Tronpetarekin eztul egitea

Txaranga Urretabizkaia taldeak performancearen eta esperimentazioaren artean dabiltzan 90 konposizioren baino gehiagoren partiturak bildu ditu 'Partiturak/s' liburuan

Txaranga Urretabizkaia taldeko zenbait kide, Bilboko Aire arte galerian, beren konposizioak biltzen dituen liburua aurkezten. FOKU.
Inigo Astiz
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Pieza hau 50 urte barru joko da, 2070ean. Ordurako, gutariko asko hilda egongo gara». Balio dezake Jon Mantxik konposatutako Berrogeita hamar urte barru izeneko piezak Txaranga Urretabizakaiaren proposamen estetikoaren erretratua egiteko. 2017an sortu zuten taldea, eta ordutik 2020ra arte konposatutako piezen hautaketa bat eman dute argitara orain: Partiturak/s (Popurrit). Performancearen eta esperimentazioaren artean dabiltzan 90 konposizio baino gehiago dakartza bildumak, eta taldeak zuzenean eskainitakoak dira erdia inguru. Irakurleak nekez topatuko du bertan pentagrama eta noten irudikapen konbentzionalik, ordea, kasurik gehien-gehienetan taldekideek egin beharreko mugimenduei eta piezaren azken helburu poetikoei buruzko oharrek osatzen baitituzte partiturak. Ko-jotzen izeneko piezan, kasu. «Musikariak multzoan, hiru lerrotan jarrita. Musikari bakoitzak aldamenekoaren instrumentuko pistoiak jotzen ditu bere instrumentuan putz egiten duen bitartean. Guztiak lotuta gelditzen dira. Denen artean zentzua duen zerbait jotzen saiatuko dira, aurrez entseatu gabe».

Hamabost kide ditu egun taldeak, baina aldatuz joaten da kopurua aldiro, eta, beraz, ez da beti finkoa izaten zerrenda. Taldeko kide dira, besteak beste, Amaia Molinet, Fernando Gomez, Luis Andre, Luis Candaudap, Mila Dolz, Miren Barrena, Pablo Lajo, Jon Mantxi, Terri Florido, Fito Ramirez-Escudero, Sara Padilla, Unai Requejo, Ibon RG, Myriam Rzm eta Fernando Ulzion, eta eurek sortutako partiturak bildu dituzte liburuan.

Mantxi lehen unetik izan da kolektibo aldakor horretako kidea, eta, esan duenez, hasieranemanaldi bakar baterako sortu zuten taldea, eta saioz saio osatutako lau urteko ibilbidea errepasatzeko balio izan die liburuak. «Fanzine bat egitea zen gure asmoa, baina ikusi dugu partitura asko zeudela, eta liburu forma eman diogu».

Mugimendua eta espazioa

Musikariak Fluxus mugimendu artistikoa eta Scratch Orchestra talde esperimentala aipatu ditu erreferentziatzat, haiek ere pentagramarik gabe sortu zituztelako konposizioak, musikariei segitu beharreko jarraibide sorta bat zehaztuz. Mantxiren hitzetan, gainera, joko duten nota multzoaz harago, joko duten hori nola joko duten ere zehazteko aukera eskaintzen die horrek. «Haize instrumentuek eta txaranga formatuak aukera ematen digu espazioan mugitzeko, eta hori askatzailea izan da guretzat. Soinuak mugimenduan egoteak aberastasuna ematen du, eta esparru hori lantzen dute partituretako askok. Mugimendua eta espazializazioa garrantzitsuak dira guretzat».

Umorea gailentzen da konposizio askotan, baina badira koreografia konplexuak zein entzuleekiko hartu-eman zuzena proposatzen duten piezak ere. Omenaldiarekin nahasian doa irribarrea, esaterako, Ennio Morricone hil zen egunean bertan konposatutako Lokotxa biltzen izeneko piezan. «Instrumentuak lerro zuzenean desmuntatuta, zati bakoitza bi metroko distantzian; lokotxa biltze jokoan bezala. Desmuntatutako tresna bakoitzak lerro paralelo bana sortuko du, euren arteko bi metro inguru utziz. Musikariak korrika hasi, zati bat hartu, plazaren beste aldera ekarri,eta tresna muntatzen joango dira. Bukaeran, Ennio Morriconeren The Mission doinua jo».

Sorpresa da txarangaren beste motorretako bat. Mantxi: «Normalean ez dakigu nola geldituko den, edo zer gertatuko den emanaldi bakoitzean edo pieza bakoitzean. Kasualitateak sortzen dira, eta horri irekita egotea da ideia».

Broma modura sortu zuten izena: Arantxa izenak eta txaranga hitzak zuten antzekotasunari tiraka. Horregatik eskatu zioten hitzaurrea Arantxa Urretabizkaia idazleari. «Askotan egiten ditugu halakoak», onartu du Mantxik, «txorakeriak proposatu, eta gero aurrera egin eta gauzatu». Bidali zioten, beraz, proposamena; hark onartu, eta aurrez beste inon argitaratu gabeko Sorterria poemarekin hasten da liburua.

Kartoi banda helburu

Ez da idazleari egindako keinu bakarra. Justu liburuaren bukaeran dator Miren Barrenak konposatutako Zergatik panpox pieza, idazlearen aipu batetik abiatuta: «Eztulak tronpeta batek baino soinu gehiago egiten du». Partituraren arabera, musikarien organismoa musika bilakatzea da helburua, kasu honetan. «Komeni da negua edo alergiak eta katarroak ohikoak diren garaia izatea. Musikari bakoitzak eztulka hasi arte itxarongo du, eta orduan, ahokoa ahoan jarri eta musika bat sortuko du. Ziurrenik pieza minimalista izango denez, soinu baino isiltasun gehiagorekin, musikariak ere distantzia handi batera jarriko dira, espazioa soinuarekin koherentea izan dadin. Horrela, kutsatzeak ere saihestuko dira».

Euskaraz eta gazteleraz datoz liburuko jarraibide guztiak, eta musika egiten jarraitzeko proposamena ere badela gogorarazi du Mantxik. «Irakurtzeko ez ezik, edonork jo dezan ere pentsatuta dago liburua, edozein tresnarekin. Probatu behar diren zerbait dira partiturak».

Haize tresnarik jotzen ez dakitenengana ere iritsi nahi dute orain Txaranga Urretabizkaiako kideek. Horretarako, azaroko ostegunetan beren lan metodoari buruzko tailer bat antolatu dute Bilboko San Frantzisko auzoko Sarean elkartean, eta kartoi banda bat sortu nahi lukete hortik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.