Txarrantxa ugertuen zauriak

Veronica Domingo Alonsoren 'Hesi hirukoitza' Arteztu galerian egongo da maiatzaren 5era arte

Bost koadro banakoren artean hesi bat itxuratu du Veronica Domingok Arteztu galerian. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Hesiak, oztopoak, kableak, txarrantxak, arantzak eta sorbatzak; espresionismo gordinez irudikatuta dago Veronica Domingo Alonso pintorearen (Bilbo, 1989) Hesi hirukoitza proiektua. Maroko eta Espainia arteko mugan Melillako hesiak erakusten duen errealitateari forma plastikoa eman dio oliozko koadroetan eta grabatuetan.

Kolera gaitzari aurre egiteko, 1971n paratu zuten muga hartako lehen hesia; baina 1998an, 12 kilometro luze eta 10 metro garai den hesi itzela eraikitzen hasi ziren, migrazioari ateak ixteko. «Eta etenik gabe gora jasotzen eta berritzen segitzen dutenez oraindik, ez dakit nire proiektu hau bukatutzat eman ote dezakedan», adierazi zuen Domingok, ironia kutsu mingotsez, erakusketaren irekieran.

Arazo sozial eta politiko lazgarriak bihurtu dira Afrika eta Europa arteko muga guztiak, «eta ez diot bizkarra eman ikusi eta ezagutu dudanari; alderantziz, nire fantasia artistikora ekarri dut, emozio karga batekin».

Erakusketa apirilaren 12an abiatu zuen, Donostiako Arteztu galerian, eta maiatzaren 5era arte egongo da zabalik.

Hesi hirukoitza proiektua bost olio handiz eta hiru txikiz atondutako bilduma bat da, alde batetik, eta 11 grabatuz eta 11 matrizez garatutakoa, bestetik. «Miseriatik ihes egiten saiatzen ari diren migranteen aurrean agertzen ditut fokuen argi itsugarriak, altzairuzko kable egiturak, sareak eta hesolak, hortzak eta txarrantxak, nahaspila kiribilduan».

Arteztu galeriako ezkerreko bi paretetan bost olio handi jarri ditu Domingok, 120 x 100 neurrikoak eta hiru dimentsioko markodunak, bostak elkarren segidan, mural bat osatzen bezala: «Banakako koadroak dira berez. Baina, tamaina berekoak izanik, eta denak batera artikulatu ditudanez, kontakizun bat iradokitzen dute, trantsizio bat». Aurrena, ezkerretan, zauriak egiten dituzten txarrantxak eta sorbatzak dauzkaten hesi zaharraren irudia ipini ditu; erdian, berrikuntza eta aldaketa garaiko materialen mugimenduak; laugarrenean, oraingo hesi berria, eta bigarrenean eta bosgarrenean, jendea hesien gainera igota, bestaldera igarotzeko gertu.

Beharbada ikusleak zalantza egingo du begiratzen ari denaren eta gertatzen ari denaren artean, nork bere burua ikusten ahal baitu lekuko urrunaren tokian batzuetan, baina migranteak parez pare daukan oztopoan katramilaturik besteetan. «Oliozko bost koadroen batura hau hesi bat irudikatzen ari da arte galerian bertan: traba, destorbua eta debekua».

Getxon eta Madrilen lan egiten du Domingok. Pintorea da formazioz, baina, Norwicheko Unibertsitatean izan zelarik, grabatugintza ingelesaren tradizioak gatibatu egin zuen 2012az gero: «Forma piktoriko batetik abiatzen dut beti grabatua; hori ere egia da».

Matrizeak eta grabatuak

Melillako hesia aldatu egingo zutela aditutakoan ekin zion proiektuari, 2019. urtean: «Grabatuak lantzen hasi nintzen, eta Alfara Grafica artisten egoitzan egin nituen, Salamancan. Leku berezia da, etxalde bat, 150 metro koadroko tailerra daukana».

Galeriako eskuineko paretan jarri ditu grabatuak eta matrizeak: lau eta lau, bi lerrotan konbinatuta. «Ekarri ditut matrize hauek, baina haien grabatuak ez, eta alderantziz: begien aurrean ditugun grabatu hauen matrizeak ez daude hemen».

Matrizeak 100 x 70 zentimetrokoak dira tamainaz, eta atentzioa emango diote ikusleari, sotiltasunez margoztaturik baitaude han eta hemen: «Bai, marka gorriak egin ditut, txarrantxetan geratu diren odol tantak balira bezala, edo loreak. Niretzat grabatuak bezainbeste dira matrizeak obra artistikoa, eta horrexegatik pintatu dut haien gainean».

Grabatuek indar handiz okupatzen dituzte tokiak, zuriaren gainean beltzez. Duela bi urte egin zituen grabatuak, eta, haien emaitzarekin gogobeteta, iaz ekin zien olioz pintatutako koadroei. «Grisaren gainean margotzen aritu naiz, beltzak hartzen dituen tonu ezberdinekin eta zuriaren argitasunak sortzen dituen distirekin».

Bilbo Arte Fundazioaren sorkuntzarako laguntzetako bat jasodu Hesi hirukoitza proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.