Turisten neurriko kultura

Turismoan jarri dute mira iazko eta aurtengo Europako kultur hiriburuek; bisitari gehiago batzea dute denek helburu.Pilsen eta Mons dira 2015ekoak

2014ko kultur hiriburutza urtarrilaren 18an egindako festa handi batekin hasi zuen Rigak. VALDA KALNINA / EFE.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
«Arrakasta itzela» dauka Europako Kultur hiriburutzaren egitasmoak, Androulla Vassiliou Europako Hezkuntza, Kultura, Eleaniztasun eta Gazteria Batzordeko komisarioaren irudiko. Dioenez, urtez urte, gero eta hiri gehiagok aurkezten dute beren burua hautagaitzat. «Kultur baliabideak erabiltzeko eta epe luzera sustatzeko aukera ezin hobea da hiriburutza».

Oro ez da urre, ordea. Iaz hiriburutza izan zuen Umea hiriari (Laponia), adibidez, bertakoen kultura folklore bihurtzea leporatu diote. Bide beretik, ahots kritikoek turismoaren gorakadak ehundura sozialean ekar dezakeen arriskuez ohartarazi eta kultura «merkantilizatzen» ari dela salatu dute.

Aurten, Pilsenek (Txekiar Errepublika) eta Monsek (Belgika) izango dute Europako kultur hiriburu izateko ardura, eta egitarau zabala prestatu dute biek ala biek. Zirkuan, garagardoan eta barroko garaian oinarrituko dira Pilsenen, eta teknologian eta Van Goghen eta Paul Verlaineren ondarean, berriz, Monsen.

UMEA (LAPONIA). 2014

Finlandiako, Errusiako, Norvegiako eta Suediako estatuen artean bizi da laponiar herri indigena —sami izenez ere ezaguna—. Hain justu, samien hirietako bat da Umea. Baina laponiarrek estaturik ez dutenez, Suediaren administrazio eremuan dago, eta suediar agintariek indigenen kultura erabiltzea erabaki dute kultur hiriburu gisa promozioa egiteko. «Samien bizitzari buruz hitz egin nahi dugu», esan du Anne Woulab antolatzaileak. Eta horregatik, «laponiar herrixka itxura» eman zioten urte hasieran metropoliari. Erabakiak ez ditu urak bare utzi. Hainbat indigena talde kritiko mintzatu dira, haien kultura folklorizatu dutelako.

45 milioi euroko aurrekontua izan du egitasmoak, eta 300 ekintza baino gehiago egin dituzte. Gutxi gorabehera 117.000 biztanle dituen hirira 200.000 bat bisitari joan dira aurten.

RIGA (LETONIA). 2014

200 ekintza baino gehiago prestatu dituzte Rigan, Europako kultur hiriburutza edukiz josteko. Dena sei arlotan banatuta: zinema, antzerkia, musika, literatura, artea eta ingurumena. Horien artean, nabarmenetarikoa izan da inprimatutako liburuaren 500. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa, eta abenduan bertan egindako Europako Zinema sarien jaialdia.

Urte osoan, kulturaren «indar positiboa» azpimarratu nahi izan dute egitarau oparoa eskainiz, Aiva Rozenberga programazio zuzendariak adierazi duenez. Eta ildo beretik, Letonia mapan paratzeko ahaleginak egin dituzte: «Herrialdeak Europan daukan tokia sendotzea da gure helburuetako bat».

Datuei so, erdietsi dute xedea. Izan ere, gora egin du nabarmen turismoak: %15 eta %20 inguru. 24 milioi euroko aurrekontua erabili dute proiektua gauzatzeko.

PILSEN (TXEKIAR ERREPUBLIKA). 2015

Urtarrilaren 17an estreinatuko du Pilsenek Europako kultur hiriburu izendapena. Akrobatak, musikariak, malabaristak... kalejiran abiatuko dira kaleetan barrena irekiera zeremonian. Ordutik, urte osoa izango dute hiritarrek makina bat ekitaldiz gozatzeko; 600 ekintza muntatu dituzte —420 milioi euroko aurrekontua dute—. Esanguratsuena uztailean eta abuztuan egingo duten barrokoaren antzerki eta dantza jaialdia da, besteak beste, eta Le Cirque Nouveau zirku emankizuna. Gainera, garagardoaren kulturari ere balioa emango diote, eta bisitaldi mordo bat antolatu dute tokiko museoetara.

Antolatzaileek nabarmendu dute turismorako bultzada izango dela izendapena. Hiru faktoretan izango du eragina, haien ustetan: bisitari gehiago izango dituzte; denbora gehiago pasatuko dute hirian; eta, horrekin lotuta, gau gehiago ere igaroko dituzte. JiÞi Sullenko hiriburutzaren zuzendariak argi utzi du jendea bertaratzea dela helburuetako bat: «Ez dugu soilik Pielseneko herritarrengan arreta jarri; herrialdeko gainontzeko biztanleei begira eta munduari begira ere prestatu dugu».

MONS (BELGIKA). 2015

Meatze gunea zen Mons orain dela urte batzuk; ikatzaren erabilpenak behera egiteak, ordea, larri utzi zuen herria. Aldiz, 2010ean, Googlek europar egoitza zabaldu zuen han, eta hark utzitako arrastoa segitu zuten beste multinazional askok, eta hortxe ireki zituzten lantegiak. Hala, punta-puntako teknologian murgilduta bizi da egun 93.300 bat biztanle dituen herria.

Kulturak eta teknologiak bat egiten duten tokia da, hain zuzen, aurtengo kultur hiriburutzari eusteko aukeratutako leloa. 100 ekitaldi prestatu, eta 4.000 sortzailetik gora gonbidatu dituzte. Bestalde, Van Goghen eta Paul Verlaineren obrak ekarriko dituzte gogora. Eraikuntzari dagokionez, museoetan hamaika erakusketa jarriko dituzte. Era horretan, bi milioi turista joatea espero dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.