Donald Trumpek Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi zituen egunean bertan, Arte Ederren Fakultateko ikasleak etorri zitzaizkigun graduazio ekitaldia eskatzera. Orduan konturatu nintzen zein hurbil daukagun pertsonaia hori boterera bultzatu duen gizartea. Badakit bi gertaera horiek ez dutela harreman zuzenik, baina buruak horrelako loturak egiten ditu, eta nireak biak elkartu zituen.
Esan behar dut Arte Ederren Fakultatearen graduazio ekitaldia Gradu Amaierako Lanen erakusketa dela. Beti iruditu zaigu erakusketa dela arte gradu bati bukaera emateko modurik egokiena. Orain ikasleek eskatzen dutena beste fakultateetan azken urteetan modan jarri den Disney filmetakoen motako graduazio ekitaldia da. Ameriketako Estatu Batuetako filmetan azaltzen diren ekitaldiak dira eredu moduan gure ikasleek buruan dutena. Amodio erromantikoaren ondorioa ezkontza ederrak badira (ederra zer den Hollywoodeko zinemak erakutsi digu), unibertsitate ikasketen amaiera logikoa graduazio ekitaldi eredugarria izango litzateke (betiere, filmetan azaltzen diren horietakoen antzekoak).
Badakit garaiak asko aldatu direla eta azkenean amore eman beharko dugula, baina indar pixka bat egin behar dugula iruditzen zait inboluzioa iruditzen zaigun urrats horren aurrean. Badakit Arte Ederren ikasleen berezitasuna edo desberdintasuna ilusio faltsua zela; uste baino arruntagoak dira eta beste gazteak bezain uniformizatuak daude bai iruditerian, bai interesetan, baina oraindik ezin dut sinistu Arte Ederren Fakultatean ikasten ari den ikasle batek nahiago izatea graduazio ekitaldi ohikoa, diru horrekin kulturarako eta aisialdirako antolatzen diren ekitaldiak baino. Hori al da arte ikasle baten ilusioa? Genero estereotipoak betetzen dituzten jantzi dotoreekin (mutilek trajeak eta neskek soineko luzeak) benetakoak ez diren tituluak agintariengandik jasotzea?
Pizzak eta hanburgesak jaten ditugu, mozkortzera hil arte irteten gara asteburuetan, ahal bada norbaiten etxean edo hiri bazter bateko kale gorrian, jatekoa etxera eramaten digute, pantaila bati lotuta ditugu begiak, bizitza guztia iraungo duen bikotekidearekin ezkontza polita ospatzearekin amets egiten dugu eta gure ikasketen amaieran txapel historiko bat airean gora bota nahi dugu. Eskerrak unibertsitatearen eta artearen helburua iritzi kritikoa bultzatzea dela; Trump bezalako norbaiti botoa ematea da falta zaiguna.