Gehitxo edanda akaso, baina txapelarekin dantzan amaitu zuen atzo Peru Abarrategik Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Minutu gutxian errealitate bihurtzear zegoen buruz buruko bakarkakoan fikzionatu zuen egoera. Txapela janztearena, behintzat. Halaxe jarri zioten gaia: «Festa giro ederrean ibili zara. Gaur ere, ordea, etxera lagun diezazuten eskatu behar izan duzu». Eta lehen bertsoa modu honetan amaitu zuen txapeldunak: «Nola ez dut ospatuko, jakizue, ez da txantxa/ txapelarekin egin dut gaur Jimmy Jazzean dantza».
Finalera iritsi den bigarren aldian irabazi du txapela Peru Abarrategik, Gasteizko Europa jauregian, seiehun lagunen aurrean. Ofizioz ofizio erakutsi du gaia aramaioarrak, eta bakarkako lan ederrak utzi ditu. Manex Agirrerekin buruz burukoa egin ondoren —biek izango dute aukera datorren Euskal Herrikoan kantatzeko—. Serapio Lopezen eskutik jantzi du txapela. Arabako beteranoei lekukoa hartu die hala, eta azken agurrean euskarari eta zazpigarren alabari gorazarre eginez amaitu du finala: «Eskakizun txikitxo bat aterako dut plazara/ nahiz Aramaio ta Oion ez den berdin beharbada/ probintzi txiki honek du bere-berea euskara/ batzuek ahaztu arren gu ere euskaldun gara/ beraz konplexu guztiak doazela pikutara/ amak berdinak erditu baditu alaba/ merezi duen moduan zaindu zazue Araba».
Abarrategiren atzetik errenkadan geratu dira beteranoak: Agirre, Perea eta Viñaspre. Igoak eta Amilburuk egin dute bosgarren eta seigarren. Agirrek bertso eskolei zuzendu die agurra: «Bertso eskola da gure territorio askea/ zuek lortu duzuela ez nuke nahi ahaztea/ hemen goian ta hor behean pozik sentiaraztea».
Oihane Perea da oraindik ere Araban txapel gehien duena, eta txapelketari agur esango diola iragarri du amaierako agurrean: «Hogeita hamar urtez igual fokuen erdi-erdira/ igo eta gero igual hauxe dugu despedida/ egurra ta harria eman dut hemen kontua hori da/ gazteak ta komunistak nire esperantza dira/ beraz igual jaitsiko naiz lehendabiziko aulkira/ gehiago disfrutatzeko beste batzuen dizdira».
Agirre eta Perea sendo hasi dira zortziko handian, baina Viñasprek eta Abarrategik ere saio indartsua egin dute lehen ariketa puntuagarrian. Lagunak dira biak. Gaur auzokide baten etxegabetzea galarazteko herri harresian egon dira, eta azkenean lortu dute geldiaraztea. Zorrotz hasi da Viñaspre, goitik beherako bertsoarekin: «Agenda bi mila ta hogeita hamar horren koloretsua zen/ baina gero heltzen da txakurrada ta hasten da zu kolpatzen/ ze gizarte mota ari gara eraikitzen ta osatzen/ eskubide oinarrizkoena ez bada errespetatzen». Egoeraren iluna baino, egindakoaren balioa nabarmendu dio Abarrategik: «Baina jendeak ikus dezala ta egin gu biok bezela/ jakin dezatela ahaleginak balio dezakeela».
Hamarreko txikia ez da neurri erraza bertsoa osorik josi eta aldi berean arin jarduteko. Umorerako aukera ematen zuten gaiek atzo, eta ederki baliatu zuten aukera Pereak eta Abarrategik. Jubilatu eta txakur bat adoptatu dute, eta haren atzetik dabiltza etengabe, askotan ihes egiten baitie. Perea nazkatu da, eta zikiratu egin nahi du. Abarrategiri, ordea, pena ematen dio: «Konponbide zehatzik maitea ez dago/ bere onetik dugu irtenda zeharo/ ia gure semea baino okerrago». Algara eragin zuen Perearen erantzunak: «Zikiratuko dugu kitto iskanbilak/ sobrebaloratuta daude barrabilak». Hirugarren bertsoan ere ez zen atzean geratu: «Berak ta zuk beharko duzue katea/ hankartean nahiz eta duzuen artea/ biak zikiratuta niretzat bakea». Ofizioari amaiera ona eman dio Abarrategik: «Txakurrari ez nik zuri baitizut beldurra/ jada ez gaituzu maite, ez ni, ez txakurra».
Beste tonu batean, baina Amilburuk eta Agirrek ere asmatu dute umoretik jotzen. Bikotea dira, eta badaramate denbora etxe bat erosi nahian. Aurkitu dute bat egokia, baina leihoek hilerrira ematen dute. Amilburuk ez du hara begira bizi nahi, baina Agirreri berdin dio. Umore beltza landu dute, zonbiak aipatuz eta etxean eskopeta bat beharko dutela esanez. «Paula, hau ez da Texas», erantzun dio Agirrek Amilbururi. Hark asmatu du ofizioari surrealismo ukitu bat emanez: «Eskopeta batekin nagola demagun/eta kasualitatez orain naiz alargun/ Manex izango zaitut beti bizilagun». Ondo biribildu du saioa Agirrek: «Ba zerbait pentsatu behar nola akatu nauen/ epitafioa jarri hilerrian hemen/ texastar txiki hura asko maite nuen».
Ez hamarreko txikiak beste, agian, baina seiko motzak ere utzi ditu kolpe onak. Buruz burukorako sailkatutako biak elkarrekin aritu dira, Medikuntza Fakultateko ikasleen rolean. Gaur hasi dira hilotzekin praktikak egiten. Zorabiatu samar sentitu dira, eta haizea hartzera atera behar izan dute. «Lanean hasi ta hala/ begiratu ta aibala/ iruditu zait une batean keinu egin didala», bota du Agirrek, eta Abarrategik erantzun: «Ez ditut sinesten gutxi/ begiak fuerte igurtzi/ niri ondokoak berdina egin dit ez al duzu ikusi?». Azkenengoan, Agirrek: «Gu ikusiz ze nibela/ gero Sagarduik honela/ nola ez du baesango mediku falta dagoela».
Buruz burukoaren aurretik, bakarkako ederrak utzi dituzte bertsolariek. Seme-alabek haurrak bezala tratatzen duten adinekoaren larruan sartuta egin du Agirrek: «Nola ordenatu leike sentimenduen koktela/ aspaldi onartu nuen zahartu egin naizela/ baina gauza esan nahi nuke zutik nagoela/ errespeta nazazue maite nauzuen bezela». Igoak, berriz, euskaraz aritzeko hautua egin duen gaztearen ahotik osatu du bakarkakoa: «Ez dugu izan ama hizkuntza, ez dugu izan etxeko/ baina ez gara bistatik itsu ta kontzientzia hutseko/ lana egon da ta egin dugu erabakira heltzeko/ akats bakoitza izan liteke beste askotan antzeko/ gure bidean beste pauso bat aurrerantza jarraitzeko».
Buruz burukoa
Mari Errauskinen ipuineko pertsonaia bihurtu dira Agirre eta Abarrategi buruz burukoan. Ez bati ez besteari ez zaie gustatu egokitu zaien rola, eta aldatzea erabaki dute. «Heldu dira hamabiak/ nolako izerdiak/ azken trago azken punta/ lasai etxera ni neu joango naiz ze ja nago txungatuta», bota du gazteenak. Egoki jarraitu dio Agirrek, ipuineko pasarteekin lotura eginez: «Baina hain planta oneko/ zaude dagoeneko/ handia zara, mutila/ ea non kristo ipintzen duzun kristalezko zapatilla».
Bakarkako lanerako, berriz, honelaxe jarri diete kartzelako gaia: «Festa giro ederrean ibili zara. Gaur ere, ordea, etxera lagun diezazuten eskatu behar izan duzu». Gaiak iradokitzen zuen bidetik jo du Agirrek. «Etxera goaz elkarrekin sentituta lasai bapo/ beste erremediorik uzten ez digutelako/ entzun behar duenak eta ulertu beharko/ elkar zaintzen badugu gu indartsuago garelako». Txapelarekin Jimmy Jazzen dantzan amaitu duela kontatu ondoren, «Manex Agirrek atera dit hamabosgarren kaña», amaitu du bigarren bertsoa. Azkenengoa, berriz, buruz buruko ofizioari keinu eginez: «Lagunak beti lagunduz ni etxera eramaten/ lehen esan dut printzeak ez dakiela edaten».
Arabako Bertsolari Txapelketa. Finala
Txapelarekin dantzan
Peru Abarrategik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, Manex Agirrerekin buruz burukoan aritu ondoren. Oihane Perea sailkatu da hirugarren, eta agur esan die txapelketei finalaren amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu