Txapelari so zortzi bertsolari

«Behar zen babes instituzionalari esker», Iruñeko Anaitasunan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, larunbatean. Luzia Goñi Aizarozko bertsolariak jantziko dio txapela irabazleari

Zortzi finalistak, atzo, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Otsailean abiatutako ibilbidea amaitzear da. Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu duten 35 bertsolarietatik zortzi izango dira kantuan larunbatean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita jokatuko den finalean. Julio Sotok, Xabi Maiak, Eneko Fernandezek, Eneko Lazkozek, Aimar Karrikak, Ander Fuentes Itturri-k, Xabier Terrerosek eta Julen Zelaietak hartuko dute parte txapela eskuratzeko lehian. Duela bi urte bezala, oraingoan ere ez da emakumezkorik izango finalean bertsotan.

Oraindik larunbaterako egun batzuk falta diren arren, urduritasuna igartzen zaie zortzi bertsolariei. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako aurkezpenean, inork ez du eskuetan hartu nahi izan larunbatean garaileari jantziko dioten txapela. Denek begiratzen diote zeharka, baina hori bakarrik, begiratu.

Finala nolakoa izatea nahi duten galdetuta, Julen Zelaietak azaldu du ona izatea nahi duela: «Duela bi urtekoa bezain ona izan dadila. Saio atsegina izatea nahiko nuke». Badaki zertaz ari den. Izan ere, hamargarren aldia izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean abesten duena. Horietako batean irabazle ere izan zen: 2008koan, hain zuzen ere. Xabi Maiarentzat, berriz, lehenengo finala izango da. Onartu duenez, Anaitasunako saioaz zalantzak ditu. «Finala bertze plaza bat da, eta beldur ttiki bat badut. Nire buruarekin final ona egiteko dudan konpromisoa bete nahiko nuke».

Aurtengoa Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 43. finala izango da. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidenteak adierazi duenez, urte osoan egindako «lan isilaren» fruitua jasotzeko garaia izango da. «Parte hartzaile kopuruak erakusten du bertsolaritzak Nafarroan duen sasoi ona, eta elkarteak transmisioan egindako lan ona». Gaineratu duenez, hezkuntza arautuko programaren eta herrietako bertso eskolen bitartez, gazteek eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzeaz gain, horretan aritzeko aukerak ematen zaizkie. Hala, bertsolaritzak Nafarroan izango duen garapenarekin oso baikor azaldu da.

Alde horretatik, administrazioak bertsolaritzaren alde egin duen apustua azpimarratu du Lorea Arburuak, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileak. 2013an egin zen finala azken aldiz Iruñeko Anaitasunan. Duela bi urte, 2015eko txapelketan, berriz, erakunde publikoen «nahikoa» babesik ez zutela argudiatuta, Elizondon egin zuten. «Egun, behar adina babes dugu, eta finala Iruñean egitea lortu dugu», adierazi du, pozik, Arburuak. Nafarroako bertsolaririk onena zein den jakiteaz gain, urrian hasiko den Txapelketa Nagusian ariko diren bost ordezkari nafarrak zeintzuk izango diren ere erabakiko da. Izan ere, lehen bost postuetan sailkatzen direnek hartu ahal izango dute parte lehia nagusian.

Emakumeei, aitortza

Finalean, bertsotan lehiatuko direnen artean emakumerik ez da izango. Baina emakumezko bat arduratuko da txapela janzteaz, Luzia Goñi, 89 urteko Aizarozko (Nafarroa) bertsolaria. Ogibidez sukaldaria izan da. Bizi osoan eutsi dio bertsogintzarako afizioari eta sorkuntzari. Bere garaiko emakume askok bezala, plazan, jendaurrean bertsotan egiteko aukerarik ez zuen izan. Hala ere, ehunka bertso idatzi zituen, atzoko eta gaurko gertakarien kronikak eginez. «Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honen bidez, hamarkada luzez bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztiei aitortza ere egin nahi diegu», adierazi du Rekondok.

Arburuak azaldu duenez, finalerako sarrerak salgai daude jada, eta larunbat goizera arte erosi ahalko dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Horrez gain, nahi duenak larunbatean bertan eskuratu ahal izango ditu Anaitasunako leihatiletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.