Bukaera sortzen

Txatalak Mary Shelleyrentzat

Irakaslea da ogibidez Jose Luis Otamendi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959). Literaturaren alorrean, poesia landu du beste ezeren gainetik: Egunsenti biluzia (1980), Zainetan murrailak (1987), Lur bat zure minari (1995), Erlojuen mekanika (2007), Kapital publikoa (2014)... Narrazioa (Euri kontuak, 1999) eta saiakera ere (Loiolarik ez balitz, 2005) landu ditu.

2018ko maiatzaren 10a
07:30
Entzun

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Jose Luis Otamendiren poema da hau:

-I-
agiri bat zor nizun
aspaldi behar zuena
baina gaur dakarkizut:
badakit osatu gabe dagoena
hor behar baitute askok
oraino jazo ez direnak

agiri bat zor nizun
ez izartegia
promesa ederren brumatan
ez bortuetan arranoak
hilezin izateko eskolan …
ez dakit inoiz izan denik baina
jada ez dagoela dirudi
denontzako etxe bat

jarriko gara
ohiturik gaude
estetika liriko batez
lotuko gatzaizkio berriz
herri honen bilatze antolatuan:
agonia ezti batean laketu
jendea gara …

erlaro mintsu bat pausatu da
konpontzerik ez dago dena …
agian egun txikien segida
eramangarri bat
posible izango zen
baina ez ginen aski indar batzeko gai izan
edo ez genuen jakin …

inori erauzi gorputz atalekin
egina dago sasoi hau
hala moduz
piezak falta dituela …
erdi osatuan da nire nazioa

-II-
hitzorduak berritu
eta maite duguna zer den
zer libre izatea gaur
nazio bat osatzeko
aski diren gorputz bi
eta grina suhar bat
nahi nieke atera
nonahiko ereserki  
eta banderei

bestek egindako mundu batera
erori ginela deklaratzeko aholkua
serio hartu izan dut:
nor ez da hazi baina
haurtzaro ukatu batekin nolabait
erdi jandako jendarte batean
hizkera esklabo bat ahoan

nork ez du atsegin
zaputz erreen ilintietatik jaiki
bortuetara igan
eta lurraren arrasean etsi partez
arranoen hegaldia miratzea

hemen  gorputz asko
arima anitz
txatalka apurtu da
kiskali
hautsi:
handiegien ispiluetan galdu ginen
eta han ez da sute irteerarik …
bidegabez
adorez
dolorez
bandera eta ereserki bana
ordaindua dukegu guk ere
munduko beste askok legez

-III-
erdizka egindako
mundu batera jaio bide ginen
erdi egina zegoelako
geuri zegokigulakoan
beste erdia osatzea …
baina izan ginen gutxiegi
edo ez aski trebe
eta hatz mamiekin ukitutako
aukera haiek
bulkada liriko bat edo bitan hustu ziren

euskalduna askatuko da agian
osmosi hutsez
geu baino zapalduagoak jagoten
gidari edo mugazain …
agian kapitalak ezarri
inonez unibertsalean
gutasun urtsu batez …

zaila behar du
han-hemen bildutako gorputz atalak
hitzak lurra pentsamenduak
premiak desioak gosea …
jendearen  gogo-gorputzen neurrira ekarri
eta  ematea bakoitzari toki duin bat

jada ezin da egin
inor zauritu aurretiko garaira

-IV-
agiri bat zor nizun
agiri bat azaltzeko
historiaren aihenetan trabaturik
baina oraindik bagarela

agiri bat zor nion nire buruari
agiri bat gaurko sasoiari
ataletan emana
geu bezala
zatiturik:
gogoa da
gorputza
eskain dezakegun
hondarreko  komunikatua …
haren puskak
haren zainak
itsustutako historia bat

ahaztu antzean dut
nola jaio ginen mundura
non jarri gintuzten
negar haien istil eta musikak
beharbada orduan ikasi genuen
gorputz soil ez ezik izan baginela
jendarte zaurgarri
leherkor
arriskuz betea …

erlaro mintsu bat
eta jada ezin da
inor zauritu aurretiko garaira
baina agian bai
egun txikien segida
eramangarri bat …

agiri bat zor nizun
osatu gabea
-hor behar baitute
oraino jazo ez direnak-
biluzik
libreki emana
zeharo adostu ezineko agiria
piezak falta dituena …

geure gorputz atalekin
josi nahiko nuke oraina …

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.