxera joateko: «Hainbat belaunalditako jendeak bat egiten du gaztetxean, oso pozgarria da, eta asko laguntzen gaitu aurrera egiten». Birako kideek ere formatu txikiko antzerkien garrantzia nabarmendu dute.
Berrikuntzaz josita
Aurtengo berrikuntzen artean, haurrentzako egitarau bat prestatu dute. «Izatez, bi emanaldi genituen aurreikusita, baina, azken orduan, horietako bat bertan behera geratu da», azaldu du Mendizabalek. Zurrunka konpainiaren eskutik, txotxongilo tailerra egingo dute otsailaren 3an, Zazpi Katu gaztetxean. Bi txandatan egingo dute, eta txanda bakoitzean hamabi ume sartuko dira. Ondorioz, aurretik lekua hartzea gomendatu dute antolatzaileek.
Bestalde, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera, Ikusle kluba sortu dute. Ikusle talde batek Eneritz Artetxe aktorearen Lakoste antzezlana aztertuko du otsailaren 2an, eta emanaldia hurrengo egunean izango da, Biran. Hala, antzerkizaleen arteko bizipenez hitz egitea lortu nahi dute, eta, aldi berean, antzezlanez «gogotik gozatzea».
Era berean, Les Bobe Bobe konpainiaren Udaberria heldu da antzezlanak irabazi du Lautan Hiru, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko iaz abian jarritako laguntza. Obra jaialdian estreinatuko dute, otsailaren 24an, Zazpi Katu gaztetxean.
Jaialdiko bonuak eta sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai, Cafe Bar Bilbaon eta Bira kulturgunean. Gainera, bonua erosi dutenen artean, Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzeko opariak zozketatuko dira astero-astero.
Txikitasunean egin dira handi
Lautan Hiru antzerki laburren jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan, otsailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu