Bertsolaritza

Txapelketak izango ditu ardatz Bilintxen Menda bertso hamabostaldiak

Ostiralean hasi eta maiatzaren 2ra arte, mahai inguru bat, bi hitzaldi eta bertso saio bat egingo dituzte, Donostian.

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus txapeldunen bertso saioan ariko dira. IÑIGO URIZ / FOKU
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus txapeldunen bertso saioan ariko dira. IÑIGO URIZ / FOKU
mikel lizarralde
2024ko apirilaren 17a
15:33
Entzun

Txapelketei begiratuko die aurten Bilintxen Menda Donostiako bertso hamabostaldiak. Ostiralean hasiko da, eta, maiatzaren 2ra bitartean, lau saio eskainiko ditu, guztiak txapelketetan ardaztuta.

Orain dela bi urte jarri zuten abian Bilintxen Menda Donostia Kulturak eta Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak. Bi helbururekin sortu zuten hamabostaldia: batetik, Bilintx bertsolariaren 190. urtemuga oroitaraztea; eta, bestetik, Donostiak historikoki bertso plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatu, bertsozaleei gozatzeko paradak eman, eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egitea.

Aurten ere bigarren helburu horri heldu diote antolatzaileek, eta gozatzeko eta gogoeta egiteko lau saio antolatu dituzte. Hasteko, ostiralean Txapeldunen bertso saioa deitu dutena egingo dute Imanol Larzabal aretoan (19:30), eta bertan izango dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi duten lau bertsolari: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio. Gai jartzaile Ainhoa Larretxea ariko da.

Hilaren 24an, Jon Sarasua bertsolari eta ikerlariak Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik izeneko hitzaldia emango du, Ernest Lluch kultur etxean (19:00). Antolatzaileen arabera, plazetatik kanpo bada ere, bertsolaritzarekin lotuta segitzen du Sarasuak, eta «haren begirada zoliak eta arrazoiketa sakonak beti sortzen dituzte gogoetarako printzak». Txapelketez eta bertsolariez ariko da bertso hamabostaldian, Xabier Euzkitzek aurkeztuko duen saioan.

1935etik 1967ra bitarteko bertsolari txapelketa nagusiei begiratuko diete hilaren 28an Antzoki Zaharrean egingo den Bertsolari Txapelketen antologia kantatua hitzaldi musikatuan (19:00). Emanaldi horretan, garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu joko bat osatuko dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. Aizpea Goenagak egingo ditu aurkezle lanak.

Amaitzeko, maiatzaren 2an, gai jartzailetzaren bilakaerari buruzko mahai ingurua egingo dute San Telmo museoan (19.00), eta bertan parte hartuko dute Joxemari Iriondok, Laxaro Azkunek eta Maite Berriozabalek. Xabier Euzkitzek gidatuko du saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.