Literatura

Txalaparta: 35 urte literatur apologian

Txalaparta argitaletxeak 35 urte bete ditu, eta egoitza bat ireki du Iruñean. Orain arte Tafallan aritu dira batik bat.

Txalaparta argitaletxeko lantaldea, gaur, Iruñeko egoitza berrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko irailaren 22a
13:42
Entzun 00:00:0000:00:00

35 urte bete dira Txalaparta sortu zenetik, eta argitaletxeak badu zer ospatua. Batetik, bidean eginikoak: plazaratutako liburuak, ehundutako sareak, bultzatutako ekinbideak. Bestetik, sorterritik 30 bat kilometrora beste etxe bat eraiki izana. Txalapartak Tafallan (Nafarroa) eman ditu jaiotzetik gaurdainoko egunak, «saltus eta ager vasconum eremuek bat egiten duten mugan», eta, hain zuzen ere, kideek aldi berri baten hasiera iragarri dute gaur, 35. urteurrena baliatuz. Egoitzabat zabaldu dute Iruñeko Kale Nagusian, eta liburu denda gisa ere funtzionatuko du.

Kideek nabarmendu dutenez, Iruñeko egoitzak balioko du «komunitatetik gertu jarraitzeko eta topagune berri bat eskaintzeko». Azaldu dute horretarako aukera aparta dela «Euskal Herriaren bihotzean ere aritzea». Zehazki, argitaletxearen funts osoa eta beste askotariko zigiludun liburuak izanen dira. Txalapartak 2007an zabaldu zuen aukera beren online dendaren bidez Txalapartaz bestelako argitaletxe batzuen lanak eskuratzeko; orain, bertatik bertara ere egonen da hori egiterik. Astelehenetik ostiralera egonen da zabalik.

Goizeko ospakizunean, Mikel Buldain argitaletxearen kudeatzaileak eta Garazi Arrula editoreak hartu dute hitza. Txandaka, Txalapartaren bidearen atzera begirakoa egin dute. Atzetik aurrera. «1984an, Tafallako kuadrilla batek erabaki zuen herriaren memoria historikoa bildu beharra zegoela. Altaffaylla elkartea sortu zuten, eta editatzeari ekin. Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua plazaratu zuten, arrakasta izan zuen, eta huraxe izan zen Txalapartaren ernamuina», kontatu du Buldainek.

Paperetara ekarritako hitzak

Arrulak esplikatu duenez, Txalapartak 1.500 titulu baino gehiago argitaratu ditu –euskarazkoak eta gaztelaniazkoak aintzat harturik–. «Gainera, hiru milioi ale baino gehiago banatu eta zabaldu ditugu han-hemenka», erantsi du editoreak. Halaber, beste argitaletxe batzuekin dituzten harremanen erakusgarri, ehun liburu baino gehiago editatu dituzte beste batzuekin elkarlanean.

Halaber, biek ala biek nabarmendu dute denborak aurrera egin izanak ez dituela lausotu sorreratik presente diren zenbait ezaugarri. «Lantegi eta sindikatu giroa dute argitaletxeen sortzaileek odolean, eta, hastapen horietatik, lan egiteko modu bat ezarri zen. Jasangarritasunarekin konprometitua, ekonomia solidarioa sustatuz, lankidetzatik eta ez lehiatik lan eginez, txikien arteko baturaz argitaletxe handiei aurre egiten ahal diegula erakutsiz», esplikatu du Arrulak.

Argitaletxekoek iradoki dutenez, hizketaldi motz batean nekez bil daitezke Txalapartak plazaraturiko sinadura guztiak, baina lagin bat nabarmendu du Arrulak, bertakoak eta atzerrikoak azpimarratuta: «Marcela Serrano, Noam Chomsky, Gioconda Belli, Annie Ernaux, [...], Harkaitz Cano, Laura Mintegi, Joseba Sarrionandia, Irati Jimenez, Oier Guillan...», jarri ditu adibide.

«Eta nola ahaztu konpainia txarrak», bota du Arrulak, irribarrez. «Gurean baititugu, adibidez, Salvador Allende, Gerry Adams, Angela Davis eta gure Lucio Urtubia maitea».

Hala, 35 urteotako «apologia» egiten dutela nabarmendu dute Txalapartakoek. Argitaletxeak eginiko urteena, eta urte hauetan guztietan beren liburuetan bildu dituzten ideia eta auzi askorena. Hori azaltzeko, adibide errenkada luzea bota dute segidan, eta honela bukatu du zerrenda editoreak: «Eta artearen eta literaturaren edertasunarekin mundua aldatzen saiatu direnen apologia. Bai eta matxinadaren zakartasunaren saiatu direnena ere. Eta gure Euskal Herriaren apologia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.