Aurretik Baionako Le Carre aretoan, Ipar Euskal Herriko beste hainbat gunetan eta Parisko Georges Pompidou zentroan izan ondoren, Bertrand Dezoteux artistaren Txerri bideo lana Bilboko Rekalde aretoan dago orain ikusgai. Hogei'ta programako irabazlea izan zen Txerri, EKE Euskal Kultur Erakundeak arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak garatzeko antolatutako programako irabazlea, 2011n. Irailaren 30a arte izango da lan hori Rekalde aretoan ikusteko aukera.
Bi txerri erakusten ditu Dezoteuxen bideo lanak, Irisarri herri txikian (Nafarroa Beherea) sartzen diren unean. Txerriak 3D formatuan daude sortuta eta animatuta; eta Irisarriko bizilagunak ere ageri dira, une batez aktore bilakatuta. Bi txerri arrotz horien begiradaren bidez, artistak euskal jarduera tradizional batzuk aurkezten dizkio ikusleari: euskal pilota, musika, dantzak… baita sokatiraren aldaera etxetiar bat ere. Bideo lana taxutzeko, lehenik, bideo irudiak hartu ditu herrian, eta gero, muntatze lanetan, 3D formatuan animatutako txerri birtualak sortu.
Beti formatu berrien bila
Baionan sortua da Bertrand Dezoteux, 1982an, eta han bizi da egun. Kontakizun grafikoa ikasi zuen, Anguleman (Frantzia). Korean izan zen gero, hango margolaritza ikasten. Beti formatu berrien bila, hainbat bideo lan egin ditu; zientzia fikzioa, amateurismoa eta dokumentala nahasten dituzten lanak dira funtsean. Zientzia fikzioko eleberrien ereduak ez ezik, Dezoteuxengan eragin nabarmena izan du Nouveaux Roman mugimenduaren sortzaile eta teorialari nagusia izan zenaren literaturak ere, hots, Alain Robbe-Grillet idazlearenak. Adibidez, Roubaix 3000 lanean, etxekoekin egin zuen bazkari batean grabatu zituen elkarrizketak erabili zituen, zati zehatz batzuk aukeratuz eta aktore talde bati playback-ean antzeztaraziz. Hiri giroko hainbat agertoki hautatu zituen, eta Roubaix hiriko arkitektura modernoa paratu zuen atzealdean. Hala elkarrizketak nola eszenaratzea bera nahasgarri samar geratzen dira gizakien arrastorik gabeko gune horietan, barnealdera sartzeko gogorik pizten ez duten arkitektura modernoko mausoleoak balira bezala.
Egunotan Rekalde aretoan ikus daitekeen bideo lanean, Txerri-n, Baionako artistak aurreko lanetan erabili zituen baliabide batzuk hartu ditu berriro. Batetik, euskal landa esparruan kokatu du istorioa berriz ere, aurreko hainbat lanetan egin bezala; bestetik, kontakizun berean elkarretaratu ditu desberdinak diren hainbat osagai.
'Txerri', Bertrand Dezoteuxen lana, Rekalden dago ikusgai
Hogei'ta irabazi zuen Dezoteuxek 2011n lan horrekin, Euskal Kultur Erakundeak antolatutako programa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu