«Benga, Unai!», esan zioten entzuleek kartzelatik oholtzara arteko bidean Agirreri. Ez zen ariketa hura izan hernaniarraren onena, baina, ordura arte erakutsitako maila kontuan hartuta, bazekien publikoak hortxe behar zuela finalerako. Gainera, azkena zen kantatzen. Lanak amaitu eta puntuazioaren berri izan bitarteko tartean, emozioak gora egin zuen Iruñeko Anaitasunan. Ekarri zituen idazkariak batuketak, eta «lehen sailkatua, 698,5 punturekin, Aitor Sarriegi», bota zuen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. Marmar moduko bat sentitu zen kiroldegian, puntu gutxi samar zirela iritzita. Bigarrena, 696,5 punturekin, Aitor Mendiluze. Espero zuen hori ere jendeak. Jakin-mina batez ere hurrengoari begira zegoen, zenbat puntu izango zituen eta, ondorioz, zeinentzat izango zen BECeko zazpigarren aulkia. «696 punturekin, hirugarren, Unai Agirre». Poza igartzen zen bertsolariaren aurpegian, baina artean hurrengoak zenbat puntu zituen jakitea falta zen. 652 esandakoan lehertu zen giroa. Miren Amurizarentzat ziren puntu horiek. Bosgarren, Alaia Martinek egin zuen (649,5), eta seigarren, Oihana Iguaranek (646). Horrenbestez, zortzi bertsolari hauek kantatuko dute abenduaren 17an, BECen: Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Aitor Mendiluzek, Igor Elortzak, Sustrai Colinak, Aitor Sarriegik, Beñat Gaztelumendik eta Unai Agirrek.
Besarkadak etorri ziren puntuazioaren berri izan ostean. Bat oso estua, Mendiluzeren eta Agirreren artekoa. Bukaerako agurrean, andoaindarrak kantatu zuen poz hartu zuela txapelketak Agirrerekin zuen zorra kitatu zuelako. Sentitu zuten halako zerbait bertsozaleek ere. Orain lau urteko txapelketan, azkena sartu zen Sarriegirekin puntutan berdinduta, baina kanpoan geratu zen. «Banekien ondo ari nintzela, baina ez nuen gehiegi pentsatu nahi finalean, ze aurreko txapelketan ere egoera antzekoa izan zen», zioen saioa bukatutakoan Agirrek. Besarkada hunkigarriak izan ziren Amuriza eta Iguaranen, eta Amuriza eta Martinen artekoak ere. Hirurek zituzten aukerak finalerako, batez ere lehen biek, baina aurtengoan ez da posible izango. Nabarmentzekoa izan zen berriztarrak egindako lana. Lehena zen kantatzen, eta, zortziko handian hasi bezain pronto, sudurretik odola hasi zitzaion, eta ariketaz ariketa, bere lanak amaitu eta oholtzatik jaitsi behar izan zuen. Hala ere, maila oso ona eman zuen.
Ariketa horretan, ez zen bertsoaldi oso-osorik izan. Zortziko txikian hasi zen gora egiten saioa. Artista gaztea zen Iguaran, eta haren aita Agirre. Lehen erakusketaren inaugurazioan, aitaren lagunek bete zuten aretoa. «Zinez estimatzen det/ guztien laguntza/
etorriko al ziran/ gero ez balitz luntxa?» hasi zen amasarra, eta erantzun egin zion Agirrek: «Luntxarena ez zazu/ aipatu mesedez/ ez ziran etorriko/ eta neu ere ez». Ondo karikaturizatu zuen aitaren pertsonaia hernaniarrak, eta, alabak argazkia sinatzea nahi al zuen galdetu ostean, honela amaitu zuen bertsoaldia: «Agian famatua/ eingo da gerora/ marra bat ziarrera/ ta bestia gora/ segi zazu alaba/ pozik ta gustora/ ulertzen dunarentzat/ ona izango da».
Puntukako ariketan, sei bertsolariak aritu ziren txukun, eta, zenbait momentutan, goia joz. Ariketa horretan umorera jo zuen saioak, eta hamarreko txikiko ariketan ere tonu horri eutsi zioten, besteak beste, Sarriegik eta Agirrek. Anorexia izan zuten nerabezaroan, eta, garai hartan, elikadura nahasmenduak tratatzeko zentroan ezagutu zuten elkar. Hamar urtera, erosketak egiten ari zirela egin zuten topo. Gaiari nola heldu zioten gustatu zitzaion publikoari: «Urte haiek ez ziran/ pasatu hain alai/ zulotik ertetzeko/ biyok ez ginen gai/ baina han indartu ginan/ Aitor eta Unai/ begiratu hutsean/ konturatu naiz ai/ ni ondo sendatu naiz/ baina zu ere bai», hasi zen Agirre, eta «begiratu karroan/ orain daukaguna/ lehen urte osoan/ jango ez genuna» amaituz jarraitu zuen Sarriegik. Ongi osatu zituzten hurrengo bi bertsoak ere, eta bukatzen asmatu zuten: «lehen elkartu ohi ginen/ ura edatera/ hau ospatu dezagun/ goazen bazkaltzera», Agirrek, eta «ospa dezagun baina/ zera ahaztu gabe/ orduan zeuden batzuk/ oraindik han daude».
Nabarmentzekoa izan zen ariketa horretan Amurizak eta Martinek egindako lana ere. Bikotea ziren, eta hamar urte zeramatzaten atzerrian, lanera joanda. Euskal Herrira itzuli nahi zuten, baina semeak ez. «Gure semeak hemen/ baitauzka sustraiak» hasi zen Martin, eta ezin hobeto jarraitu zioten bide horri: «baina prest nago/ berriz aberriratzeko/ landare gaztea da/ berriz landatzeko», bota zion Amurizak. «Berak gustokoa du/ orain daukan lurra», erantzun berriro Martinek. Eta hurrengoan Amurizak: «Semea ezagutzen dut/ berez poz eta min/ eta Euskal Herrira/ nahi diot jaregin/ han gertatuko zaio/ pistinan lez berdin/ hasieran ez baitu/ izango atsegin/ ta gero ez du nahiko/ bertatik alde egin».
Kartzelakoan nabarmendu zen Sarriegi, atzoko saioko irabazlea. «Ezkutatu egin zara ikusi ez zaitzaten», zen gaia. Estresagatik gaixoaldian zegoen langilearen rola hartu zuen beasaindarrak, eta lehen bi bertsoetan ederki kokatu zuen egoera. Tabernako komunean ezkutatu zen, parrandan ari zela nagusia ikusi zuelako. Hirugarren bertsoarekin egundoko txalo zaparrada jaso zuen: «Zuei agian bai baina/ neri ez dit egin grazi/ aitzaki hobeak jartzen/ beharko nuke ikasi/ ez dakit egoera hau/ ia nola iragazi/ gauza onik ezin baitut/ honetatik irabazi/ ta aitzakiak pentsatzen/ ere nazkatu naiz kasi/ begiratu dit ta zuzen/ 'Aitor ze ari ote haiz hi?'/ gin tonic-a bota diot/ bere izotz eta guzi/ ordaintzen duenerako/ez du besterik merezi».
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak
Txapelketak kitatu dio zorra
Sarriegik irabazi du Iruñeko saioa, baina Agirrek hartu du protagonismoa, finalerako sailkatu delako. Bi horiekin batera, Arzallus, Lujanbio, Mendiluze, Elortza, Colina eta Gaztelumendi ariko dira BECen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu