Txapeldunak finalera salto egin du

Saioa Alkaizak irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Zuzenean sailkatu da abenduaren 2ko finalerako

Saioa Alkaiza, Nafarroako txapelketako lehen finalaurrekoko irabazlea, atzo, Altsasuko Iortia kulturgunean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Altsasu
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Alde handiz irabazi du Altsasuko (Nafarroa) finalaurrekoa Saioa Alkaizak. 506 puntu eskuratu ditu guztira. Hala lortu du abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan izango den finalean sartzea. Segidan sailkatu dira Saats Karasatorre (470,5), Sarai Robles (468,5), Eneko Fernandez (465), Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5).

Hasierako agurretan ohi denez, intentzioen iragarki eta aldarrirako tarte modura baliatu dute sei bertsolariek. Gehienek gogoan izan dute Bilbon ordu bertsuan Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa. Aipagarria, halaber, Alkaizak lehiaketaren aurreko aldian irabazitako «zementuzko txapelaren» zama.

Roblesek eta Castillok ekin diote saio puntuagarriari. Zortziko txikia izan dute egin beharreko lehen ariketa, osasun zentroko administrarien rolean. Biek ala biek hasieratik argi utzi dute osasungintzaren kolapsoa ez dela beren erantzukizuna, egiturazko huts egitea baizik, eta Roblesek borobildu du ariketa azken puntuekin, erietxeetako erabiltzaileak gogora ekarrita: «Saia gaitezen pazientzia izaten/ ta goratu gabe hitza/ ze guretzako lana da/ baina beraientzako bizitza».

Zortziko handian, Zapiaini eta Karasatorreri pisukide ohiak izatea egokitu zaie. Bidaia batean direla, Zapiainek hala bota dio: «Denborak egiten du/ ai Saats maitea/ batzutan mejora ta/ batzutan kaltea». Izan ere, Karasatorre lehen ordenatuxeagoa omen zen, gaiaren arabera, eta okerrera egin du urteak joan ahala. Amaierarako gorde du Karasatorrek bueltako ziria.

Gai zaila egokitu zaie hamarreko txikirako Alkaiza eta Castillori: herrikideak dira, hileta zibilak egiteko jende bila ari dira, eta Castillo Alkaizari joan zaio, hark balio duela esanez. Korapilo askoko matazari erraz erantzun dio bikoak. Alkaizak erantzun dio buruak nahi duela, baina bihotzak ez dakiela agur esaten. Hitz egiteko artea eta solemnitatea goraipatu dizkio, berriz, Castillok.

Puntutan, giro beroa

Saioa hotz hasi da ia beterik zegoen Iortia aretoan. Giroak gora eta behera egin du ariketek eta bertsolariek bikoteka kantatu ahala. Puntuka kantatzeko jardunarekin batera, bero-bero jarri da plaza. Alkaiza eta Fernandez trastelekua txukuntzen aritu dira, gauzak jaso eta aurkitu nahian. Zapian eta Castillo sukaldaritza tailerrean arrautza frijitu eta pasta gaztarekin kozinatzen aritu dira. Karasatorrek eta Roblesek pailazo lanak egin behar izan dituzte, kontratatutakoak agertu ez direlako.

Hala, ganbarara biltzeko sasoia heldu zaie lehiakideei. Oraingoan, bakarka kantatzeko gaia hauxe egokitu zaie: «Zure parekoaren begietan, gaur, zoriona sumatu duzu».

Castillok izan du tartea irekitzeko ardura. Bilobaz inguratuta dagoen 90 urteko aitonaren begietan sumatu du Castillok poztasuna, eta baserrira maizago joango dela zin egin du. Ildo bertsutik jo du Sarai Roblesek. Denbora hartu nahi izan du besapean gordea zuen sorpresa ongi atera zekion: Maria Arnal eta Marcel Bages bikote katalanaren Tu que vienes a rondarme abestia erabili du bakarkako ariketarako doinu gisa. Denbora gehiegi hartu izana zigortu diote epaileek azken ariketa horretan.

Minbizidun haurra izan da Eneko Fernandez. Bere poza ez ezik, gurasoena ere igarri du, sendagileak buruko zapia kendu dezakeela iragartzean: «Berriro pertsona banaiz/ eta aski kontent nago/ baina gurasoak daude/ ni baino kontentuago». Bikote baten aspaldiko elkarrizketa mahaigaineratzeari heldu dio Ekhiñe Zapiainek gaiari erantzuteko. Elkar ez maitatzeaz eta elkarrekin jarraitzeko arrazoirik ez egoteaz aritu da bertsolaria. Txukun egin du lana, eta publikoaren saio osoko txalo zaparrada handiena jaso du trukean.

Gurasotasunean murgildu dira azken bi bertsolariak, bi ikuspegi erabat ezberdinetatik. Alkaizak lesbiana bikote baten istorioa hartu du helduleku gisa. Karasatorrek berriz, harremanean saiatu eta saiatu ari den bikotearena, baita haurra izan aurretik kontu batzuk konpontzeko beharraz ere.

Hasierako agurretan intentzioak nola, amaierakoetan askatzeko eta eskerrak emateko probesten dute bertsolariek. Roblesek aitortu du lehiarekin duen harreman eskasa: «Ez naiz sekula santan egongo/ ni bizi naizen artean/ txapelketa bat baino harreman/ toxikoago batean». Bere aldetik, Eneko Fernandezek, agur esan die txapelketei, eta bizitakoak gogoratu eta eskertu nahi izan ditu. «Mila esker guztiagatik/ eta muxu handi bana», izan dira Fernandezen azken hitzak lehiaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.