Txalaparta zaharraren orroak

Ahotsa, txalaparta eta pianoa uztartzen dituen disko bat kaleratu dute IbonRG eta Enrike Hurtado musikariek: 'oMOrruMU baMAt'. Joxean Artzeren olerkigintzan oinarritu dira

Ibon Rodriguez —pianoan— eta Enrike Hurtado —txalaparta jotzen—, diskoaren aurkezpenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Piano nota gutxi batzuk hasieran; bat-batean, bi txalaparta kolpe; hortik aurrera, pianoaren eta txalapartaren doinuek bat egiten dute abestian, baina erabat josi gabe baleude bezala ageri dira. Ahots bat batzen zaio hurrena ausazko kantuari. Joxean Artzeren olerki bat du oinarrian Ibon Rodriguez musikariak —IbonRG izenez ezaguna— eta Enrike Hurtado musikari, ikertzaile eta software egileak sortutako 6452174 abestiak. Zenbaki hutsak erabili zituen idazleak poema taxutzeko; nahiz eta ahapaldiak eta estrofak antzeman daitezkeen eta errimak iradokitzen diren, ez du ageriko esanahirik. Zifra bakoitza pianoko nota batekin lotu dute, eta, txalapartarekin eta ahotsarekin ere, ausazko molde berari jarraitu diote kantua osatzeko.

Olerkia ikusi bezain laster erabaki zuten musikatu beharra zutela; alegia, forma aintzat hartuta, ez edukia. Eta irizpide berarekin hautatu dituzte, orobat, oMOrruMU baMAt (Repetidor, 2021) diskoa osatzeko erabilitako piezak. Artzeren poemagintzatik abiatu dira albuma egiteko, eta, musika esperimentalera jo duten arren, idazle «moderno eta abangoardista» izanik, haren poetikak «erraztu» egin die moldaketa, Rodriguezen hitzetan. «Egitura oso bitxiak dira. Ohiko kantuen formatua apurtzeko bide pila bat ematen ditu». Diskoko kantuetan oinarrituta ilustrazioak egin ditu Jon Martinek, biniloarekin batera datorren liburuxkarako.

Artze Usurbilen (Gipuzkoa) sortu, eta 2018ko urtarrilean hil zen; hala, urte hartako udan haren hitzen bertsio bat egiteko eskatu zioten Rodriguezi, Bilborock aretoan antolatu asmo zuten omenaldi baterako. «Argi nuen ez nuela bertsioen kontzertu bat egin nahi. Idazlea izateaz gain, txalaparta molde berri baten asmatzailea izan zen Artze». Hortaz, Rodriguezek erabaki zuen txalapartak presentzia izan behar zuela bere zatian, eta Hurtadorengan pentsatu zuen lehenik, hura ere txalapartaren «berritzailea» dela uste baitu .

2019ko urtarrilean izan ziren Bilborockeko kontzertua eta Donostiako beste bat; idazlearen heriotzaren urteurrenean, hain justu. Hogei bat minutuko errepertorio bat prestatu zuten propio, baina pieza batzuk kanpoan utzi behar izan zituzten, eta, emanaldien ondoren, lana puztuz joan zen; horiek horrela, eta konfinamendua ezarri berria zela aprobetxatuta, proiektuari heldu zioten ostera ere.

Txalapartaren gakoak

Artzeren olerkiak ez ezik, haren sortzeko manerak ere bereganatzea izan dute xede musikariek, artistaren «haragian jartzea», Rodriguezen hitzetan. «Ikuspuntu berberetik lan egiten saiatu gara: gauzak apurtzen, libre jokatzen, formaturik gabe», Hurtadok azaldu duenez. Joxean eta Jesus Artzek —besteak beste— txalaparta berrasmatu zuten, eta baserrietatik harago ezagutarazi, baina ondoren konbentzio batzuk errotuz joan dira, eta, urteekin, txalapartaren moldea urrundu egin da anaiek helarazi zutenetik, Hurtadok dioenez: «Aske izan ziren ia-ia existitzen ez zen zerbait eraikitzeko, baina, gero, oso gauza zurruna bilakatu da; librea izan behar duela dioen ikuspuntua berreskuratzen saiatu gara». Rodriguez: «Aztertzen zuten bi lagun nola aritzen ziren elkarrekin; batek erritmoa azkartzen badu, nola bultzatzen duen bestea ere hori egitera; ez zen batere akademikoa, ez zitzaien inporta jotzen ari ziren egurra zer motatakoa zen. Diskoan egurra presente dago, baina lekuko gisa soilik».

Rodriguezek dioenez, ez zaie interesatzen txalapartaren eta haren materialen irakurketa poetikoa. «Guretzat, lotura handiagoa du inprobisazioarekin eta musika serialarekin, bata bestearen atzetik egituratzen joatearekin. Oso efimeroa da, momentuan desagertzen da». Ildo horri jarraitu diote, horrenbestez, Hurtadok zehaztu duenez. «Txalapartari profesional batek agian esango luke gaizki jotzea dela. Inprobisazio librean garatzen da musika osotasunean, erritmorik gabe, tonurik gabe...». Rodriguez: «Erritmo bat sortzen bada, apurtu egiten dugu».

Inprobisazioak disko osoa blaitzen duen arren, nola edo hala, txalaparta soilik agertzen den hiru kantutan du pisu handiena: poMOliMIkiMI, suMUntsiMItuMU, eta eMEpeMEleMEaMA abestietan. Albumari titulua ematen dion olerkitik hartuak dira hitzok, Rodriguezek azaldu duenez. «Orain pentsatuta, tituluek badute txalapartaren kadentzia hori». Baldintza oso gutxi dituzte abestiok: besteak beste, zenbat egur taula erabili behar ziren eta kantuek gutxi gorabehera zenbat iraun behar zuten erabaki, eta, hortik abiatuta, inprobisatu, eta grabatutako saioetatik hiru hautatu zituzten diskoan sartzeko. Horietako hirugarrena ontzeko, zehazki, Hurtadok sortutako software bat erabili zuten: «Programak txikitu egiten ditu soinuak, eta zati horiek bata bestearen gainean jarri nituen, collage bat izango balitz bezala; erritmo arraroak sortzen ziren».

Aurrez aurrekoak martxan

Lanak duen inprobisaziozko oinarria gorabehera, hein batean zehaztua dute kontzertuen egitura: diskoan jasotako bertsioa interpretatuko dute, baina inprobisaziorako tartea gordeko dute, batez ere hiru kanta jakin horiek jotzean. Diskoan oinarritutako hainbat kontzertu egin dituzte jada, eta bihar izango dute hurrengoa, Usurbilgo Mikel Laboa plazan, 22:00etan. 2019an jotako kontzertuek jarraipena izan dute kaleratu berri duten diskoan, eta albumaren ondorengo emanaldiek ere ekarpena egin diote lanari. Rodriguezen ustez, «kontzertuak egin ahala, seguru gauza gehiago sortuko direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.