«Gogotsu, bero eta umel» dator aurtengo Lekuek festibala. Pandemiaren ondorioz jaialdi kutsua mantendu ezingo badute ere, formatu txikiko eskaintza zabala prestatu dute antolatzaileek. Zortzigarren aldia izango du aurten, eta herritarrek eta jarraitzaileek aukera izango dute musikaz, ikus-entzunezkoez eta erakusketez gozatzeko astebetez, Gernika-Lumoko (Bizkaia) hainbat txokotan.
Iparragirre elkartea, Lizeo antzokia eta Astra izango dira ekitaldiak egiteko gune nagusiak. Era horretara, segurtasuna bermatu nahi dute, eta jendea ez pilatzea. «Distantzia fisikoaren muga izan arren, elkarrengandik hurbil sentituko garelakoan gaude», adierazi dute.
Jaialdian parte hartuko duten artistei dagokienez, askotarikoak izango dira: besteak beste, Rita Payes, Rudiger, Teksuo, Labana, Matt Haron, Tashakor, Vulk, Elle Belga, Aiama & Aneguria, Knives, Azken Sustraiak, Feline eta Euskatalites. Antolatzaileek sare sozialen bidez adierazi dute kontzertu gehienetarako sarrerak agortuta daudela dagoeneko. Hala ere, oraindik badago musikaz gozatzeko aukera. Jaialdiko kartela eta iruditegi osoa egiteaz Iban Sainz Jaio gernikarra arduratu da.
Boluntarioen lanari eta hainbat elkarteri esker antolatzen dute azken urteetan Lekuek festibala. Koronabirusak sortutako alarma egoeraren ondorioz, iazko jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten, baina antolatzaileek azaldu dute aurtengo jaialdirako «gogoz» daudela: «Musika da gure oxigenoa».
Txikira egokitutako Lekuek
Lekuek festibala egingo dute bihartik hilaren 21era arte, Gernika-Lumon. Formatu txikiko ekitaldi andana antolatu dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu