Dantza

Txalapartarekin batera

Ikuskizun berria aurkeztuko du Kukai dantza taldeak bihar, Donostian: 'Txalaparta'. Egurrez osatutako instrumentuaren «esanahi eta ikuspuntuak» aurkitu eta irudikatu izan nahi ditu Jesus Rubio koreografoak.

Kukai dantza taldeko kideak, 'Txalaparta' ikuskizunean. ANDONI CANELLADA / FOKU
urko iridoy alzelai
Errenteria
2024ko otsailaren 2a
05:10
Entzun

Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona fabrikan entseatzen du Kukai dantza taldeak. Oholtza gainean, lau txalaparta eta zazpi dantzari; behean, aldiz, soinu eta argi teknikariak, koreografoak eta irakasleak. Jende dezentez osatutako taldea da Kukai, eta denen artean aurkeztuko dute Txalaparta, dantza taldearen lan berria. Ikuskizunaelkarlanean eraiki du Kukaik, Jesus Rubio koreografoarekin batera. Komunikazio tresna moduan erabili izan zen txalaparta Euskal Herriko baserrietan, eta orain, erabilera aldatu arren, «giza esanahi» berbera mantendu izan nahi du dantza taldeak. Bihar aurkeztuko dute lehen aldiz Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Jon Maiak sortu zuen Kukai dantza taldea 2001. urtean. Gaur egun, oholtzaren beste aldetik ikusten du taldea, zuzendari lanetan. «Duela urte bat elkartu nintzen Euskal Herrian Jesusekin eta orduan hasi ginen Txalaparta osatzen. Lehenagotik dator instrumentu honen harira ikuskizun bat egiteko ideia, baina Jesusekin elkartu nintzenean, bion artean adostu genuen», esan du Maiak. Madrildik hurbildu zen Rubio Euskal Herrira, Maiaren proposamenak erakarrita. «Nire aurreko ikuskizunean mugimendu errazenekin musika eratzeko erronka eduki nuen. Flamenkoan eta haren erritmoetan oinarritutako ikuskizuna izan zen, eta bertan ere egurrak erabiltzen genituen erritmo horiek markatzeko», azaldu du Rubiok. Maiak txalapartaren ideia helarazi zionean, bere aurreko ikuskizunaren «eboluzio» baten moduan irudikatu zuen Rubiok Txalaparta, biek dituzten «antzekotasunak» direla eta. «Gutxirekin asko egiteko premisari zuku osoa ateratzeko aukera ikusi nuen Jonen proposamenarekin, jakinda txalapartak zelako historia izan duen Euskal Herrian, eta nola ulertzen duten hori euskal herritarrek», esan du Rubiok.

Egurrez osaturiko instrumentua da oinarri, baina, era berean, musika tresnaren ikuspuntu «zabal eta estu» guztiak «ikusi eta ulertu» nahi izan dituzte koreografoek. «Hasieratik oso argi genuen txalaparta zuzenekoan egon behar zela, oholtza gainean ikusi behar genuela», azaldu du Rubiok. Instrumentuarekin ikuspuntu horiek aurkitzeko, landa lana egin behar izan zuten Maiak eta Rubiok, kontaktu sare bat osatuz, txalaparta «ondoen ulertzeko». Juan Mari Beltran musikari eta musikologoa, euskal musika tradizionalean aditua, izan zen sare hartako lehenengo kontaktua. «Juan Marirekin egon ginenean txalaparta ulertu nahi nuen, harentzat zer esanahi zuen jakin nahi nuen. Hainbat gauza azaldu zizkigun, baina momentu hartan ez ulertu arren, pixkanaka gauzak barneratzen joan naiz. Txalaparta bi pertsonen arteko etengabeko harremanean datza, eta musika bukatzean, inor ez da egindakoaren jabe, batek bakarrik ezingo lukeelako egindakoa lortu. Kontzeptu hori pixkanaka joan naiz ikusten, eta orain, esan dezaket, nire ustez, Juan Marik azaldutakoa txalapartaren esanahi nagusia dela», azaldu du Rubiok.

«Txalapartan, materiala gutxienekoa da, jotzaileen arteko akordioa da garrantzitsua».

JESUS RUBIOKoreografoa

Estreinaldiari begira, dantza taldearen «poztasuna eta asetasuna» nabarmendu ditu Maiak: «Ez dakit zer esango duen jendeak dantzariak oholtza gainean ikusi ondoren, baina gu pozik egongo gara, hori seguru. Urte oso bateko lana dago ikuskizun horretan, eta guk inork baino hobeto dakigu hori». Rubiok, aldiz, hausnarketa desberdin bat egin du estreinaldiarekiko: «Jendeak gurea ez den ikuspuntu bat dauka txalapartarekiko. Gehienentzat, instrumentu bat da, lau egurrez osaturiko musika tresna bat. Baina guk ez dugu horrela ikusi, ez dugu hori irudikatu nahi izan oholtzan. Txalapartan, materiala gutxienekoa da, jotzaileen arteko akordioa da garrantzitsua, eta hori sentitzeko aukera du ikusleak». Maiak ikuslearengan «hausnarketa» eragin nahi du, «emozio eta pentsamendu» berriak sorrarazi. Rubiok, aldiz, «iragarrezina» ikusten du jendearen erantzuna, horrela ulertzen baitu artea koreografoak.

Urtebeteko lanaren fruitua da Txalaparta. «Askotan, arte prozesuak gogorrak eta trinkoak izan behar direla uste dugu, ideia hori txertatu da gaur egungo gizartean. Baina nik ez dut hori partekatzen, eta gure prozesua adibide handi bat da. Lana oso jasangarria izan da, askotan erraza», azaldu du Rubiok. Maiak haren lankidearen ikuspuntua elkarbanatzen du, eta urtea «gorabeheraz» beterikoa baina, era berean, «erraza» izan dela deritzo. Kukairen eta Rubioren arteko lana «apartekoa» izan dela esan du Maiak: «Gure artean gure txalaparta sortu dugu, taldearen eta Jesusen arteko harremanarekin».

«Gure artean gure txalaparta sortu dugu, taldearen eta Jesusen arteko harremanarekin».

JON MAIAKukai dantza taldeko zuzendaria

Interpretatzaileak

«Interpretatzaile» hitza erabili dute Maiak eta Rubiok dantzariez hitz egin dutenean. Ikuskizunean, koreografiak dantzatzeaz gain, hainbat gauza egiten dituzte protagonistek. «Hasieratik argi genuen txalaparta jotzeko ardura zazpi interpreteei emango geniela. Gorputza, ahotsa, materia, erritmoa... dena eraikitzen dute beraiek, eta horrek aberastasun handia ematen dio ikuskizunari», adierazi du Maiak. Aitor Beltran izan da dantzariei txalaparta jotzen irakatsi dien irakaslea. «Ikasle apartak izan dira. Erritmoa oso ongi ulertzen dute, eta horrek lana errazten du». Inprobisazioarentzat lekua badagoela esan du Beltranek, beti ere «alternantzian». Txalapartaren erritmoetatik abiatu ditu Rubiok mugimenduak,Beltrani bere beharrak azalduz, eta azken horrek musika tresnaren egurren bidez koreografoaren ideiak irudikatu ditu.

Ikuskizunaren lehen zatian txalapartaren erabilera handia da, interpretatzaileek hainbat erritmo ezberdin joko dituzte. Bigarren zatian, aldiz, protagonismoa galduko dute egurrek, baina txalapartaren «giza itunak» oinarri moduan jarraituko du, Rubioren ustez. «Gaur egun, gure gizartean, kontzeptu asko unibokoak dira, edo hori uste dugu. Dantzarekin esanahi gehiago lortzen ditugu, ikuspuntu berriak irekitzen dira, poesiak lortzen duen modura. Gure ikuskizunean ere errimak eta metaforak aurkitu ditzakegu, eta narratibak ez dizu bide bakar batetik eramango. Sentsazioekin enpatia sentiaraztea eragiten du dantzak», azaldu du Rubiok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.