Askotariko erritmo eta doinuak nahasten dira urtero Getxo Folk jaialdian. Hainbat herrialdetako folklorea eta musika estilo ezberdinak uztartzen dituzten emanaldiak jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat izan dira urteotan. Eta ezaugarri hori bete-betean hartzen duen lana taularatuko dute gaur hainbat estilotako musikariek, elkarlanean. Sustraiak ikuskizuna aurkeztuko dute Ara Malikian biolinistak, Fernando Egozcue eta Jose Luis Monton gitarra jotzaileek, eta Oreka TX zein Kalakan taldeek. Txalaparta hartu dute denek oinarri lana osatzeko.
Jaialdiak berak musikariei eginiko proposamen batetik sortu da ikuskizuna, Oreka TXeko Harkaitz Martinez de San Vicentek BERRIAri azaldu dionez. «Jaialdiko zuzendari Marta Herrerak beti izaten du gustuko gauza berriak eskaintzea, eta gogoa zuen horrelako zerbait martxan jartzeko». Kalakan-ekin bai, baina Malikian, Egozcue zein Monton artistekin ez ziren inoiz elkarlanean aritutakoak Oreka TXkoak; hala, oso ezberdinak izanik, bakoitzaren errepertorioak nahastea izan da erronka, eta «askotariko» ikuskizuna izango dela iragarri du Martinez de San Vicentek. «Malikian eta Egozcue elkarrekin duten duo horretan oinarrituko dira; Montonek, berriz, flamenkotik abiatuta Malikianekin zerbait egingo du; Kalakan-ek gehiago joko du a cappella aritzera; eta guk Silex gure azken diskoan oinarritutako kanta batzuk aurkeztuko ditugu». Baina musikariarentzat, «esanguratsuena, dudarik gabe», denek elkarlanean prestatu dutena izango da.
Oreka TXen piezak hartu dituzte oinarri Malikianek, Egozcuek eta Montonek kanta berriak sortzeko. Beraz, txalaparta izango dute oinarri sorkuntza partekatu horiek. «[Malikianek] Txalaparta ezagutzen zuen lehendik, gure lana agian ez hainbeste, eta haiek agian horregatik enfokatu nahi izan dute horrela; gu prest geunden haien kantuetan oinarrituta lan egiteko, baina interesgarria iruditu zitzaien haiek gure estiloa bereganatzea». Bakoitzaren ildoa «oso markatua, tradizionala baina joera berriekin» uztartutakoa izanik, ikuskizuna «oso sustraikoa» izango dela dio.
Orain arte, elkarrekin piezak trukatzen eta haietan bakoitzaren ekarpena erabakitzen aritu dira musikariak, eta norbera bere kabuz aritu da lanean. «Gero eta arituagoak gara horretan. Gaur egun, entseguetan edozer grabatu, eta, aldaketa hau edo beste sartu behar bada, segituan bidal dezakezu». Bataren zein bestearen emanaldietan ere elkartu izan dira proiektuaz hitz egiteko. Atzo, berriz, estudio batean elkartzekoak ziren, orain arte landutakoa partekatu eta kontzertuaren aurretik «sortzen den magia hori» probatzeko. «Benetako momentua, azkenean, agertokia izaten da halakoetan; hor gertatuko da topaketa, hor sortuko da aberastasuna». Printzipioz, gaurkoa izango da emanaldi bakarra, baina, aukera sortuz gero, ez dute baztertzen errepikatzea.
Jaialdiak, hiru hamarkada
Ibilbide luzea egina du Getxo Folk jaialdiak; hogeita hamar urte beteko ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, Sustraiak ikuskizunaz gain, hamaika artistak osatutako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Areetako Geltokia plazan izango dira kontzertu nagusiak. Horien artean, Chambao talde espainiarra ariko da bihar, flamenkoa eta chill out doinuak uztartuz. Afrikako eta Karibeko erritmoak entzuteko aukera izango da hurrengo egunean, Osibisa taldearen eskutik. 1969an Londresen sortu zuten taldea lau musikari afrikarrek eta hiru karibearrek, eta 70eko urteetan lortu zuten arrakasta handiena. Nazioartean ezagun egin zen lehen talde afrikarretako bat izan zen.
Saio nagusien artetik, Capercaillie talde eskoziarrak igandean eskainiko duena izango da azkena. Hogeita hamar urteko ibilbide oparoa atzean izanik, zeltar musikaren erreferenteetako bat da. Gaeliko eta ingelesezko kantak tartekatu dituzte orain arte ondutako 14 diskoetan. Zeltiar doinu tradizionalak molde berriekin eta instrumentazio elektrikoarekin uztartzen jakin dute urteotan.
Plaza ondoko aparkalekuan, Gaztela eta Leongo doinuak zein Argentikako tangoak entzun ahalko dira, besteak beste. Doakoak izango dira kontzertu horiek, eta arratsaldez. Saio nagusiak amaitzean, bestalde, askotariko doinuak entzuteko aukera izango da Munduko Terraza deritzon gunean, tartean, La Niña del Caboren flamenco jop —folklorea, flamenko jazza eta rapa uztartzen dituena—.
Ttakunak oinarri hartuta, elkarlanean
'Sustraiak' ikuskizuna taularatuko dute Ara Malikian, Oreka TX, Kalakan, Jose Luis Monton eta Fernando Egozcuek gaur, Getxo Folken
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu