Musika

Tu-k: berpizkunde baten atarian

Tu-k taldeak 'Tuka esaten da' biniloa kaleratu du. 1980ko hamarkadan kaleratutako bi maketak eta argitaratu gabe geratutako hiru kanta biltzen ditu lanak. Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik berpiztu dute proiektua, eta zuzenekoak ere egingo dituzte.

Josu Aranbarri eta Txomin Uribe, Tu-k taldeko kideak. TU-K
Josu Aranbarri eta Txomin Uribe, Tu-k taldeko kideak. TU-K
Inigo Astiz
2024ko azaroaren 8a
05:10
Entzun

Piztiak izena hartuko zuten gero, eta, horregatik, hasiera data ez ezik, itxiera data zehatza ageri da Tu-k taldearen biografian Badok atarian: «Tu-k, Ondarroa (Bizkaia), 1985-1989». Baina azken datu hori dardarka jarri dute orain Txomin Uribe eta Josu Aranbarri musikariek. Taldearekin urte haietan kaleratutako bi maketak berreskuratu —Existentzia (1987) eta Beltza (1989)— eta osorik digitalizatu eta masterizatzeaz gain, sasoi hartan argitaratu gabe utzitako hiru kanta ere grabatu dituztelako, eta binilo batean bildu dutelako guztia. Hamahiru kanta denera. Tuka esaten da deitu dute bilduma, eta, behin kantak berpizten hasita, zuzeneko emanaldi sorta bat ere iragarri dute, proiektua berpizkundearen atarian utzita.

Plaiko hatxetan kantaren bideoklipa.

Uribek eta Aranbarrik onartzen dutenez, rara avis bat izan zen Tu-k 1980ko hamarkadaren erdialdeko eszenan. Bateriarik gabe, Uribek programatutako erritmo kutxa bat erabiltzen zuten oinarritzat, eta energia handiko pop musika eginez hasi zuten ibilbidea, melodia distiratsu eta testu luze eta poetikoekin. Juan Carlos Perez musikariak grabatu zien lehen maketa, baina, Itoizen eragina ez ezik, Talking Heads, The Chameleons, The Cure, The Smiths zein Bauhaus taldeen musikaren tantak ere igar daitezke haien kantuetan. Zuzenekoak ere bereziak izaten zirela gogoratu dute musikariek, gainera, diapositibak ere proiektatzen zituztelako emanaldiek iraun bitartean.

«Bere sasoian Tu-k-ren kontzertuetan jendeak martzianoak bagina moduan begiratzen zigun»

JOSU ARANBARRIMusikaria

«Bere sasoian jendeak martzianoak bagina moduan begiratzen zigun», gogoratu du Aranbarrik. Eta barrez hasi dira bi musikariak gero, Uribek euren lehen kontzertuetako baten kartela gogora ekarri duenean. «Ostiralean kontzertua: Tu-k, Nahaste Borraste, La Polla Records eta Delirium Tremens».

«Ez zen asko apreziatzen zen musika bat», onartu du Aranbarrik, «eta batzuek hori erakutsi egiten zuten. Beste batzuei berdin zitzaien, eta geuri bere berdin zigun. Guk denetatik entzuten genuelako, eta normaltasunez eramaten genuelako estilo bat edo bestea entzutea. Denek horrela eramango zutela pentsatzen genuen, baina ez. Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez». Uribe: «Ez dakit denboran arinegi hasi ote ginen Tu-k-n edo beste pentsamendu bat geneukan, baina oraintxe hainbat taldek antzeko gauzak egiten dituzte, eta nik uste ondo sartzen dela Tu-k».

«Ez dakit denboran arinegi hasi ote ginen Tu-k-n edo beste pentsamendu bat geneukan, baina oraintxe hainbat taldek antzeko gauzak egiten dituzte, eta nik uste ondo sartzen dela Tu-k»

TXOMIN URIBEMusikaria

Hain justu ere, Tu-k taldearen proposamenaren gaurkotasuna nabarmendu du Nakar taldeko Xalba Ramirezek, esaterako, Argia aldizkarian argitaratutako artikulu batean. «Retroa bueltan delako akaso, baina freskoak dira oraindik kantak, nola da posible denboran bidaia hau?».

Eta, Aranbarrik eta Uribek diotenez, Ramirezena ez da aipamen bakarra izan. «Feedbacka oso ona izan da», esan du Aranbarrik.

Tu-k taldearen Tuka esaten da diskoaren azala.
Tu-k taldearen Tuka esaten da diskoaren azala.

Jose Lastrak lagundu ditu maketako kantak berriz masterizatzen, eta Tio Pete estudioan grabatu dituzte orain arte inon argitaratu gabe zeuden hiru abestiak. «Maketan geure medioekin grabatu genituen», gogoratu du Aranbarrik, «eta, orain, geure musika entzun nahi genuen moduan grabatu ahal izan ditugu hiru kantak. Oso polita izan da».

«Kontxo, akordatzen naiz!»

Plaiko hatxetan, Argi gorrizko faroa eta Zeharka dira hiru kanta horiek, eta biniloaren amaieran batu dituzte.

Aranbarrik zehaztu duenez, esaterako, taldearen hasiera-hasierako kantetako bat da Plaiko hatxetan. «Taldearen ‘presa handia daukagu’ espiritua du», zehaztu du musikariak. Dioenez, taldeak bere nortasuna ezarriago sentitzen zuen sasoi baten isla da Argi gorrizko faroa abestia, eta, aldiz, taldea bukatzen ari zen sasoiaren lekukotza da Zeharka. «Hor ikusten da jada Piztiak datorrela».

Uriberen etxean egindako grabazio batzuk baino ez zituen taldeak, eta horiei tiraka atera dituzte hiru abestiok. Grabatzea erabaki zuten lehenik, eta orduan sortu zitzaien zalantza, Aranbarriren hitzetan. «Baina orain ba al dakigu ba hau jotzen?». Eurak ere harritu ziren erantzunarekin. «Sinesgaitza da; buruak ez zekien, baina atzamarrak bai. Derrepentean, memoria muskularrak-edo gogoratu egin zituen, jo barik ez dakit zenbat urte eman ondoren. Piztiak-ekin ez ditugu kanta horiek inoiz berriz hartu, baina hasi, eta bai, kontxo, bai, akordatzen naiz!».

«Ondarroan eta 1980ko hamarkadan daude idatzita kantu horiek, 'jakoa' sartu zenean. Kristoren sormena zegoen hasieran, eta desastre bat izan zen gero. Kantuen hitzetan hori dena ikusi egiten da»TXOMIN URIBEMusikaria

Hasieran, materiala berreskuratzea zen taldekideen asmoa, baina kantak jotzen hasi, «gaztetu edo», eta zuzenean aurkeztera ere animatu dira azkenean. Jatorrizko erritmo kutxaren soinu berak errekuperatu ditu horretarako Uribek, eta zuzenekoetan erabiltzen zituzten diapositiba zaharrak berreskuratu eta digitalizatu ditu Aranbarrik. «Ilusionatuta gabiltza», onartu dute.

Piztia bilakatzen

Uribek eta Aranbarrik hasi zuten taldea 1980ko hamarkadan, baina berehala batu zitzaien Ander Ibarloza tronpeta jotzailea, bai eta Bernard Ituarte gitarrista eta Justo Urkiri teklatu jolea ere. Hirukote modura arituko dira orain, Markel Uribe Lasa gitarra jotzailearen laguntzarekin.

Tu-k taldeko kideak 1980ko hamarkadako argazki batean. TU-K
Tu-k taldeko kideak, 1980ko hamarkadako argazki batean. TU-K

Taldearen hitzek duten gaurkotasuna ere aipatu dute musikariek. Uribek eta Aranbarrik ez ezik, sasoi hartan 16 urteen bueltan zebilen Kirmen Uribe idazleak idatzitakoak dira haietako asko, eta haien sakontasuna aipatu dute Tu-k taldeko kideek. «Iruditzen zait ez direla batere zaharkitu», esan du Aranbarrik. «Baina ez naiz oso objektiboa, noski!». Eta Uribek, umorez. «Aktualak bai, baina luzeak eta konplikatuak berriz akordatzeko!». Eta serioago berriz gero. «Ondarroan eta 1980ko hamarkadan daude idatzita kantu horiek, jakoa sartu zenean. Kristoren sormena zegoen hasieran, eta desastre bat izan zen gero. Hori dena bizi izan genuen guk, eta kantuen hitzetan hori dena ikusi egiten da».

Erritmo kutxarekin jotzea zen taldearen nortasun ikurretako bat, baina musikariek onartu dute «gogorra» eta «hotza» ere bazela hori, eta bateria bat txertatzen saiatu ziren hainbat denboraz. Gainera, Aranbarrik onartu du euren mundu propioan «murgilduta» zeudela ere; «eta ito egin ginen. Beste bide berri batzuk nahi genituen jorratu». Taldean bateria txertatu, soinua rockerantz eraman, eta, azkenean, Piztiak taldean urtuz desegin zen Tu-k taldearen proposamena. Edo bai, behintzat, orain arte.

Kontzertuak

  • Abenduak 8: Ahotsenean, Durangon (Bizkaia). 
  • Abenduak 14: Uhagonen, Markina-Xemeinen (Bizkaia).
  • Abenduak 26: Biran, Bilbon.
  • Abenduak 28: Donibaneko kultur aterpean, Pasai Donibanen (Gipuzkoa).
  • Urtarrilak 25: Zubipuntan, Erratzun (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.